NAIZ

'Bizi den mendiaren alde', azaroaren 10etik 12ra ospatuko den Lurrama azokaren lema

Biarritzeko Iraty erakustazokan iraganen da azaroaren 10, 11 eta 12an tokiko laborantza iraunkorraren saloia. Pirinioetako mendien omenez, ´Bizi den mendiaren alde' izanen da aurten Cyrille Marlin paisaia antolatzaile eta geografoa aitabitxi duen 17. Lurrama azokak hautatu duen lema.

Sylvie artzaina bere artaldearekin, Artzamendin, egusentian, agertzen den argazkia baliatu dute Lurramaren afixarako. Alice Hamonice baionarrak egindakoa da.
Sylvie artzaina bere artaldearekin, Artzamendin, egusentian, agertzen den argazkia baliatu dute Lurramaren afixarako. Alice Hamonice baionarrak egindakoa da. (Alice HAMONICE)

Itsasun, Luhusoko bidean, kokatzen den Iriquin etxaldea hautatu dute laborantza jasangarria ohorean ezartzen duen ekimenaren antolatzaileek azaroaren 10 eta 12 artean iraganen den Lurrama azokaren nondik norakoak jakitera emateko.

Beste urte batez Biarritzeko Iraty erakustazokan eginen da, besteak beste, laborantza eremuetako eta hirigunetako biztanleriaren arteko loturak sendotzeko balio duen azoka.

Bere 17. garren edizio honen karietara Lurramak Pirinioetako mendiak ohoratzeko asmoa du.

Hala, aurtengo ediziorako hautatu duten lemak agerian jartzen duenez -'Bizi den mendiaren alde' da laborantza saloiaren leloa- mendian iraganen diren laborantza eta artzaintza jardueren gainean indarra egin nahi dute antolatzaileek.

Ostegunez zabalduko ditu ateak azokak

Aurten, berrikuntza gisa, ostegunean hasiko da azoka. Ostirala, azaroak 11, I. Mundu Gerraren Armistizioaren urteurrena izanik besta eguna denez Ipar Euskal Herrian, merkatuak egun bat lehenago zabalduko ditu bere ateak, hala ikastetxe eta lizeotako ikasleen bisita jaso ahal izateko.

Dagoeneko Lurraman laguntzaile gisara jardun nahi dutenek izena emateko aukera badutela oroitarazi dute antolatzaileek.

Anartean, aurtengo azokaren egitaraua forma hartzen ari da. Hartara, hiru egunetan iraganen diren hitzaldien gaiak eta parte-hartzaileen izenak ezagutzera eman dituzte antolatzaileek.

Azokaren lehenengo egunean 'Zer mendi bizi nahi dugu?' galderari erantzuten ahaleginduko dira Mizel Ozafrain, AIBA elkarteko ordezkaria, Cecile Crouspeyre, Garapen Kontseiluko kidea, eta Battit Laborde, Euskal Elkargoko euskal mendia alorreko arduraduna.

Biharamunean aurrehistoriatik honat jendeak nola baliatu duen mendia aztertuko du Arkeologian doktoretza duen Pablo Marticorenak.

Finean, larunbatean hartza, otsoa eta kabalen kanpoko hazkuntzaren arteko harremanen gainean arituko dira Nicolas Lescureux, CNRSko ikerlaria; Samuel Marguet, Hautes Pyrénées-ko laboraria; ELB sindikatuko kide den Laurent Irigaray; eta Michel Erbin artzainaren parte-hartzaileekin antolaturiko mahai-inguruan.

Mendiaren erabilpen ezberdinen arteko elkarbizitza

Izan ere, mendiak etxaldeen eta laborarien bizimoduan duten garrantzia jendeari ezagutaraztea izanen da aurtengo Lurrama edizioaren xede nagusia.

Pirinioetako mendietan hazkuntza eta artzaintza dira jarduera nagusiak. Lurraldearen egitura eta baita nortasunaren ikuspuntutik ere garrantzia handia badu mendiaren zaintza hartzea, hala nola garbiketa eta manteinu lanak bermatuz.

Horri begira mendiaren erabilpen ezberdinak aztertu eta eremu horren partekatzeko unean sortzen dituen arazo zein aukeren gainean gogoeta egitea proposatuko dute Lurrama elkarteak.

«Mendigune honetan, Euskal Herrian bereziki, gizakiaren eta mendiaren arteko mendeetan zehar garatu den bizikidetza orekatua da paisaia anitzen sorburua eta artzaintza da horren eragile nagisietako bat», azaldu dute antolatzaileek.

Afixaren argazkia, Sylvie artzaina Artzamendin

Lurramak aurten jorratuko dituen gaiak «ahal den eta hobekien» irudikatzeko xede afixan agertuko den argazkia hautatzeko lehiketa antolatu dute.

Alice Hamonicena baionarrak jaso du saria, Sylvie artzaina manex buru gorri artaldearekin egunsentian, Artzamendin, islatzen duen irudiari esker.

Bestalde, ohi bezala aurtengo azokak ere aitabitxi/amabitxi badu. Cyrille Marlin paisaia antolatzaile eta geografo izanen da 2022ko laborantza saloiaren gazaita.

Marlin arkitektoa da eta paisaien eskolan irakasle da Bordelen. UMR Passages 5319-CNRSeko ikertzaile gisara jarduten duen adituak  'Gure mendiak bizi dira, ageri da!' izenburu duen hitzaldia eskainiko du azaroaren 10ean, goizeko 11.00etatik aitzin, Iraty erakustazokaren areto nagusian.

Badira bost urte Cyrille Marlinek mendien biztanleen bizi moldeak paisaien garapenen duten eragina aztertzeari ekin ziola.

Horrendako, laborantza eta laborarien jardunei buruzko behaketa lana garatu du.

Ikerketa horren baitan Cyrille Marlinek Zuberoa eta Nafarroa Behereko Oztibarre, Iholdi eta Garaziko lurraldeetako laborarien esperientzien bilduma egin du.

Programa horren baitan Ehun bat ikasle etxaldeetara bertaratu dira laborarien eguneroko bizimoldea ezagutzeko xede.