NAIZ
Bilbo

«Brouard eta Muguruzaren ekarpena» ekarri du gogora Sortuk hilketen urteurrenaren atarian

Bilbon ostegun goiz honetan egindako oroimen ekitaldi batean, Sortuk Santi Brouard eta Josu Muguruzak egindako ekarpena ekarri du gogora, «Estatu terrorismoaren inpunitatea» salatzearekin batera. Igandean beteko dira hil zituztenetik 38 eta 33 urte.

Santi Brouarden kontsulta aurrean egin dute lore eskaintza.
Santi Brouarden kontsulta aurrean egin dute lore eskaintza. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bizkaiko Sortuk gogora ekarri ditu Santi Brouard eta Josu Muguruza ezker abertzaleko kideak gaur Bilbon, haien hilketen urteurrenaren bezperetan. Santi Brouarden kontsultaren aurrean egindako lore eskaintzan ezker abertzaleko hainbat kidek bat egin dute «Brouard eta Muguruzaren ekarpena gogora ekartzeko, Estatu terrorismoaren inpunitatea salatzeko eta ezkerreko independentismoaren proiektua inoiz baino indartsuago dagoela aldarrikatzeko».

Igandean egingo diren ekitaldietan parte hartzeko deia egin du Paul Lakak, Sorturen Bizkaiko arduradun politikoak. Haren esanetan, «Estatu egiturek antolatutako gerra zikinaren biktimak dira biak. Estatu terrorismoa ez zelako soilik GAL izan, ezta ere soilik Batallon Vasco Español edo AAA. Barrionuevok esana du, argi eta garbi: gerra zikinaren atzean Estatu arrazoia defendatzeko Estatu egiturek antolatutako eta finantzatutako sare oso bat zegoen. Hortik aurrera, denok dugu argi erantzuleak, izen eta abizenekin, zeintzuk diren».

Barrionuevoren hitzek ez dutela «ezer berririk» ekarri onartu du Lakak. «Beti jakin dugu Estatua prest dagoela eskura dituen tresna guztiak erabiltzeko euskal independentismoaren aurka». Hala ere, horrelako adierazpenek «min egiten jarraitzen dutela» nabarmendu du. «Ez esandakoagatik bakarrik, erabateko inpunitatez sentitzen diren horiek hori guztia erabat lasai esateko gauza direlako baino. Azken batean, Estatu arrazoia defendatzen dute eta Estatuak defendatu egiten ditu».

Eraso horiek ez zutela ezker abertzalea «isilaraztea» lortu nabarmendu du Lakak, «ilegalizazio estrategiak gu politikoki zokoratzea» lortu ez zuen moduan. «Alderantziz, ezkerreko independentismoa inoiz baino indartsuago dago eta hori neurri handi batean Santiren eta Josuren moduko kideei esker izan zen. Zuen konpromisoa, zuen borroka, eta zuen herriarenganako lotura ditugu, oraindik ere, eredu ezker abertzaleko kideok. Etorkizuna irabazteko bidean, gogoan zaituztegu», gaineratu du.

Igandean, hilketen urteurrenean, oroimen ekimenak izango dira ere bizkaitar hiriburuan. 12.00etan lore eskaintza eginen zaie Ametzolako parkean eta ordu erdi beranduago ekitaldia egingo da Errekaldeko plazan.