NAIZ

Alexander Sorloth, Nikosian jokatzeko moduan

Alexander Sorloth, sukarra zela eta, ez zen jokatzeko moduan izan Valladolideko partidan. Reala astearte honetan itzuli da entrenamenduetara Omonia taldearen aurkako dema prestatzeko eta Norvegiako jokalaria normaltasunez entrenatu da. Hala, ostegunean, Nikosian, jokatzeko moduan izango da.

Alexander Sorloth, Sheriffen aurkako partidan, Anoetan.
Alexander Sorloth, Sheriffen aurkako partidan, Anoetan. (Jon URBE | FOKU)

Reala astearte honetan itzuli da entrenamenduetara ,ostegunean, Nikosian, Omoniaren aurka jokatuko duen partida prestatu asmoz. Garaipen batekin, multzoko lehen postua ziurtatzetik gertu geratuko litzateke talde txuri-urdina –Manchester Unitedek ere irabaziz gero, azken jardunaldian erabakiko da– eta hori borrokatzeko moduan izango da Alexander Sorloth. Norvegiarra, sukarra zela eta, deialditik kanpo geratu zen Valladolideko partidan.

Astearte honetan eginiko lan saioan normaltasunez aritu da Trondheimeko jokalaria eta beraz, bihar Imanol Alguacil teknikariak emango duen deialdian izatea aurreikusten da. Denboraldi hasiera ikusgarria ari da egiten –bost gol, orotara; hiru ligan eta bi Europa Ligan– eta ez litzateke harritzekoa hasieratik jokatzen badu ere.

Jonathan Gomez, Jon Magunazelaia, Pablo Marin, Urko Gonzalez de Zarate, Unai Marrero, Jon Karrikaburu eta Aritz Arambarri bigarren taldeko jokalariekin osatu du astearte honetako entrenamendua Imanolek. Jonathan Gomezek aukerak izan ditzake Diego Ricok atseden behar duela irizten badu teknikari oriotarrak; izan ere, Aihenek min hartu zuenetik, bi partida jarraian eta minutu guztiak jokatu baititu Burgosko hegalekoak.

Silvaren lesioak ere ateak ireki diezaieke Pablo Marin -Valladoliden minutu gutxi baina onak jokatu zituen– eta Jon Magunazelaiari –bigarren taldearekin denboraldi hasiera ona ari da burutzen–. Dena dela, kanariarraren hutsunea betetzeko beste aldaera anitz ditu eskuartean Imanolek. Alde batetik, Braisek gorago jokatzea eta Turrientesek osatzea Zubimendi eta Merinorekin zelai erdia. Beste aldetik, Kubo atzeratu lezake eta Carlos Fernandez eta Sorlothek osatzea erasoko bikotea.

Aihen eta Silvaz gain, Ali Cho, Alex Sola, Mikel Oyarzabal, Sadiq Umar eta Ander Barrenetxeak ere min hartuta jarraitzen dute-