Serbiako Sportklub.rs webguneak aurreratu eta Eurohoops.net atariak baieztatu duenez, Dusko Ivanovic Euroligara itzuliko da. Belgradeko Izar Gorria entrenatuko du Bijelo Poljeko teknikariak, Vladimir Jovanovic orain arteko entrenatzailearen lekuan. Talde serbiarra euroligako azken postuan dago uneotan, zazpi jardunaldi eta gero 1-6ko balantzea duelako.
65 urte ditu dagoeneko Dusko Ivanovicek eta 2023/24 denboraldia amaitu arte izango omen da Belgradeko «Ijitoen» –Izar Gorrikoen izengoitia; Partizanekoak «Hobiratzaileak» diren bitartean– aulkiaren buru.
Ez da Ivanovic geldirik egotekoa, nahiz eta urtebete zeraman aulkietatik aparte. Pasa den urteko azaroan Saski Baskoniak bere kontratua etetea erabaki zuen emaitza txarrak tarteko eta Neven Spahija jarri zuen bere lekuan. Gogoan izan behar da Gasteiza 2019ko abenduan iritsi zela Saski Baskoniarekin bere hirugarren aldia ekiteko. Ondorioz, 2020ko ACB Liga berezi hura eskuratu zuen talde arabarrak, nahiz eta handik aurrerakoak nahi bezain ondo atera ez, iazko azaroan hriugarren aldi hura amaitu zen arte.
Ez adinagatik bakarrik, Euroligan eskarmentua sobera du Dusko Ivanovicek, akaso Vladimir Jovanovic 38 urteko entrenatzaileak falta izan duen eskarmentu hori bera. Saski Baskoniarekin ez ezik, Bartzelonarekin eta Panathinaikosekin ere Euroligan lan ona egitea zer den badaki Montenegroko entrenatzaileak, eta horrez gain Khimki, Besiktas, Limoges edota Bosniako slekzioa ere gidatu izan ditu.
Pena apur bat hartuko du akaso Gasteizko zaleak, Buesa Arenako partida dagoeneko jokatu baitu Saski Baskoniak Izar Gorriaren aurka. Gauzak ondo, martxoaren 23an ikusiko dute elkar berriro Baskoniak eta Dusko Ivanovicek, Euroligako 30. jardunaldian jokatuko baitute gasteiztarrek Belgradeko «Ijitoen« kantxan.
Savkov Fuenlabrada uzteko zorian
Bestalde, ‘El Correo’ egunkariak publikatu duenez, Pavel Savkov, Saski Baskoniak Fuenlabradan utzita dagoen eskolta errusiarrak Madrilgo taldea lagatzea du buruan, minuturik ez duelako.
Urrezko LEB Ligan diharduen Iraurgin bi urte oso on egin eta gero, ACB Ligara urratsa emateko Fuenlabradari utzi zion Saski Baskoniak Pavel Savkov eskolta gaztea. Artean Madrilgo taldea zuzentzen zuen Josep Maria Raventos entrenatzailearekin udan lan handia egin omen du Savkovek eta, Raventosen eskutik, ACB Ligan debuta egin ere bai.
Tamalez, Raventosek Fuenlabrada utzi egin zuen aurreneko hiru jardunaldiak galdu eta gero, eta bere lekuan ordura arte Raventosen laguntzaile lanetan ari zen Jose Luis Pichel jarri zen entrenatzaile. Are gehiago, Marc Garcia 26 urteko eskolta katalana fitxatu zuen fuenlabradak Raventosen agurraren ostean eta, batetik, Fuenlabradak ligako bere egoera nabarmen hobetu du, uneotan 3-4 balantzea baitauka, eta bestetik, kantxarako bidea itxi dio horrek Savkovi.
Zazpi jardunalditik lautan jokatu du errusiarrak, batez beste bost minutu eskas, eta azken neurketan deialditik at geratu zen gainera. Bada, gauzak goitik behera aldatu ezean, Savkovek Fuenlabrada utzi eta beste norabait bilatu beharko ditu minutuak. ACB Ligan garesti dauka jokatzea, bistan denez, eta beraz, Urrezko LEB Ligara itzultzea edo Estatu espainoletik kanpoko beste ligaren baten lekua egitea ari da aztertzen Saski Baskonia.
Ondrej Hanzlik eta Sidy Cissoko gazteen egoera bestelakoa da. Ez du askorik jokatzen eskolta txekiarrak Gironan, baina Aito Garcia Renesesek lekutxo bat aurkitu dio nonbait. Batez beste bost minutu jokatzen ditu eta 2,2 puntu eta 0,4 errebote eskuratu; ez da beste munduko ezer, baina Obradoiroren aurka, adibidez, 9 puntu saskiratu zituen 14 minutuan.
Cissokori dagokionez, berriz, AEBtako G-Leagueko Ignite taldean ari da, NBAra begira espreski gazteekin lan egiten duen taldean, hain zuzen. Taldearen emaitzak ez dira onegiak, baina Cissoko minutuak pilatzen ari da.