NAIZ

Luis Garcia Plazak iritzi du VAR-ean harturiko «erabaki guztiak bidezkoak» izan direla

Alavesen azken bi partidetan hiru jokaldi berrikusi behar izan dira VAR-ean. Oviedoren aurka aldeko penaltia adierazi zuten eta Santanderren etxekoen bi gol baliogabetu zituen. Honen aurrean, Garcia Plaza teknikariak VAR-aren erabilera defendatu du. Zaragozaren aurka jokatuko du ostiral honetan.

Luis Garcia Plaza, Sportingen aurkako norgehiagokan.
Luis Garcia Plaza, Sportingen aurkako norgehiagokan. (Endika PORTILLO | FOKU)

Luis Garcia Plaza Deportivo Alaveseko entrenatzaileak prentsaurrekoa eman du ostiral honetan Zaragozaren aurka jokatuko duten partidaren atarikoan (21.00eatn, Mendizorrotzan). Bertan ziurtatu du orain arte VARean harturiko erabaki guztiak bidezkoak izan direla, bai aldekoak zein kontrakoak.

Hala, iritzi du merezita poltsikoratu dituztela 27 puntu jokaturiko 14 partidetan. Prentsa agerraldian auzi hau azaleratzearen arrazoi nagusia izan da azken bi partidetan VAR sistemaren bitartez hartu diren erabakiengatik. Izan ere, aurreko larunbatean, Oviedoren aurka, azken unean penaltia adierazi zuten babazorroen alde eta astearte honetan Santanderren jokaturiko partidan, etxekoei bi gol baliogabetu zitzaizkien.

Haserre azaldu da erabaki hauek zalantzan jartzeagatik, uste baitu ondo adierazita egon direla hiru erabakiak, eta era berean, kontrako ekintzak ere gogorarazi ditu.

Nolanahi ere, errealitate bat da orain Alavesi gehiago kostatzen zaiola puntuak batzea, ez dauka hasierako erreztasuna baina balioan jarri behar da orain arte soilik porrot bat jaso duela. Horixe bera goraipatu nahi izan du teknikari madrildarrak: «Erregistro sinestezina da».

Bere ustez, Santanderren denboraldiko lehen zatirik onena jokatu zuten etxetik kanpo, Lugoko lehen 45 minutuekin batera.

Biharko demari begira, konbinatzen saiatuko den Zaragoza espero du, beraz, korrika egiteko eta trantsizioak egiteko espazio gehiago egongo direla uste du.

«Ausartagoak dira pilota dutelako, albokoak gora botatzen dituztelako eta askotan bi puntarekin jokatzen dutelako», azaldu du baina, onartu du taktika hainbeste aldatzen duen talde bat izaki, ez dakiela ziur nola jokatuko duten oraingo honetan.

Etxetik kanpo jokatzen duenean Zaragoza gehiago gustatzen zaiola azaldu du Garcia Plazak eta Romaredan gutxiago jokatzen duela iritzi du.

Nabarmentzeko modukoa da Aragoiko taldea dela kategoriako datu fisikoen erregistro onena duena, distantzian gehien lasterka egiten duena, intentsitate handian gehien lasterka egiten duena eta esprint gehien egiten duena. Halaber, partidetan ezartzen duen erritmoa, bertikaltasuna eta dinamismoa nabarmendu ditu madrildarrak.

«Irabaziz gero, bikaina izango litzateke, denboraldiko lehen heren desiragarria osatuko genukeelako», gaineratu du.