Ez da egunero suertatzen, bere sorkuntza inprimategian papereratzeko unea autore baten ondoan bertatik bertara bizitzeko aukera. Are gutxiago hiru egilerekin. Andoaingo Leitzaran Grafikak-en lantegira sartu eta tinta usainez blaitutako lan giroa aurkitu dugu. Durangoko Azokan argia ikusiko duten zenbait izenbururen orriak ikus daitezke, bakoitza bere piloan, azaleztatuak izateko zain. Iritsi berriei aurpegian nabari zaie inprimatze prozesuak pizten dien jakin-mina. Joseba Larratxe ‘Josevisky’, Harkaitz Cano eta Unai Iturriaga galderak egiten ari zaizkie langileei.
Elkar argitaletxeko diseinu arduradun Juanma Aramendik egin die ongietorria. «Pasarte batzuk irakurtzeko aprobetxatu dut pleguetan, inprentan lanean ari ziren bitartean, eta erabat engantxatu nau! Oso ondo kontatuta dago. Eta surrealismo ero hori...!», aitortu die egileei.
Komikiaren lehen frogak zain dituzte hiru egileek. Koloreari arreta jarri dio Joseviskyk, haren intentsitateari, bereziki. Balekoa da. Eta minutu batzuetara iritsi da unea. Orriak ateratzen hasi dira. Begiek diz-diz egiten diete hirurei. «Proiektua izatetik errealitatea izatera pasatu da», diote. Poztasuna.
Lau urteko bidea. Arnasa luzeko proiektua da. Lau urte joan dira lehen pausoak eman zituztenetik. Kantari eta musikaria hil zeneko hamargarren urteurrenean Iturriagari enkargua egin zion Mikel Laboa Katedrak. «Harriduraz eta pozez» hartu zuen proposamena sortzaile durangarrak. Beldurra etorri zen segidan. Ataka estuan sentitu zuen bere burua. «Blokeo handia izan nuen. Bat-batean itzelezko ardura sumatu nuen», aitortu du. Joseviskyrengana jo zuen lehenengo, Canorengana ondoren.
Galtzak bete lan zuen garai hartan Larratxek. ‘Joana Maiz’ komikia zuen eskuartean. «Une hartan ezin nion baiezkoa eman, eta bihotza puskatu zitzaidan, niretzat Mikel Laboa, beste euskaldun askorentzako bezala, figura izugarri inportantea baita. Mikel Laboa Katedrak ez ditu argitaletxe baten denborak. Horri esker itxaron ahal izan zuten eta ikaragarri eskertua sentitzen naiz!», esan dio 7K-ri Joseviskyk.
Pagotxa izan da hirurentzat. Batetik, gisa honetako proiektuetan hain ohikoa ez dena, gauzak patxadaz egiteko astia izan dute. Eta, bestetik, askatasuna. «Mikel Laboa Katedraren eskuzabaltasuna» eskertu dute. «Baldintza onetan lan egin dugu. Zoritxarrez, salbuespenezkoak dira gure ekosisteman, hori da kontua», dio Canok.
Hilabete luzeetako lana dago atzean. «Joseba lanaldi osoan aritu da bi urtetan. Denera 2.200 ordu inguru izan dira, taximetroa jarrita egin du», azaldu du Canok. Buruaz baietz dio ondotik Joseviskyk. «Lehenengo aldiz egin dut ariketa, lan ordu guztiak kontatzearena. Marrazten eman ditudanak, ez bulegoko lan orduak. Papera, arkatza eta denbora, besterik ez da behar».
Ihesean. Erronka ez da makala izan. Marisol Bastida Laboaren emazteak idatzitako biografia –‘Memorias. Una biografía de Mikel Laboa’– eta Josune Albisuren liburua hartu dituzte abiapuntutzat, dokumentatzerako garaian. «‘Non dago Mikel Laboa?’ da azken honen izenburua eta gurea ‘Ni ez naiz Mikel Laboa’. Bitxia iruditu zait: bi izenburuak irakurrita, Mikel iheskorra dela ikusten dugu. Eta gustatu zait horretaz konturatzea. Denok daukagu bere irudia, baina argazkia atera nahian hasten zarenean beti desenfokatuta ateratzen da. Ihes egiten du. Atzetik gabilzkio gu, eta atzeman ezina da. Agian horregatik da hain polita proiektu hau», esan du Canok, irribarre artean. «Josebari esker ia-ia zerbait atzeman dugu, lortu du espresibitaterik gorena», gaineratu du. Nabarmena da hirurek elkarren lanari dioten mirespena.
