NAIZ

Ernaik ‘Orain dugu aukera’ dinamika berria abiatu du, gazteentzat «bizitza duinak» aldarrikatuz

«Dena aldatzeko aukera» orain dutela aldarrikatu dute gazteek, eta abiatu berri duten dinamikaren helburua herriz herri eta auzoz auzo alternatiba zehatzak martxan jartzeko helburua dutela. 2023ko udaberrian, apirilaren 6tik 9ra bitarte, Gazte Topagunea egingo dute, Elorrion.

Ernaiko gazteak ‘Orain dugu aukera’ dinamika  berriaren aurkezpenean
Ernaiko gazteak ‘Orain dugu aukera’ dinamika berriaren aurkezpenean (Raul Bogajo | FOKU)

Gasteizen aurkeztu du Ernai gazte antolakundeak ikasture honetako dinamika, ‘Orain dugu aukera’ lelopean. Etorkizunarekiko espektatiba guztiak «zapuztu» dizkietela salatu dute, eta horren aurrean «orain dena aldatzeko» aukera dutela adierazi. Ideia horrekin abiatuko dute dinamika gazte independentistek. Urtero bezala, Gazte Topagunea izango da mugarri garrantzitsuenetakoa; Elorrion egingo dute, udaberrian.

Krisi ekonomiko, osasun krisi, larrialdi klimatiko eta guztia barnebiltzen duen zibilizazio krisiaz gain, horren ezaugarritze espezifikoa pairatzen dutela azaldu dute gazteek: belaunaldi krisia. Bizi baldintzen prekarizazioak, hezkuntzaren merkantilizazioak, faxismoaren eta jarrera matxista zein autoritarioen gorakadak eta indibidualismoak zein bizi eredu kapitalista eta patriarkalen indartzeak osatzen dute belaunaldi krisi hori Ane Alava bozeramailearen arabera.

Egoera horretan eta «etsita» egon daitekeen gazteriari «ortzi-muga eta helduleku bat» eskaintzeko apustua egiten dute. Euskal Herri aske, sozialista, feminista eta euskalduna eraikitzeko borroka; eta hori orain egiteko beharra azaleratu dute: «Orain dugu dena aldatzeko aukera. Orain egiten ez badugu, agian, bihar, beranduegi izango baita. Orain egingo diogu aurre bizitzen uzten ez gaituen krisi eta kapitalismo zisheteropatriarkalari».

10 urte, 3 aldarri

Hamar urte beteko ditu Ernai gazte antolakundeak 2023an, eta horra begira ere jarri dira gazteak. Orain arteko guztia balioan jarri eta aurrera begiratzeko baliatuko dutela azaldu du Alavak.

Hiru aldarri nagusi barnebiltzen ditu dinamika berriak. Batetik, «gazteen bizitzen berehalako duintzea». Horretarako, langabezia eta prekarietatearekin amaitzeko neurri zehatzak eskatzen dituzte, emantzipatzeko eskubidea aldarrikatu, osasun mentalerako baliabide publikoak exijitu, hezkuntza sistema publikoa bermatu eta energiaren zein oinarrizko produktuen prezioak mugatzeko eskatu dute.

Bigarrenik, gazte guztiek bizitza duinak eskuratzeko neurriak proposatzen dituzte: merkatuaren interbentzioa eta azpiegituren publifikazioa (hala nola, sektore energetikoan), aberastasunaren banaketa erradikala, zaintza sistema publiko komunitarioaren eraikuntza eta hezkuntza publiko, burujabe eta nazionalaren eraikuntza.

Azkenik, Euskal Herri askea gaurdanik eraikitzeko beharra azpimarratu dute. Batetik, «bizi eta jendarte eredu horiek eraldatzeko gaitasuna izango duten alternatiba eta proiektuak herri eta auzoetatik eraikitzen hasi behar dugu» eta bestetik, balio komunitarioak indartzearen beharrizana aldarrikatu dute.

Gazte Topagunea Elorrion

Ikasturte osoan zehar hamaika egitasmo antolatuko dituztela adierazi du Alava bozeramaileak. Horien artean, «Euskal Gazteriak bestelako alternatibak sortzeko gaitasun kolektiboa duela ikusaraziko duen Gazte Topagune erraldoia».

2023ko apirilaren 6tik 9ra bitarte ospatuko dute Elorrion ikasturte honetako Gazte Topagunea. Euskal Herriko gazte independentisten topaleku izateko helburua du: «Gure proiektu politikoa amestu, hausnartu, marraztu eta eraikitzen pasako ditugu lau egun». Egitarau zabala izango duela aurreratu dute. eztabaidarako, trebakuntzarako eta aisialdirako eskaintza anitzekin.

Garai nahasien eta gazteak isilik nahi dituztenen aurrean aldarri egin dute: «Sinetsarazi nahi diguten horren aurrean, gure proiektua utopia bat baino askoz gehiago da: Euskal Herrian dago, zehatza da eta egingarria ere bai. Euskal Herri aske, feminista, sozialista eta euskalduna du izena, eta hau antolakuntza eta borrokaz eraikitzera goaz».