Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Iker Salaberria, Lau eta Erdiko Promozioko txapelduna

Aurrelari goizuetarrak Aimar Olaizolaren lekukoa hartu eta, Lau eta Erdiko bere lehen finalean, txapela eskuratu du Julen Egigurenen aurka irabazita. Labriteko partida erritmo askorekin hasi da, nekea somatu dute bi pilotariek tantoak egin ahala eta neurketa partzialetara jokatu da.

Iker Salaberria, Lau eta Erdiko txapela buruan duela.
Iker Salaberria, Lau eta Erdiko txapela buruan duela. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Goizuetak badu txapeldun berria. Azken hamarkadetan Aimar Olaizola herriko kirolari kuttuna izan bada ere, oraingoan badirudi Iker Salaberriak lekukoa hartu diola gaur egun Hondarribian bizi den pilotari ohiari. Aurrelari gazteak Lau eta Erdiko Promozioko Txapelketako finala irabazi du larunbat honetan, Iruñeko Labriten, Julen Egiguren enpresa bereko pilotariari irabazita. Ez da ahaztu behar Aspek lau pilotariak dituela bi finaletan, Promoziokoan eta Lehen Mailakoan: gaurko Egiguren VI.a eta Salaberria, eta hurrengo igandean Bilbon jokatuko duten Jokin Altuna eta Joseba Ezkurdia.

Gaurkoan, Salaberriak, kaiolako bere lehen finalean, txapela jantzi du. 16-22ko emaitzak adierazten duena baino orekatuagoa izan da partida. Eta gogorra. Zentzu honetan, Egiguren VI.ak, 1,88 metroko garaiera duenak, gehiago sufritu du lehia hasieran bi pilotariek neurketari emandako intentsitatea. Salaberriak (1,75 metroko garaiera) hobeto eutsi dio faktore horri bere lehen txapel handia lortzeko.

Esan bezala, finala erritmo askorekin hasi da. Bi pilotariek altueran ezberdintasun nabarmena dute baina biak oso pilotari finak direla erakutsi dute beste behin, txapelketa guztian zehar bezala. Tanto gogorrak eta luzeak joan ahala, nekea somatzen hasi dute biek hanketan, are gehiago bezperako eta aurreko egunetako tentsioa pasata.

Neurketa partzialetara jokatu da. Hau da, Egigurenek sake on batekin hasi du finala eta nahiko parekatuta joan dira bi aurrelariak –tartean tanto politak ikusi dira–, baina orduan Salaberriak 0-4ko partzial bat lortu du lehen aldiz markagailuan alde egiteko (3-6). Nafarrak, ordea, huts egin du hurrengo tantoan, indar gehiegi eman baitio pilotari, pasa egin arte.

Azpeitiarrak hartu du orduan agintea eta 7-0ko beste partzial batekin 10-6 ipini da aurretik. Bazirudien gipuzkoarrak finalari neurria hartuta ziola, baina ezta gutxiagorako ere. Salaberriak berriro sakea berreskuratu eta min handia egin dio aurkariari. Egigurenek berak zenbait huts eginda ere, goizuetarrak 0-10eko partziala sinatu eta 10-16 ipini da markagailuan aurretik.

Zerbait berria bilatu nahian

Joko psikologiko horretan, Egiguren ez da makurtu eta hiru tantora gerturatu da berriro (13-16), aurrean zuen pilotariak 0-4ko beste partzial bat egin duen arte (13-20). Dena bere alde zuen Salaberriak, baina azpeitiarrak zerbait ezberdina egin behar zuen aukerak izateko. Pentsatu eta egin: sakean aurreratu, ondo erantzun eta goizuetarrak huts egin du. Egigurenek 16-20 ipini du markagailuan, baina hurrengo tantoan oparia egin dio aurkariari, eta honek sakez amaitu du finala.

PARTIDAKO FITXA:

Egiguren V.a: 16

Salaberria: 22

Pilotakadak: 269. Iraupena: 57:50 minutu. Markagailua: 1-0, 1-2, 3-2, 3-6, 10-6, 10-16, 13-16, 13-20, 16-20 eta 16-22. Sakez egindako tantoak: 4 Egiguren VI.ak eta 4 Salaberriak eta falta bat. Jokoan egindako tantoak: 8 Egiguren VI.ak eta 12 Salaberriak. Hutsak: 6 Egiguren VI.ak eta 3 Salaberriak. Gertakariak: Sarrera eta giro bikaina egon dira Iruñeko Labrit pilotalekuan Lau eta Erdiko Promozioko finala ikusteko. Aita izan du botilero Julen Egigurenek eta Fermin Escudero Iker Salaberriak. Finaleko lehen sakea gerriko gorriarentzat izan da.