NAIZ

EH Bilduk Ongizate Hitzarmena 250.000 herritarrekin «sozializatzea» hartu du erronkatzat

Ongizate Hitzarmenaren hamar «neurri zehatzak jendarteratzeko» ekintza komunikatibo zuzena egiten dabiltza EH Bilduko kideak larunbatean hainbat hirigune eta herrietan. 250.000 herritarrengana iristea da erronka, Nerea Kortajarenaren arabera.

EH Bilduko kideak Ongizate Hitzarmenaren berri ematen, Iruñeako merkatal gune batean
EH Bilduko kideak Ongizate Hitzarmenaren berri ematen, Iruñeako merkatal gune batean (FOKU)

Larunbat goizean abiatu du EHBilduk Ongizate Hitzarmena «sozializatzeko» ekintza komunikatibo zuzena. Pasa den larunbateko mobilizazioan banatzen hasitako eskuorrien bidez Ongizate Hitzarmeneko neurriak herritarren artean zabaltzea da asmoa, eta Euskal Herriko hirigune eta herri ezberdinetan abiatu dute kanpaina.

Nerea Kortajarena legebiltzarkideak Donostian komunikabideen aurrean egindako adierazpenetan azaldu du gaurko egunaren esanahia: «Inflexio puntu bat da helburu bat baino gehiago, zerbait berriaren hasiera; herritarrentzat lan egitea, baina herritarrengandik gertu egonda».

Miren Zabaleta Nafarroako EH Bilduko arduradun politikoa ere gaur ekimenean parte hartzen egon da, Iruñean, eta adierazi du «ariketa kolektibo masiboa» dela egiten ari direna: «EH Bilduk, egoera sozial eta ekonomikoari aurre egiteko egin duen proposamena jendarteratzeko ariketa da».


Kortajarenaren iritziz, EH Bilduk instituzioetan egiten du lan, baina kaleetan presente egonez. Azaldu duenez, eskuorriak banatu eta kalean dabiltzan herritarrei bertan jasotzen den edukia azalduz, EH Bilduk «bultzada bat» eman nahi dio herritarrekin duen harremanari. Eta horretarako, Kortajarenak nabarmendu du tresnarik eraginkorrena komunitatea dela: «Gure komunitate aktiboak urrea balio du, bera da tresnarik egokiena honetarako».

«Komunikazio zuzenaren bidez, aurrez aurreko komunikazioaren bidez alegia, etsipena itxaropena bihurtzeko gai» izango direla esan du legebiltzarkideak, eta gogorarazi du EH Bilduren Ongizate Hitzarmenak «krisiari aurre egitea eta herri honentzako norabide berri bat finkatzea» duela helburu. Horretarako 10 neurri «zehatz» jasotzen direla adierazi du eta «eskuz esku» banatuko direla, «herritarrei gure hitza zuzenean helarazteko».

Zabaletak, berriz, azaldu du aipaturiko hamar neurri zehatzek zeri egiten dioten erreferentzia: «Proposamen honen bidez politika publikoen norabidean eragin nahi dugu, eta horretan ari gara. Hamar neurri proposatzen ditugu: bost aberastasunaren banaketarako eta beste bost zerbitzu publiko eta komunitarioen indartzerako. Zentzu horretan aurrekoentuen eztabaidan eragiten ari gara Madrilen, eta Nafarroakoetan ere eragin dugu».

EH Bilduren alor mobilizatzailea goraipatu du Kortajarenak: «Joan den larunbatean abiatu genuen mobilizazioaren bidean sakondu nahi dugu gaur, EH Bilduren oinarri soziala masa aktibista bihurtuz, eta herritarrak zuzenean informatuz, joan den larunbatean Bilbon izan zen olatu handia Euskal Herriko toki guztietara eraman ahal izateko». Erronka horri lotuta dago gaurko ekimena, «250.000 pertsonarengana heltzea da erronka: Laudiotik Durangora; Portugaletetik Irunera; Lizarratik Gasteizera eta Donostiatik Iruñera», gaineratu du.

«Akordioak edukiaren arabera»

Kortajarenak nabarmendu du EH Bilduk «akordioak» bilatzen dituela, «proposamen horien edukiaren arabera». Horren adibide gisa aipatu du aste honetan bertan EH Bilduk akordioa lortu duela Madrileko Gobernuarekin, euskal ogasunek jaso dezaten bankuei eta enpresa elektriko handiei ezarritako zerga berria. «Ez hori bakarrik, zerga hori aldi baterakoa ez izatea aztertzeko konpromisoa hartu dugu», azpimarratu du. Bere ustez, hori da «EH Bilduk politika egiteko duen modua».

«Herritarrek gure proposamenen edukiak ezagutzea merezi dute, eta gaur EH Bilduren komunitatea ekintzara pasatu da, gehiengoaren ongizatea bilatzen duten eduki horiek zuzenean euskaldunen eskuetara irits daitezen», amaitu du.