NAIZ

Vulcanizados Zuloaga, greba eskubidea urratzeagatik 65.000 euro ordaintzera zigortua

Bilboko Lan Arloko epaitegiak 65.000 euroko kalte-ordaina ematera behartu du Vulcanizados Zuloaga, greba eskubidea urratzeagatik. Grebaren hasieran, 500 euro eman zizkien enpresak parte hartu behar ez zuten langileei.

Vulcanizados Zuloagako langileak greba egun batean protestan
Vulcanizados Zuloagako langileak greba egun batean protestan (Marisol Ramirez | FOKU)

Vulcanizados Zuluagako langileek ia urte eta erdi daramate greban lan baldintza eskasak hobetzeko helburuarekin. ELA sindikatuak adierazi duenez, zuzendaritzak hasieratik urratu du langileen grebarako eskubidea. Bilboko Lan Arloko 10. zenbakiko epaitegiak ebatzi du enpresak sari bat ordaindu diola plantillaren zati bati greba ez egiteagatik, eta 65.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du.

2021eko ekainaren 28an hasi zen greba 40 bat langile dituen automoziorako piezak egiten dituen enpresan. Konpainiaren estrategia, ELAren arabera, greban zeuden langileak legez kanpo ordezkatzea izan zen, eta, horren ondorioz, enpresak 56.000 euroko zigorra jaso zuen maiatzean. Orain, kopuru horri 65.000 euroko beste zigor bat gehitu behar zaio.

ELAk irabazitako epaiaren arabera, enpresak 500 euro ordaindu zizkien langileei uztailean, grebaren hasieran, grebarekin bat egin ez zezaten. Eta epaiak ebatzi du hori greba eskubidea urratzea dela: «Ondoriozta daiteke grebaren garapenean intrusiozko erabakia izan zela; izan ere, grebarik egiten ez zuten langileek plus edo pizgarri hori jasotzeaz gain, horrek baldintza bat jar ziezaiekeen: gero grebarekin bat ez egitea, kopuru ekonomiko hori ez galtzeagatik, eta greba egiten ari ziren langileei erreklamazio ekonomiko gisa balio izatea, greba egiteari uzteko. Horrek guztiak esan nahi du greba eskubidearen aurka egin zuela».

Sindikatuak «poztasunez» hartu du epaia, eta sindikatuaren «zerbitzu juridikoaren lanaren emaitza» dela adierazi du. Hala ere, egun enpresako zuzendaritzak «negoziazio erreala garatzeari» uko egiten diola adierazi du, eta greba eskubidea urratzen jarraitzen duela.