NAIZ
Donostia

‘GuÑun’, jatorri senegaldarreko eta euskalduneko komunitatea eraiki nahi duen proiektua

Jatorri ezberdinetakoak diren baina komunitate bera osatzen duten lagunei zuzendutako proiektua da ‘GuÑun’. Senegaldar kultura eta euskal kultura uztartu nahi dituzte eta lehen mugarria wolof eta euskara hizkuntzen arteko komunikazio gida izango da.

‘GuÑun’ proiektuaren wolof-euskara hizkuntza gida.
‘GuÑun’ proiektuaren wolof-euskara hizkuntza gida. (GUÑUN)

‘GuÑun’ euskaraz eta wolofez esanahi bera duten «gu» eta «ñun» hitzen arteko lotura da, eta ez du integrazio proiektu bat izan nahi, truke proiektu bat baizik. Luma moda etikorako proiektuak lan sozialean aurrera pausoak eman nahi ditu proiektu berriarekin: «Lumaren ildo sozialaren aldeko apustua egiteko beharra sentitu dugu, elkarrekin lan eginez eta komunitate hori ‘GuÑun’ proiektuaren bidez zabalduz. ‘GuÑun’ komunikazio gida batekin hasiko da, eta produktu, eduki eta topaketen plataforma digital batekin jarraituko du ondoren».

Mai Gaztelumendi euskalduna eta Luma proiektuaren sortzailea da; eta Max Mbaye, senegaldarra, artista eta jostuna. 2020an sortu zuten Luma proiektua merkataritza justua, jasangarria eta anitza eraikitze bidean. Maliko (Mendebaldeko Afrika) oihal tradizionalekin modako arropa lantzen dute, antzinako Bogolan pintura teknikaren artisauekin elkarlanean. Azaldu dute orain arte Lumaren sorkuntzek komunitate bat erakusteko balio izan dutela, beraien komunikazio kanalen bidez edukiak eta eztabaidak sortuz eta beste pertsona batzuk beraien «familia anitzaren zati bat ezagutzera gonbidatuz».

‘GuÑun’ proiektuarekin emango dute jauzia, beraien hitzetan: «Hezkuntza eta kultura proiektua da eta gure komunitatean behatu ditugun harreman beharrei erantzutea du abiapuntu». Hizkuntza aniztasunarekiko errespetua oinarri garrantzitsuenetako bat da beraien egitasmoan, hala azaltzen dute: «Ama hizkuntzek gainerako hizkuntzen artean espazio propioa behar dute eta gure bi hizkuntza nagusiak oinarritzat hartuta, komunitate bereko pertsonen artean harreman gune seguru eta inklusiboak sor ditzakegu».

Behar edo sentsibilizazio horretatik abiatuta, eta komunitate senegaldarra eta euskalduna gaur egun lurralde berean bizi direla ulertuta, lehendabiziko mugarria wolof eta euskara hizkuntzen arteko komunikazio gida izango da. Gidaren helburu nagusia harremantzeko tresnak izatea da. Liburua bi hizkuntzetako gramatika, hiztegi eta elkarrizketez osatuta egongo da, eta gai desberdinetan sailkatuta, ilustrazio ezberdinekin tartekatuz.

Egitasmoak aurrera eginez gero, tailerrak, topaketak, edukiak eta harreman espazio inklusibo eta elkar ikaskuntzakoak diseinatu eta sortu nahi dituzte. Hori guztia plataforma digital batean jasotzeko asmoa dute, landutako guztiarekin ekitaldi eta jarduera ikusgarriekin uztartuta.

Bi kidek osatzen zuten Luma baina Raina proiektu berri honetarako bidelagun gehiago dituzte. Mai Gaztelumendi eta Max Mbayeri Sandra Garayoa ilustratzaile eta diseinatzaile grafikoa, Thierno Diedhiou dantzari eta koreografoa batu zaizkie, beste zenbait elkarterekin batera.

PiztuMeta!ren laguntzaz

Herritar oraren ekarpena beharrezkoa dela azpimarratu dute, baina. Parte hartzerakoan ekarpena eta partaidetza, eta baita ekarpen ekonomikoa ere. Crowffounding bat abiatu dute horretarako, PiztuMeta! 2022 kanpainan Gipuzkoako Foru Aldundiak hautatutako 15 proiektuetako bat izan da eta ‘GuÑun’.

PiztuMeta! Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura Departamentuak eta Goteo Fundazioak elkarlanean osatutako programa da. Kultur proiektu ezberdinak hautatzen dituzte urtero, eta Aldundiaren diru-laguntzarekin zein herritarrek crowdfounding bidez eginiko ekarpenekin finantzatzea du helburu. Urteroko formula erabiliko du Aldundiak: herritarrek crowdfunding kanpainan emandako euro bakoitzeko euro bat emango du, eta 70.000 euroko muga izango du programa osorako.

Asteazken honetan kanpaina fase erabakigarrian sartuko da, bider 3 fasean. Izan ere, herritarrek emandako euro bakoitzeko, Kultura sailak 2 euro emango ditu 24 orduz. ‘GuÑun’-ekin batera, beste 15 kultur sorkuntza izan dira hautatuak: ‘Pudente’ euskarazko lehen opera; ‘Bat’ reggae taldearen lan diskografikoa; ‘Herrian Xaltoka’ Xalto ta Brinko animazio elkartearen proiektua; ‘Saharako Herriaren Askatasunerako Abestiak’; ‘Renous’ modaren inguruko proiektua; ‘Amapatxa’ liburua; ‘Aiama’ ipuin ilustratua; ‘Nor’ transexualitateri buruzko liburua Bigarren Hezkuntzako gazteentzat; ‘Kaixo Gilda!’ arte plastiko eta bisualei lotutako espazioa; ‘U(da)koak’ fikziozko bost film; ‘Mitxoletak’ film laburra; ‘El elefantito’ haurrentzat txotxongilo antzerkia eta ‘NANAS para grandes. Handientzako ABESTI TTIKI’ disko bilduma.