Sherpa.ai-ren Aizkolari Txapelketako finalean garaile suertatu diren aizkolariak.
Sherpa.ai-ren Aizkolari Txapelketako finalean garaile suertatu diren aizkolariak. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Gizonezkoetan, Julen Alberdi ‘Txikia IV’.a nagusitu da.
Gizonezkoetan, Julen Alberdi ‘Txikia IV’.a nagusitu da. (Aritz LOIOLA | FOKU)
FInaleko momentu bat, enborra mozten.
Finaleko momentu bat, enborra mozten. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Emakumezoetan, Nerea Arrutik ez du arazorik izan txapeldun ateratzeko.
Emakumezkoetan, Nerea Arrutik ez du arazorik izan txapeldun ateratzeko. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Finalak ikuskizuna ere izan du zenbait musika talderen eskutik. Irudian, Süne taldea.
Finalak ikuskizuna ere izan du zenbait musika talderen eskutik. Irudian, Süne taldea. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Musika ikuskizuneko beste momentu polit bat.
Musika ikuskizuneko beste momentu polit bat. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Zea Mays taldeko Aiora Renteria, bere ahotsarekin gozaraziz.
Zea Mays taldeko Aiora Renteria, bere ahotsarekin gozaraziz. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Zetak taldeak ere ikuskizuna eskaini du Bilbao Arenan.
Zetak taldeak ere ikuskizuna eskaini du Bilbao Arenan. (Aritz LOIOLA | FOKU)
Arnaitz Gorriti

‘Txikia IV’.a nahi izan duen moduan nagusi izan da Sherpa.ai-ren Aizkolari Txapelketan

Iker Vicente utzitako lekua nagusitasunez eraman du azpeitiarrak, Eneko Otaño eta uste baino askoz eskasago aritu den Mikel Larrañagaren aurretik. Emakumeen artean, berriz, Nerea Arrutik ez du arazorik izan txapeldun ateratzeko.

Sherpa.ai-ren Aizkolari Txapelketako gizon zein emakumeen podiuma.
Sherpa.ai-ren Aizkolari Txapelketako gizon zein emakumeen podiuma. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilbao Arena pabilioiak saskibaloia albo batera laga du behin behinean eta aizkolaritzari tartea ireki dio, Sherpa.ai-ren Aizkolari Txapelketaren finalarekin. Azkenean Azpeitiko Julen Alberdi ‘Txikia IV’.a nagusitu da eta berak bete du Iker Vicentek lagatako hutsunea. «Otañok eta Larrañagak oinbiekoetan gehiago estutuko nindutela pentsatzen nuen, baina ez da hala izan eta azken kanaerdikoetan gozatu ahal izan dut», adierazi du txapeldun berriak.

Tarteka atseden hartu, arnasa sakon hartu eta aurkarien martxa kontrolpean izateko aukera izan du Txikia IV.ak, finalaren erdialdetik aurrera bakarrik lehenengo postuan finkatu denetik.

Hasiera baten azpeitiarren arteko norgehiagoka izango zela konfirmatuko zela eman du, Alberdi eta Larrañagak berehalako batean utzi baitituzte atzean Otaño eta gainontzekoak. Suposatzen zen Amundarain Soroa eta Mugerzak ez zutela podiumean sartzeko aukerarik izango, baina Otaño ere hasieran hain atzean ikustea harritzekoa izan da.

«Azkartu nahiz gero, baina hasieran geldo xamar, astiroegi, ekin diot», onartu du Beizamako aizkolariak. Alabaina, atzetik aurrerako bidean faborito nagusiaren «zigilua» zekarren Mikel Larrañaga airean pasa du.

Izan ere, Larrañagaren lanak, bere mailatik hain urruti eta hain lehertuta azkenean, harritu ditu Miribillan bildu dira 3.000 ikusle inguru horiek.

«Entrenamenduetan lan oso onak egiten ari nintzen baina egun oso txarra izan dut hasieratik. Sentsazio txarrak, hanketatik oso astun... Saiatu naiz Txikiaren erritmoa jarraitzen baina ezin izan dut», onartu du finalaren amaieran.

