NAIZ

Ikasturte honetarako plangintza aurkeztu du KoopFabrikak

«Proiektu bizien bidelagun» izateko xedez ikasturtean zehar egin behar dituzten formakuntza eta bidelaguntza saioen berri eman du KoopFabrikak. Programaren antolakuntzan parte hartzen duten zenbait erakunde egon da aurkezpenean.

KoopFabrikako ikasturte berriaren aurkezpena.
KoopFabrikako ikasturte berriaren aurkezpena. (KoopFabrika)

KoopFabrika programaren baitan hasi berri den ikasturtean egitekoak diren formakuntza eta bidelaguntza saioak aurkeztu dituzte ostegun honetan. Bertan izan dira antolakuntzan parte hartzen duten hainbat erakunde: Olatukoop, Mondragon unibertsitateko kooperatibismoaren ikertegia den Lanki eta GEZKI, EHUko Gizarte Ekonomia eta Zuzenbide Kooperatiboaren Institutua, bai eta programaren finantzatzaile den Gipuzkoako Foru Aldundiko Ekonomia Sustapeneko, Turismoko eta Landa Inguruko Sailaren ordezkariak ere. Ekintzailetza sozial kooperatiboan oinarrituz, proiektu profesional eta ekimen sozio-ekonomikoak martxan jartzen laguntzeko programa da KoopFabrika eta 2017an jarri zuten martxan.

Ordutik, hainbat proiekturen bidelagun izan dira. Tartean, Herrerako Auzo|co sukaldea. Bertako kide den Unax Seges Intxaustik honakoa adierazi du: «Guk buruan genuen ideia errealitatera eramateko baliabideak eman dizkigu KoopFabrikak». Maider Gaztelumendi Fagoaga Luma moda etikoa proiektuaren sustatzailea da eta KoopFabrikaren laguntza izan du prozesuan: «Hasi nintzenean, nik enpresa plan bat egin nuen autonomo bezala, baina KoopFabrikak eskaini dit plan horretan beste balio batzuk kontutan hartzea».

Aurten, urtarrilaren 23an abiatuko da Ekintzailetza Kooperatiboko Eskola. Haren baitan 12 formakuntza saio izango dira Donostian, astelehen eta asteazkenetan, martxoaren 1era bitartean. Izena eman nahi duenak urtarrilaren 16ra arte dauka aukera, koopfabrika.eus webgunean. Eskolaren ondoren, bidelaguntza eskainiko du KoopFabrikak maiatza-ekainera arte, hala behar duten proiektuentzat.

Eskola eta bidelaguntzaz gain, KoopFabrika Zabaltzen izeneko saio batzuk egingo dira Gipuzkoan, Ekonomia Sozial Eraldatzailearen eta Ekintzailetza Sozialaren inguruko hainbat gai lantzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean Joseba Amondarain Senperenak KoopFabrikaren hiru balio nabarmendu nahi izan ditu: «Euskara, kooperatibismoa eta emakumeen parte hartzea, eta pertsonekiko eta lurraldearekiko konpromisoa». Talaios kooperatibako kide eta KoopFabrikako bidelagun den Gorka Julio Hurtadok adierazi du sumatzen ari direla bidelaguntzek aldaketa bat sortzen dutela: «Prozesu bat den heinean, aldaketa ez da bakarrik proiektuan gertatzen, aldaketa sortzen da bilatzen dugun eraldaketa horren bidean».