Nondik hasi? Nola papereratu Laboaren dimentsio artistikoa? «Bakoitzarentzat zer den Mikel Laboa eta zer den bai ala bai kontatu beharrekoa, berak euskaldunon iruditerian suposatzen duena zehaztu genuen», azaldu du Canok. Ez zuten zalantzarik egin: inspirazio bila, Lekeitiorako bidea hartu zuten. Han elkartu ziren egun batzuetan, Gardatan. Laboatarren ama, zazpi seme-alabak hartu eta bertan zuen baserrira 36ko Gerra lehertu eta Donostiatik ihesean joan zenekoa gogoan. Han bizi izan zuen Gernikako bonbardaketa Mikel txikiak, hiru urte zituela. «Superstizio modukoa izan zen, nahi baduzu». Gernikak presentzia berezia du proiektuan.
Erabakiorra izan zen egonaldia. «Arbel handi batean atalak izan zitezkeenak idazten hasi ginen hirurok», kontatu dute. Iparrorratza hartu? «Nik esango nuke iparrorratza hartu, lurrera bota eta zapaldu egin zuela Harkaitzek», bota du ondokoen barre artean. «Hain lotua nengoen kronologiari, historiari..., berari esker jolaserako aukera ikusi bainuen. Eta mitoa puskatzeko gai izan nintzen», aitortu du Iturriagak.
128 orri. Katebegiak bezala osatzen aritu dira. Bata bestearen akuilu. Lehenengo hogei orriak Canok idatzi zituen. Hortik aurrera, batek ideia bota, besteak horri heldu, eta hirugarrenak are urrunago eraman. Elkar elikatuz.
Pausoak eman ahala bidea zehazten joan dira. «Laboa komikiaren istorioan bertan joan da bizitza propioa hartzen», azaldu du.
«Josebak egiten zituen proposamenak gure lengoaiaren parte bihurtzen ziren. Eta hemendik hilabete batzuetara ez dut jakingo zer idatzi zuen Unaik eta zer nik; hori seinale ona da, oso nireak sentitzen ditut denak», gaineratu du Canok.
Jostaria. Sorkuntza prozesuak asko izan du jolasetik. «Tonu jostaria izango zuela erabaki genuen. Ezin dugula solemnitatetik, katarsitik edo ‘lekeitioetatik’ bakarrik kontatu. Laboa ez dakit nongo Olinpoan balego bezala. Ez, Laboa hori baino askoz gehiago zen. Bere izaera jostariarekiko zorra sentitzen nuen. Eta horrekin batera, arriskua. Bazen arriskuak hartzen zituen pertsona bat, inor izan bada, eta zor genion komikiaren laguntzaz arriskuak hartzea, jolasteko», kontatu du Canok.
Biografiatik aldendu nahi izan dute. «Biografia hertsi, zehatzetik aske lan egitea izan da proiektu honen gozamena. Kronologiak baino pasarteen errelebantziak agindu du, eta horrek eman dio pausajea edo zera bat», esan du Canok.
«Zaila zen biografiatik egitea. Izan ere, gutako bakoitzak daukagu geure Laboa. Hainbeste suposatu du, eta hain modu berezian... Zeren, ez dut uste hain ezaguna denik gure herrian. Baina segur aski gure artista bakarrenetakoa da euskal komunitatetik aparte bere oihartzuna eta aldarrikapena dituena», Iturriagaren iritzian.
Canok ‘Fakirraren ahotsa’ nobela bukatu berria zuen. Erabakigarria izan zen, Laboarengana nondik ez hurbildu erabakitzerakoan. «Jende guztiak daukanean anekdota bat artistarekin, edo kontzertu edo kantu batekiko lotura oso pertsonala, edo kalean ikusi dutenean –Imanol asko ibiltzen zen kalean, berdin Mikel, eta Donostia aldean zer esanik ez– jakitea jendeak badaukala ideia bat liburuan topatu behar duenaz... huts egin ezin duena. ‘Hori ez badago ez da’... sentsazio hori eduki nuen ‘Fakirraren ahotsa’ nobelarekin, eta tonua hartzeko orduan errealismotik aldendu behar nuen. Laboarekiko nire ikuspegiaz aparte, bazen aurreko liburuarekiko kontrapisu nahia ere. Noski, horretarako komikiak ematen dizkizu nobelak ematen ez dituen tresnak», kontatu du.
