Miarritzen eta Lapurdiko beste zenbait herritan jokatzen ari den pilotako Munduko txapelketaren baitan, Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak batzarra egin du gaur goizean Kanboko Arana jauregian eta bertan aho batez onartu dute 2030eko Mundiala Bilbon eta Gernikan jokatzea, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean Lorea Bilbaok eskatu bezala. Aspalditik jakina zen 2026ko ekitaldiak Argentinan, San Luisen zehazki, izango duela egoitza, baina gaur arte ez zen Bizkaiko hautagaitzaren berririk.
Miarritzekoarekin, bederatzi izan dira Euskal Herrian jokatutako Munduko txapelketak eta hamargarrena litzateke Bilbo-Gernikakoa, Bizkaian jokatutako lehena, aurretik Nafarroan, Gipuzkoan, Lapurdin eta Araban jokatu izan baitira halako txapelketak.
Erabaki hau EAJ-k eta PSOE-k espainiar Estatuko kirol legearen emendakin batean euskal selekzioei zirrikitu bat ireki eta egun gutxitara heltzen da eta Munduko txapelketa Bizkaian jokatzeak erabaki horren aldeko keinu bat dirudi. Oraindik ere zirrikitu honek eman dezakeenaren inguruan zalantza handiak badaude ere, pilotaren kasuan bederen, pilota Nazioarteko Pilota Federazioaren teilatuan legoke, bertan onartua izan beharko luke eta euskal selekzioak nazioarteko txapelketetan parte hartu ahal izateko eta espero da Xabier Cauzabonek –FIPVko lehendakariak– hurrengo orduetan erakundearen gaiaren inguruko jarrera azaltzea.
Lehen dominak
Kirol alorrari dagokionean, dagoeneko hasiak dira lehen dominak banatzen eta Espainiako eta Frantziako pilotariak nagusi izaten ari dira, nahiz eta emakumezkoen frontballeko finalean urrea Mexikora joan den, Julia Guadalupe Reyes, Miriam Arrillagari gailendu baitzitzaion (10-1, 10-9). Gizonezkoetan, Iker Espinal nafarrak erraz irabazi zion (10-3, 10-5) Frantziarekin aritu zen Ustaritzeko Yoann Héguiabéhère