NAIZ
Donostia

ELA, LAB eta Steilasek Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko «desadostasuna» adierazi dute

ELA, LAB eta Steilas ez datoz bat Lakuak aurkeztutako Hezkuntza Lege aurreproiektuarekin. Donostian egindako elkarretaratzean haien ezezkoa helarazi eta legeak izan beharko lituzkeen hainbat puntu plazaratu dituzte.

LAB, ELA eta Steilasek greba eta mobilizazioak deitu dituzte datozen asteetan.
LAB, ELA eta Steilasek greba eta mobilizazioak deitu dituzte datozen asteetan. (LAB )

ELA, LAB eta Steilas sindikatuek elkarretaratzea egin dute asteazken honetan Lakuako Gobernuaren Donostiako egoitza aurrean, Hezkuntza Lege aurreproiektuarekiko desadostasuna adierazteko. Sindikatuek EAErako Hezkuntza Lege aurreproiektuari ezezkoa esateko, beraien eskaerak plazaratzeko eta Lakuak Legebiltzarrera bidali beharreko behin betiko lege-aurreproiektuan zein ondorengo Hezkuntza Legean eragin eta eskaera horiek jasoak izateko asmoz mobilizazio eta greba dinamika bat dute adostua.

Lege hori «publikoa ardatz izango duen legea» izatea aldarrikatu dute, «segregazioari aurre egin eta gizarte kohesioa bermatuko duena». Era berean, «publifikazio marko eta araudi orokor eta adostua ezartzea» defendatzen dute sindikatuek, «inbertsio eta baliabide nahikoa izango dituen hezkuntza legea» izan dadila. 

Modu berean, euskara «erdigunean» jartzea eskatzen dute, «betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak dituen lege» batekin. «Hezkuntza sistema osatzen dugun langile guztion enplegua eta lan baldintza egokiak bermatuko dituen legea nahi dugu», azpimarratu dute. «Merkatuen interesen gidaritzatik eta enpresa pribatuen negozio esparrutik at egongo den eta parte-hartzailea den legea nahi dugu, langileak aintzat hartuko dituena».

Zentzu horretan, datorren azaroaren 30erako eta abenduaren 14rako deitutako greba eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete langileei, «adostutako aldarrikapenak behin betiko aurreproiektuan zein legean jasota gera daitezen». Era berean, ikastetxeetan mobilizazioekin bat egin dezaten, azaroaren 18an sarrera eta irteeratan elkarretaratzeak egin eta argazkiak ateratzera gonbidatu dituzte.

Haien iritziz, «EAEko Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborroa aztertuta, egungo hezkuntza eredu duala betikotu eta gainditze bidean jartzen ez duela» baloratu dute hiru sindikatuek. Bide beretik, «sare publiko bakar, euskaldun eta propiorako bidea egin beharko lukeen legea behar dugula» nabarmendu dute sindikatuek.

Honela, Hezkuntza Legearen behin betiko aurreproiektuan sindikatuen aldarrikapenak jasoko ez balira, egindako mobilizazio eta greba dinamikak baloratu eta ondoren etorriko den Legebiltzarreko izapidetzan zehar, hurrengo mobilizazio dinamika definituko dutela ere baieztatu dute.