Western giroan hasten da lehenbiziko kapitulua. Zein Laboa aurkituko dute irakurleek? Garbi dio Iturriagak: «Ez dakit irakurleek zer espero izango duten, baina askoren usteak hautsiko ditu. Inork ezingo du esan komikian Laboa ez dagoenik. Beste gauza bat da ‘nire’ edo ‘zure’ Laboa... Baina ezaugarri nagusiak badaude».
«Mikelek ate asko dauzka», Canoren esanetan. Zaila egin zaio aukeratu beharra. «Besteak beste, Atxagarengana eta Sarrirengana nola iritsi ginen asko? Mikelen koplak entzunda. Eta Bertold Brechtengana? Mikel entzunda. Nola iritsi ginen musikarekin azala lazten duen, musika edo hotsa edo zarata den oso seguru ez dakigun John Cage delako batengana? Mikelen bitartez. Eta tradiziora? Eta Zumetarengana? Uf! Niri, zorionez, orain sartzen ari zait Unairi duela lau urte sartu zitzaion panikoa, eta orain ez dauka erremediorik!». [barreak]
«Diskoak hor daude eta beti egongo dira, Marisolek idatzitako memoriak hor daude eta horiek ere beti egongo dira –hori bai da biografia–, Mikel Laboaren bizitzaz zehatz jakin nahi duenak hor dauka materiala. Honek beste zerbait izan behar zuen. Gainera, ohorea eta justizia egitea zen zerbait libreagoa egitea komiki batean, berak inspirazioa aurkitu zuen gauza horietan zentratuz», Joseviskyren aburuz.
Kolore neurtuak. Begiratu hutsera, koloreak pizten du begien arreta komikiaren orrietan. Zuri-beltza, kolore apalak eta, tarteka, kolore biziko detaileak ikus daitezke han-hemen. Emaitzaz gustura ageri da marrazkilaria. «Momentu jakin batzuk nabarmentzeko erabili nahi nituen kolore biziak, dena modu horretan eginez gero ez baita nabarmentzen. Kapitulu bakoitzak bere kolore gama du. Mikel inspiratzen duten uneekin lotuta daude kolore biziak. Batetik, batasun estetikoa ematen diote komikiari eta baliabide narratibo bezala ere erabil dezakezu. [Jose Luis] Zumetari ere keinu egiten dioten kolore primarioak dira. Sormenarentzako mugak oso onak dira, beste jolas batzuk egitea ahalbidetzen du. Horrez gain, ekonomikoagoa ere bada kolore gutxirekin lan egitea».
Zumetarekin batera beste artista batzuen ‘cameoak’ ditu komikiak. Ez Dok Hamahiru, Jorge Oteiza... aurkituko ditugu komikiaren pasarteetan. Eta narrazioan kabitzerik izan ez duten aurpegi ugari aurkituko ditu irakurleak orri berezi batean. Euskal kulturgintzako eta nazioarteko izen handiak. Joseviskyk irakurleei egindako keinua. «Pertsonaien desglosea jarri dugu amaieran, bakoitzaren aurpegia izenaz lagunduta. Kantu pila bati egiten diogu erreferentzia, eta abestien zerrenda ere zehaztu dugu», argitu du Joseviskyk.
Asebeteta ikusten dira egindako lanarekin. «Hasierako blokeoa gaindituta, komikiaren erditik aurrera pentsatu nuen: ‘hemen zerbait polita dator’. Ez da komiki bat gehiago izango» Iturriagaren esanetan.
«Egorik ez da existitu eta dena obraren aldekoa izan da, oso erraza. Gozagarria izan da elkarrekin lan egitea», diote hirurek. «Ez dakit tokatuko zaidan berriz Euskal Herrian proiektu garrantzitsuagorik, hain interesgarririk komikigintzan», egin du zalantza marrazkilariak. «Gaztea zara oraindik!», bota dio Canok. «Bai, baina ez daude hainbeste Mikel Laboa», Larratxek.