AS MONAKO 79 - SASKI BASKONIA 74
Merezimenduak sobera egin dituSaski Baskoniak AS Monakoren kantxan baina hatzen artetik ihes egin dio garaipenak. Azken minutuetan 66-69 aurretik iritsi dira Joan Peñarroyarenak, baina azken une horietan AS Monakok asko gogortu du defentsa, epaileek hala utzita, eta Elie Okobo azaldu da gainera markagailuari buelta emateko.
«Galtzeak beti emanten du mina, baina jokalariei esan diet etxetik kanpo irabazteko bidea hauxe dela. Bi minutu baino gutxiagoren faltan berdinduta geunden eta kontraerasoan kale egin dugu. Hauek ere gertatu egiten dira, baina bide zuzenean goaz», esan du neurketa ostean Joan Peñarroyak
Ez dira gauzak ondoegi hasi, Darius Thompsonek nahi baino arinago bi falta egin ostean aurrez zazpi puntu sartu eta gero. Hala ere, Baskoniak defentsan ez du lekurik galdu eta Mike Jamesek ere errazegi saskirako bidean aurkitu bazuen ere, erantzuna berehala iritsi zen. 20-14 atzetik egotetik lehenenfo laurdena 20-24 amaitu da, gasteiztarren alde. Dani Diezek hegal-pibot postuan lan oso txukuna egin du, batez ere defentsan eta errebotean sendotasuna emanez taldeari Sedekerskis eta Costellorekin batera. Kanpotik, berriz, Pierria Henry eta Markus Howardek erritmoa aurkitu dute Monakoren defentsari min emateko.
Alabaina, bigarren laurdenarekin Baskoniaren zenbait aje agerian geratu dira. Esaterako, Kurucs eta Raiesteri epaileek dieten errespetu eskasa. Pertsonalak errazegi jaso ditu talde gasteiztarrak eta modu horretan puntu erraz larregi pilatu ere bai Monakok. Horrez gain, Ouattara eta Elie Okobo arazorik gabe mugitu ahal izan dira, Markus Howarden defentsa eskasa baliatuta.
Erasoan Pierria Henryk etorri bikain askoarekin jarraitu du bederen eta Costellok zein Dani Diezek erasoan jaurtiketetan ez dute barkatu. Ezta Donatas Motiejunasek ere, ordea, etxekoentzat. Hala, markagailuan aurrea zeinek hartuko sokatira horretan AS Monakok atera du abantaila. Baskoniak 28 puntu «irentsi» ditu bigarren laurdenean eta tira, eskerrak gasteiztarren erasoa ere txukun aritu den –bidean jaurtiketa libre larregi utzi arren–. Txarrenera ere, atsedenaldian 48-45 atzetik iritsi dira Peñarroyarenak. Zentzu horretan, Darius Thompson eta Pierria Henry elkarrekin aritzeak sendotasuna eta saskira begira nolabaiteko fintasuna eman dio Baskoniari.
Abantaila txikia
Atsedenalditik bikain itzuli da Saski Baskonia. Defentsan sendo eta erasoan Henry eta Kotsarren artean 0-8ko partziala lortu dute Peñarroyarenek. Tamalez, alde handiagoa atera ezinik geratu dira arabarrak eta AS Monakok pixakanaka esnatzea lortu du, batez ere Donta Hall, Okobo eta Diallo kantxara atera direnetik aurrera.
Mike Jamesek 53-54koa ezarri du, baina Baskoniak beste aurrerapauso bat eman du, Markus Howard, Tadas Sedekerskis, Dani Diez, Pierria Henry eta Costelloren eskutik 0-7ko partziala lortu ostean. Costellok errebotean inork uste baino gehiago zigortu du AS Monako eta azken laurdenera Peñarroyarenak markagailuan ez ezik, jokoan ere aurretik iritsi dira, Sasa Obradovicek zuzentzen duen taldea bere jokotik erabat kanpo eta ideia askorik gabe, baina merezi baino alde txikiagoarekin, nolanahi: 58-63.
Monako ere ez da egon baina partida botatzeko, eta defentsan askoz gogorrago hasi da lanean. Erasoan Donta Hall eta Jordan Loydekin pixkanaka hurbiltzea lortzeaz gain, gasteiztarren erasoa erabat agortu du, banan banako talentura mugatuz Baskoniaren eraso ia bakoitza. Eskerrak tartean Costellok Donta Halli kontraerasoa mozteko sekulako txapela jarri zion. Hala ere, 66-67 jarri zen etxeko taldea Loydek hirukoa sartu odstean.
Kotsar kantxara itzulita beste ahalegin bat egin du Baskoniak, baina AS Monakok Elie Okobo antolatzaile frantziarra aurkitu zuen partidako azken minutuetara begira. Baskonian, gainera, Pierria Henryk min hartu zuen kontraeraso bat antolatzen ari zela, eta aldiz, Markus Howard, Giedraitis eta enparauek ez dute inola ere saskiratzen asmatu.
Epaileek ere une horietan bere hondar aletxoa ezarri dute etxekoen alde eta jaurtiketa libreen marratik «azken igurtzia» eman dio Monte-carloko taldeak gehiago merezi izan duen Saski Baskoniari.
PARTIDAKO FITXA:
AS MONAKO: Mike James (10), Jordan Loyd (12), Ouattara (9), John Brown (2) eta Motiejunas (11) –hasierako bostekoa–, Okobo (22), Diallo (4), Donta Hall (7), Moerman (2) eta Strazel.
SASKI BASKONIA: Darius Thompson (13), Vanja Marinkovic (), Rokas Giedraitis (), Dani Diez (12) eta Maik Kotsar (11) –hasierako bostekoa–, Pierria Henry (17), Markus Howard (3), Tadas Sedekerskis (6), Matt Costello (12) Sander Raieste eta Arturs Kurucs.
Epaileak: Belosevic, Dragojevic eta Trawicki. Daris Thompson egotzi dute bost faltarekin.
Partzialak: 20-24, 28-21, 10-18, 21-11.
Gorabeherak: Euroligako zortzigarren jardunaldia, Salle Gaston Medecin pabiloian jokatu dena. Pierria Henryk min hartu du partidako azken aldera nahiz eta jokatzera itzuli den. Aldiz, Adrien Moerman aldageletara joan behar izan da min hartuta.