«Sekulako bidegabekeritzat» jo dute gaur Baztango hamalau alkateek Erdizko meatzearen inguruan antolatuta zuten galdeketa Gobernu espainolaren Ordezkaritzak bertan behera uztea. «Arras larria» dela gaineratu dute Iruritan egin duten agerraldi batean Baztango herritarren iritzia jasotzeko aukera kendu dietelako.
«Zer kalte egin dezake herritarren iritzia ezagutzeak? Zertaz ez digute Baztango herritarroi iritzia ematen uzten? Zertarako balio dute Baztango ordenantzek? Non daude baztandarron eskubideak?», galdetu dute.
Izan ere, hilaren 10ean Guardia Zibilak kuartelera konbokatu zituen galdeketa egiterik ez zutela adierazteko Gobernu espainolaren Ordezkaritzaren errekerimendu bat zegoelako.
Erdizen zabaldu nahi den meatzari buruz galdetu nahi zuten alkateek. Baztango artzaiek erabiltzen dituzten zelaiak ondatuko lituzke Magna enpresaren meatzak eta kezka piztu du horrek bailaran.
Larunbateko galdeketa antolatzen saiatzen den bigarrena da eta biak zapuztuak izan dira. Guardia Zibilaren deia izan arte galdeketaren antolakuntzan normaltasuna aritu izan direla gogoratu dute. Horrela boto-paperak enkargatu, informazioa banatu, boto-ontziak lortu dituzte.
Navarra Sumari kritika
Azaldu dutenez, hilaren 10ean bertan jakin zuten Navarra Sumako parlamentaria den Isabel Olavek galdeketen inguruko galdera erregistratua du Nafarrroako Parlamentuan, «ordenantzek ahalbidetzen dutena zalantzan jartzen».
«Diotenaren arabera, kasualitateak ez dira existitzen eta pentsatzekoa da debekuaren jatorria Olaberen iniziatiban datzala. Hortaz, gure eskerrik ironikoenak helarazi nahi dizkiogu Olaberi, baztandarren ahotsa eta iritzia isilarazten saiatzeagatik hain zuzen ere», gaineratu dute.
UPNk, berriz, Olavek «erasoa» pairatu duela salatu du Parlamentuan aurkezturiko galdera karteletan zabaldu dutelako.
👉UPN denuncia acoso de opositores al proyecto de Erdiz contra la concejala y parlamentaria Isabel Olave
— UPN (@upn_navarra) November 14, 2022
❌Han distribuido carteles utilizando un documento registrado en el Parlamento por Olave en la que le acusan de ‘silenciar la voz de los baztandarras’https://t.co/RXbgg1QMvg
Alkateentzat «debeku honek eta lehen izandakoek Erdizeko afera gainditu dute». «Dagoeneko eztabaida ez da harrobia bai ala ez. Hemen benetako parte-hartzeaz eta demokraziaz ari gara solastatzen», gaineratu dute.
Gogoratu behar da Erdizko egitasmoa, Aroztegiakoa bezala, PSIS delako tresnaz garatzen ari dela eta, horren ondorioz, Nafarroako Gobernuaren eskuetan dagoela tramitazioa Baztango erakundeen gainetik pasaz.
Gauzak horrela, Baztango alkateek batzarreak deitu dituzte hilaren 20rako herri guztietan «demokraziaren sinbolotzat hartuta». Honekin batera, manifestazio berri batera deitu dute larunbatean bertan Elizondon.
«Gertatutako bidegabekeria salatzeko, herritarrak animatu nahi ditugu batzarretan eta elkarretaratzean parte hartzeko. Iritzia ematean ez baita deliturik», gaineratu dute.