Espainiar Kongresuko Kultura eta Kirol Batzordeak Estatuko Kirolaren Lege berria adostu du, euskal selekzioei dagokionean berri garrantzitsuak dakartzana.
EAJk PSOErekin adostutako zuzenketa baten ondorioz, pilotako eta surfeko euskal selekzioek nazioartean modu ofizialean lehiatzeko bideari ekin ahal izango diote –betiere nazioarteko federazioek baimena ematen badute eta, edozein kasutan, erkidegoko selekzio gisa, ez kutsu nazionalarekin–, baina gainerako diziplinen kasuan zailtasun nabarmenak dakar aipatu legearen 44. artikuluaren lehen puntuak.
Lortutako aurrerapausoa azaltzeko Sabin Etxean eskainitako premiazko agerraldian, Andoni Ortuzar EEBko presidenteak «historiko» hitzarekin definitu du adostutakoa. Pilotako eta Surfeko federazioetako ordezkari bana ondoan zituela, 44. artikulu horren bigarren puntua ere irakurri nahi izan du hitzez hitz.
Hauxe dio: «Autonomia-erkidegoetako kirol-federazioek zuzenean parte hartu ahal izango dute nazioarteko esparruan, baldin eta kasuan kasuko nazioarteko federazioak parte hartzea aurreikusten badu, kasuan kasuko autonomia-erkidegoan historian eta gizartean errotuta dauden kirol-modalitate edo -espezialitateen kasuan, edo dagokion Espainiako federazioa eratu aurretik federazio autonomiko bateko kide izan bada».
«Kasu horietan —gaineratzen du testuak—, autonomia-erkidegoko kirol-federazioak nazioarteko lehiaketa ofizialetan parte hartuko du, Kirol Kontseilu Gorenarekin adostu ondoren. Akordio horrek berekin ekarriko du federazio autonomikoa nazioarteko federazioan integratzeko laguntza bateratua».
Pilotaren kasuan, ezin da ukatu Euskal Herrian erabat errotuta dagoen kirola dela eta, surfarenean, euskal federazioa Espainiakoa eratu aurretik sortutakoa izateak ematen dio bidea. Beraz, bi diziplina horiek ofizialtasuna eskuratzeko tramiteei ekin ahal izango diete.
Lehen puntuaren ‘tranpa’
Nolanahi ere, Ortuzarrek ez dio inolako aipamenik egin artikulu horren lehen puntuari, hain zuzen, gainerako diziplinei bidea zailtzen dienari.
Izan ere, bertan zehazten denez, «Estatuko edo nazioarteko kirol-jarduera edo -lehiaketa ofizialetan parte hartzeko, eremu autonomikoko kirol-federazioak Espainiako federazioetan sartuko dira. Integrazioak berekin ekarriko du Espainiako kirol-federazioen barne-araudia onartzea».
Alegia, errotutakotzat jo ezin diren kirolen kasuan eta tokiko federazioa Espainiakoaren ondoren sortu zen horietan, esan daiteke ofizialtasunerako bidea nabarmen zailtzen zaiela, zuzenean ezinezko bihurtzen ez bazaie.
EH Bildu: «Zergatik kirol batzuk bai eta beste batzuk ez?»
EH Bilduren iritziz, Kirol Legeari onartutako zuzenketarekin «urrats txiki bat» egin da, baina beste kirolei ere zabaldu beharko litzaieke.
«Egia da urrats txiki hau egin dela lurraldean sustraitutako kirolei eginiko zesio honekin, baina urrats horrek oso bide estuari ematen dio bide», adierazi du Mertxe Aizpurua diputatuak.
Izan ere, nabarmendu duenez, «futbolean jokatzeko espainiarrak izan behar dugu, eta pilotan aritzeko bai, euskaldunak izan behar dugu. Gainerako guztia selekzio espainiarra da, legez behartuta eta bertan parte hartu nahi ez duenari zigorrak ezartzen dizkiona. Hori da lege honek eskaintzen duena. Pilotan aritzeko euskal herritarrak izan gaitezke, eta futbolean jokatzeko ez?», galdegin du.
.@MertxeAizpurua: «Lurraldean errotutako kirolei lehiatzeko bidea ireki arren, nazioarteko federazioak legea aldatu beharko du. Pilotan aritzeko euskal herritarrak izan gaitezke, eta futbolean jokatzeko ez?».
— EH Bildu Congreso - Senado (@EHBilduCongreso) October 25, 2022
‼️ Euskal selekzio guztien OFIZIALTASUNA nahi dugu salbuespenik gabe. pic.twitter.com/WnKBuIdVod