Euskaraldiaren furgonetak irailaren 17an ekin zion herriz herri ibiltzeari, azaroaren 18an hasiko den ariketa sozialari buruzko informazioa eskaintzen. Ordutik, Orio, Portugalete, Gasteiz, Sopela, Ziburu, Altsasu, Lizarra, Getxo, Santurtzi, Trapagaran eta beste hainbat herri eta auzotan izan da.
Euskaraldia hasteko hilabete eskas falta dela, furgonetara hurbiltzen direnek informazioa jaso eta parte hartzeko izena eman ahal izango dute. Horrekin batera, Euskaraldia «modu sakon eta erosoan» egiteko prestakuntzak duen garrantzia zabaldu nahi dute antolatzaileek, aholkuak eta bestelako pilulak emanez.
Furgonetan denda ere badago, kamisetak, poltsak, jertseak, balkoi, leiho edo erakusleihoetan jartzeko banderatxoak... erosi ahal izateko.
Gune ibiltaria euren herrietan hartzeaz gain, bestelako hamaika ekintza antolatu dituzte herrietako batzordeek furgonetaren bueltan. Horren adibide da Ermua, atzo antolatu baitzituzten jolasak eta bestelako ekintzak gune ibiltaria han zela aitzakia hartuta.
Urriko azken egunetan Soraluze, Oñati, Elizondo, Hondarribia, Donibane Garazi, Arbona eta Gernikan izango da furgoneta ibiltaria. Azaroa Zumarragan-Urretxun ekingo dio, eta hortik Azpeitia, Basauri, Urnieta, Irun, Zarautz, Lasarte-Oria, Elgoibar, Arrasate, Galdakao, Eibar, Durango, Erandio, Beasain, Donostia, Tolosa, Eskoriatza, Deba eta Baiona bisitatuko ditu.