Nerea Lauzirika
Santurtzi

Duela 85 urte erbesteratutako umeak omendu dituzte Santurtzin

Erbesteratutako umeak omendu dituzte Santurtziko kofradian, ebakuatu zituzteneko 85. urteurrenean. Sobietar Batasunera, Erresuma Batura eta frantziar Estatura bidali zituzten haurrak, 36ko Gerratik eta frankismotik salbu jartzeko. Haietako batzuk ekitaldian izan dira, bizitakoa kontatzeko.

Imanol Basañez eta Iluminada Fernandez, eskulturarekin.
Imanol Basañez eta Iluminada Fernandez, eskulturarekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Aurten bete dira 85 urte 36ko Gerratik ihesi ehunka ume itsasontziz Sobietar Batasunera, Erresuma Batura eta frantziar Estatura bidali zituztenetik. Omenaldia egin diete Santurtziko kofradian, bertan itsasontziratu baitziren ebakuatu zituztenean. Kaian bertan eskultura bat inauguratu dute.

Ekitaldian izan dira umetan erbesteratu zituztenetako batzuk eta baita hainbat kargu publiko ere: Aintzane Urkijo Santurtziko alkatea eta hainbat zinegotzi; Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Lakuako sailburua; Jose Antonio Rodriguez Ranz, Giza Eskubide, Memoria eta Lankidetzako sailburuordea; Aintzane Ezenarro, Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuko zuzendaria; eta Derek Doyle, Erresuma Batuko kontsul izandakoa. EH Bilduko, PSOEko eta Ahal Duguko hainbat ordezkari ere egon dira.

Aurkezlearen ondoren Aintzane Urkijo alkateak hartu du hitza. Bizitakoa kontatzeak duen garrantzia nabarmendu du eta haurrak zirenean erbesteratutakoei zuzendu zaie: «Kontatzen ez dena ez da existitzen, eta zuen historia existitzen da».

Jarraian, Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak 2018 eta 2020 bitartean jasotako testigantzak batzen dituen bideoa eman dute. Bertan agertzen ziren bi emakumeen txanda iritsi da orduan. Biek ala biek 90 urte baino gehiago dituzte egun, baina ezin hobeto gogoratzen dute bizi izandakoa. Flori Diazek 10 urte zituen ebakuatu zutenean eta Erresuma Batura eraman zuten. Victoria Ortegak ere hartu du hitza eta kritiko mintzatu da: «Omenaldia berandu heldu da, Asturiasen 2005ean jarri zuten monumentua».

Diazen eta Ortegaren ondoren Iñigo Urkullu lehendakariak hartu du hitza: «sendotasunaren adibide izan zineten». Halaber, gogoan hartu ditu ebakuazio-espedizioetan lagundu zieten pertsona guztiak. Kanpoaldean jarraitu du ekitaldiak. Eguraldia zela-eta, Urkullu lehendakaria, Artolazabal sailburua, Rodriguez Ranz sailburuordea, Gogorako zuzendaria eta Santurtziko alkatea baino ez dira irten. Haiekin batera kendu diote estalkia eskulturari Iluminada Fernandezek eta Imanol Basañezek, hauek ere umeak zirela ebakuatutakoak. Jarraian, aurreskua dantzatu diete omenduei.