NAIZ
Donostia

Asmi Molina Fernandez intersex ekintzaileak jasoko du Zilarrezko Gehitu saria

Intersexualitate motaren bat duten pertsonen eskubideen alde egin duen ekarpen nabarmenagatik, Zilarrezko Gehitu saria jasoko du Asmi Molina Fernandez intersex ekintzaileak. Pertsona hauen ikusgaitasuna areagotzen laguntzeaz gain, hauentzat erreferenteak sortzen laguntzea aitortu zaio.

Asmi Molina intersex ekintzaileak kolektiboari ikusgarritasuna ematearren lan handia egin du.
Asmi Molina intersex ekintzaileak kolektiboari ikusgarritasuna ematearren lan handia egin du. (Endika PORTILLO | FOKU)

Bere ibilbidean LGTBIQ+ komunitateari babes publikoa eman dion pertsonari, elkarteari, administrazioari edo erakundeari ematen zaion garaikurra da Zilarrezko Gehitu Saria eta elkarteak astelehen honetan iragarri duenez, Asmi Molina Fernandez intersex ekintzaileari emango zaio.

«Intersexualitate motaren bat duten pertsonen eskubideen alde egin duen ekarpen nabarmenagatik, eta bere aktibismoarekin pertsona horiek oraindik ez dituzten ikusgaitasuna areagotzen eta erreferenteak sortzen laguntzeagatik» jasoko du errekonozimendua asteazken honetan, Gehituk Donostian duen egoitzan.

«Kolektibo gisa oraindik ditugun erronka izugarriei aurre egiteko, konpromiso pertsonala ezinbestekoa dela gogoraraztea inoiz baino beharrezkoagoa den une honetan, etenik gabeko konpromisoaren eredu da Asmi, baita zailtasunak gainditzearen adibide ere», adierazi du Gehituk ohar bidez.

Elkartearen ustez, bere lana aitortzea «bereziki komenigarria da une honetan», ez bakarrik Gehituk duela gutxi txertatu duelako elkartearen definizioan Intersex kolektiboaren i letra, baita orain aurkeztuko delako Euskal LGTBI+ Lege Integralaren testu proposamena ere, hain zuzen, Gehituren parte-hartzearekin prestatu dena.

Testu horren idazketa prozesuan, gainera, Asmi Molinak «ekarpen nabarmena» egin du. Ildo beretik, joan den maiatzean aditu gisa parte hartu zuen Gasteizeko Legebiltzarrean, Transexualak Genero Identitateagatik Ez Baztertzeari eta Haien Eskubideak Aitortzeari buruzko Legea aldatzeko Proposamenari ekarpenak egiteko.