Iaz Iker Vicenteren atzetik bigarren sailkatu ostean txapela bereganatzeko hautagai nagusiena zirudien arren, egunik desegokienean aspaldiko egunik petralena nozitu du azpeitiarrak.

Esan bezala, Txikia IV.a, aldiz, lasai moldatu da. Amaitu ere fresko xamar –40 minututik gorako lanaren ostean «fresko» egoterik baldin badago– amaitu du. Ez da harritzekoa, hain zuzen, iaz Iker Vicentek baino hiru minutu pasa gehiago behar izatea 12 enborrak botatzen.

Behin 60 hontzako enborretara iritsita, Alberdik buruzagitza finkatu du finalean eta uste baino askoz errazago «gobernatu» du finala, bere entrenatzaile anjel Arrospidek bere garaian esaten zuen moduan.

Bistakoa izan da Mikel Larrañaga bere onenetik aparte izan dela –epai batzuetan gainera behar baino estuago hartu du enbor bat edo beste– eta gorantz baino gainbehera egin duela. Hala, azken kanaerdikoetara Otaño bere parean dela iritsi da eta Ugaitz Mugerza bera ere, laugarren alde handiaz izan bada ere, nahi baino hurbilago.

Azkenean, Larrañaga beteta zegoela ikusita, Otañok erritmoa apur bat bizitu du eta ia minutuko aldea aterata nagusitu zaio bigarren posturako lanean.

Hauen atzetik, Ugaitz Mugerza, Ibai Soroa eta Txomin amundarain sailkatu dira, hurrenez hurren. Azken hauek, Arribeko semeak biak, lehertuta amaitu dute, ordubetetik gora joan zaien lan itoan, hiru ordu inguru iraun dituen jaialdi berezi honi amaiera jarriz.

Erakustaldia, musika eta Nerea Arruti

Esan bezala, 3.000 ikusle inguru bildu ditu Sherpa.ai-ren Aizkolari Txapelketak eta hiru ordutara joan den ikuskizunak denetarik izan du. Hasteko, zutikako enborretan Eneko Saralegik eta Julen Kañamaresek zutikako enborrean erakustaldia eman dute, indarra eta abilezia uztartuz.

Ostean, eguneko lehenengo txapelketa jokatu da Emakumeen Aizkolari Txapelketako finala jokatu baitute Nerea Arrutik, Irati Astondoak eta Uxue Ansorregik.

45 ontzako lau enbor bota behar izan dituzte. Lehenen gotik Arrutik aurrea erraz asko hartu du, Euskal Pentathloiko txapeldun ez ezik, aizkolaritzan ere bera dela onena erakutsi nahian. Berak hartu du bederen palmaresean Karmele Gisasolaren lekua. Hirugarren enborrean enbor-begi petral askoa egokitu arren, Urnietakoa bikain moldatu da eta bi minutuko aldea pasa patera die bere bi aurkariei.

Bigarren posturako borrokan, Mdendaroko Uxue Ansorregik lehia polita izan du Irati Astondoarekin. Azkenean aizkolari bizkaitarrak lortu du bigarrel leku hori, neurri baten azken enborrean begi malapartatu batekin Ansorregik nahikoa zorte txar izan baitu.

Gizonezkoen finalaren aurretik, Zea Mays, Zetak eta Süne taldeen saio bereziak ere izan dira eta, hala, hiru ordu inguruko ikuskizuna osatu dute, aizkolaritzaren aire berriak erakutsiz. Honen helburua kultura sustatzea, ikusgarritasun handia ematea eta herri kirolera jende gehiago erakartzea da, futbola, beisbola edo arrauna bezalako beste kirolen modu berean, liga profesionalak dituztenak. 

Sailkapenak:

Gizonezkoen Txapelketa

1- Julen Alberdi ‘Txikia IV’.a  42.39

2- Eneko Otaño 45.16

3- Mikel Larrañaga 46.08

4- Ugaitz Mugerza 48.47

5- Ibai Soroa 1h02.02

6- Txomin Amundarain 1h02.37

Emakumeak

1- Nerea Arruti 12.16

2- Irati Astondoa 15.58

3- Uxue Ansorregi 17.52