NAIZ
Donostia

Auto-ilara luzeak sortu arren, Biriatun kontrolak egiten jarraituko du polizia frantsesak

Bidegi eta ASF, A-63 errepideko emakidadunak, berriro bildu dira Biriatuko bidesarian sortzen diren auto-ilara luzeen atzean dauden kontrolez aritzeko. Biek ala biek «ezinegona» agertu arren, polizia frantsesaren agindupean dagoela argudiatuta, ezer gutxi egin dezakeela esan du azken honek.

Oso ohikoak dira auto pilaketak Biriatuko bidesarian, kilometroetako ilarak sortuz.
Oso ohikoak dira auto pilaketak Biriatuko bidesarian, kilometroetako ilarak sortuz. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Gobernu frantsesak Biriatuko bidesaria erabiltzen jarraituko du bertan kontrolak egiteko, auto-ilarak izan arren, batez ere opor garaietako itzulera-operazioetan. Bidegi foru agentziak eta ASF-k aste honetan egin duten bileran, A-63 errepidearen emakidadunak zera baieztatu du: ez dela aldaketarik aurreikusten etorkizun hurbilean.

«Frantziak bi estatuen arteko muga erabiltzen jarraituko du pertsonak eta salgaiak kontrolatzeko. Horren erakusgarri da Frantziako gobernuak Europari egindako eskaera, Schengengo akordiotik beste sei hilabetez salbuesteko eskatuz, segurtasunagatik», adierazi du Gipuzkoako Aldundiak ohar bidezk.
    
A-63 errepideko emakidadunak bere «egonezina» agertu du, askotan, Gipuzkoako aldea kolapsatzen duten auto-ilarengatik, baina polizia frantsesaren agindupean dagoenez, zirkulaziorako irekita dauden kabinen kopurua murriztera behartuta dago: erabilgarri dauden 10 bideetatik bost edo sei bide daude, horietako bat Hendaiatik sartzeko bakarrik, eta bi edo hiru kamioietarako dira.
    
«Bidegik eta ASFk egindako bileran azaldu duenez, auto-ilara horiek saihesteko gaitasuna izan arren, Frantziako poliziaren aginduak bete behar dituzte, eta bide kopurua murrizteaz gain, hesien igoera moteldu dute», zehaztu dute foru iturriek.
    
Bi agentziak hiru hilean behin bilerak egiten hasiko dira informazioa trukatzeko eta, ahal den neurrian, mugaren lotura hobetzeko.
    
Aintzane Oiarbide Bide Azpiegituretako diputatuak eskatu dio Madrili «beharrezko neurriak» har ditzala bidesarian ordena berrezartzeko. «Biriatuko auto-ilararena arazo errepikakorra da; izan ere, Frantziako poliziak egiten dituen kontrolengatik, edo kamioiak pilatzeagatik, Frantzian ibilgailu astunentzako trafikoa murriztuta egon ondoren, kilometro-ilarak sortzen dira, eta Bidasoaldeko eta Donostialdeko ingurunea erabat kolapsatzen dute».

Kritikatu egin du auto-ilara horiek «behin eta berriz» gertatzen direla Gipuzkoako aldean, gidarien eta garraioko profesionalen haserrea eraginez. «Ez da gaurko arazoa, ezta egun batekoa ere, urte asko daramatzagu horrela, administrazioak konpondu gabe», salatu du.
    
Egoera horren aurrean, Gipuzkoako Aldundiak berretsi du ez dagoela bere esku irtenbide bat ematea Estatu frantsesak «aurrez pentsatuta sortutako egoera bati». «Ezin dugu eraginik izan mugako auto-ilaretan, eta, beraz, hesiak igotzea ez da soluzioa», esan du Oiarbidek.