NAIZ

‘Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketa’ liburua kaleratu du Ibai Iriartek

Joakin Lizarragaren bizitza, obra eta erabilitako lexikoaren azterketa jasotzen duen liburua argitaratu dute Euskaltzaindiak eta Nafarroako Gobernuak elkarlanean. Nafarroa Garaiko euskara hobe ezagutzeko aproposa dela adierazi du Ibai Iriarte egileak.

Ibai Iriarte, Sagrario Aleman eta Mikel Arregi ‘Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketa’ liburuaren aurkezpenean
Ibai Iriarte, Sagrario Aleman eta Mikel Arregi ‘Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketa’ liburuaren aurkezpenean (Euskaltzaindia)

Nafarroako Gobernuak eta Euskaltzaindiak elkarlanean liburu berri bat kaleratu dute, Mendaur bildumako ‘Joakin Lizarragaren lexikoaren azterketa’. Euskal letretan ezagutzen den idazlerik oparoenetakoa izan zen Lizarraga eta liburu hau Nafarroa Garaiko euskara hobeki ezagutzeko aproposa da Ibai Iriarte Goñi liburuaren egilearen ustez.

Lizarraga apaiz eta euskal idazlea izan zen, bere lana hegoaldeko goi-nafarreraren iruñerriko aldaeraz idatzi zituen, orduko euskara jasoz. Garai bateko Iruñerri euskaldunean bizi ziren eliztarrei heziketa erlijiosoa eskaini ahal izateko, 5.000 orrialde inguru idatzi zituen eskuz eta euskaraz. Hizkuntzari dagokionez «oso aberatsa da Joakin Lizarragaren lanek eskaintzen duten informazioa», liburuaren egileen ustez.

Sagrario Aleman Euskaltzaindiaren Nafarroako ordezkariaren hitzetan, «Joakin Lizarragak Eguesibarko euskaraz idatzi zuen. Ezaugarri horrek balio berezia ematen dio bere lan oparoari, Iruñerriko hizkera galdu egin baitzen. Hortaz, Elkanoko idazleari esker, hegoaldeko goi-nafarreraren aldaera hori betiko gordeta geratu da».

Argitaratu berri den liburuak bi atal nagusi ditu: azterketa eta hiztegia. Azterketaren atalean Lizarragaren bizitzaren nondik norakoak, obra, erabilitako idatzizko iturriak eta zerabilen lexikoaren azterketa filologiko eta dialektologiko xeheak bildu dira. Hain zuzen ere, Lizarragaren lanetatik hautatutako 1.509 hitzen azterketa lexikoa jasotzen du argitalpenak.

Iriarte ikerlanaren egileak lexikoaren atalean aurkitutako zenbait hitz aurkeztu ditu: «Joakin Lizarragaren idazkietan baiki ‘bai horixe’ forma hanpatua, eder-itsusi ‘duintasuna’, gaixtofikatua ‘maltzurra’, marranko ‘ia ahotsik gabe dagoena’ eta nastekazio ‘nahasmendua’ eta mendortz ‘egunsenti’».

Obra hau orain arte egin den Joakin Lizarragaren ondarearen azterketa sakonena da, azken bost urteotan Euskaltzaindiaren eta Nafarroako Gobernuaren artean egindako hitzarmenetan jaso da, eta Nafarroako Gobernuak finantzatu du. Mikel Arregi Euskarabideko zuzendari-kudeatzaileak Akademiarekin Gobernuak duen elkarlana eta haren emaitzak azpimarratu ditu: «Euskaltzaindiarekin sinatzen dugun hitzarmenaren bidez, Nafarroako Gobernuak urtero-urtero laguntzen ditu euskararen corpuserako nahiz estatuserako interesgarriak diren egitasmoak eta argitalpenak».