NAIZ

Zuberoa jatetxeak eta Xixilio Maritxalarrek jasoko dute 2022ko Oarsoarrak euskara saria

Oarsoarrak Euskararen Saria Zuberoa jatetxeari eta Xixilio Maritxalarri. Euskara sustatzen, bide berriak irekitzen, eta euskarari eusten egindako lanagatik jasoko dituzte sariak abenduaren 2an.

Zuberoa jatetxea eta Xixilio Maritxalar 2022ko Oarsoarrak sarien irabazle
Zuberoa jatetxea eta Xixilio Maritxalar 2022ko Oarsoarrak sarien irabazle (Oarsoarrak)

2010az geroztik Oarsoaldeko Euskara Batzordeak ematen ditu Oarsoarrak Euskararen Sariak, eta aurten, Zuberoa Jatetxeak eta Xixilio Maritxalarrek eskuratuko dute. Eskualdeko euskalgintzako ordezkariek erabaki dute nori eman sariak. Maritxalar hautatu dute euskararen erabilera areagotzeko bideak jorratzen egindako lanagatik eta ezarritako oinarriengatik. Eta Zuberoa jatetxeari, hasiera-hasieratik jatetxean euskarari zor zaion lekua eman izanagatik eta gerora ere hala jarraitzeagatik, euskal sukaldaritza euskaraz egiten.

Xixilio Maritxalar Labandibar errenteriarra da. Familiarengandik hartu zuen euskararekiko eta euskal kulturarekiko maitasuna. 2000. urtetik Errenteriako Lau Haizetara Euskaldunon Elkartean ari da euskara sustatzen. Mintzalaguna egitasmoaren sortzaileetako bat izan zen; argi ikusten baitzuen euskaraz bizi zirenen eta euskaraz bizi nahi zutenen arteko zubiak eraiki beharra zegoela. Horrez gain, haurrentzako Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejiraren sustatzailea ere izan zen bere herrian, Errenterian.

1970ean Oiartzungo Iturriotz auzoko Garbuno baserrian Arbelaiztarrek zabaldu zuten familiako jatetxea da Zuberoa. Euskal sukaldaritza tradizionalean oinarrituz, joera berriak ere bere egin dituen estiloa da Zuberoa jatetxearena. Familia baserrian aritzen zenean, euskaraz bizi ziren eta jatetxeko lana hartu zutenean ere euskaraz jarraitu zuten normaltasun osoz, hori baitzen haientzako «bide naturala». Gastronomia alorrean diren sari ia guztiak jaso dituztelarik, ez diote euskarari inoiz uko egin eta euren nortasun ikur izan da ibilbide guztian barrena. Zerbitzua euskaraz eman diote nahi izan duen guztiari eta euren sukaldean euskara izan da lan hizkuntza nagusia.

2022ko Oarsoarrak saria abenduaren 2an jasoko dute sarituek, iluntzeko 19:00etan, Pasai Donibaneko Juanba Berasategi aretoan egingo den ekitaldian. Ekitaldi irekia izango da, ohi bezala.