NAIZ

Kerman Lejarragak, eskuin eskuan min hartuta, ez du lehiatuko La Casillako boxeo jaialdian

Kerman Lejarraga boxeolari bizkaitarrak lesio bat dauka eskuin eskuan eta beraz, ez du lehiatuko hurrengo asteburuan, hilak 12, La Casillan jokatuko den boxeo jaialdian. Morgako kirolariak handituta dauka eskua eta kasu honetan, infiltraziorik ez egitea hobetsi dute.

Kerman Lejarraga, pasa den urteko borroka baten atarikoan.
Kerman Lejarraga, pasa den urteko borroka baten atarikoan. (Gorka RUBIO | FOKU)

Kerman Lejarragaren hutsunea izango du hurrengo larunbatean, hilak 12, La Casillan jokatuko den boxeo jaialdiak. Morgako kirolariak lesio bat dauka eskuin eskuan. Handituta dauka eskuaren atzealdea –sare sozialen bitartez argitara eman du boxeolariak berak– eta kasu honetan, infiltraziorik ez egitea hobetsi da. Dena dela, boxeo jaialdiak aurrera jarraitzen du eta bertan lehiatuko dira Andoni Gago, Mario Ospina, Rikar Urrutia eta Jokin Garcia, besteak beste.

Lejarragak ilusio handiz begiratzen zion hitzordu honi. Hain zuzen ere, berak debuta egin zuen jokalekua da La Casilla eta bertan berragertzearekin egiten zuen amets. Horretarako, Ingalaterrara joan zen entrenatzera, Eubank Juniorekin.

Eskuin eskuaren atzealde eta eskumuturraren artean hantura dauka boxeolari bizkaitarrak eta beraz, zerbitzu medikuengana joan zen, lesioa aztertu asmoz. Kolperik eman gabeko lan-saioak egin ditu eta lesioaren bilakaera ikusita, hobetsi da artikulazioan infiltraziorik ez egitea. Eskuin eskuari atseden ematea izan da aholkatu dioten konponbidea eta beraz, denbora batez ezin izango du lehiatu.

Lejarragak berak sare sozialen bitartez eman du honen berri eta bere «tristura eta mina» azaleratu ditu, zaleei barkamena helaraziz.

Azaroaren 12an La Casillan ospatuko den ekitaldiko antolatzaileak lanean ari dira Lejarragaren ordezkoa aurkitzeko. Ismael Flores (7-0, 5 KO) pisu erdiko borrokalari argentinarra da begiz jota daukatena. Fouad El Moussaui Frantziako txapeldun ohiaren aurka lehiatu beharko luke.

Bestalde, Andoni Gago "El Gallo"-ren itzulera ere izango du jaialdi honek eta baita Saul Luna eta Rikar Urrutia II.aren errebantxa ere.