NAIZ

Sasoiko lehen oztopoak sortu ditu elurrak Pirinio eta Arabako hainbat errepidetan

Belagua portua itxita dago mugatik aurrera eta bertaraino iristeko beharrezkoak dira kateak eta Ibañetako portuan Guardia Zibilak hainbat auto lagundu behar izan ditu elurragatik. Lakuako Segurtasun Sailak Azazeta, Herrera eta Opakua mendateetatik gidatzekotan arretaz egiteko gomendioa egin du.

Mugatik aurrera errepidea itxita dago Belaguan.
Mugatik aurrera errepidea itxita dago Belaguan. (Larra Belagua)

Beharra zeukan lurrak euria jasotzeko. Eta asteburu honetan zein datozen egunetan izanen dugu bere berri. Atzo eta gaur, gainera, elurra ere ikusi ahal izan dugu mendi ez oso altuetan.

Udazkeneko lehen elurteak larunbat honetan iritsi dira Arabako mendate batzuetara, baina oraingoz errepide guztiak zabalik daude. Araban, Lakuako Segurtasun Sailak Azazeta, Herrera eta Opakua mendateetatik gidatzekotan arretaz egiteko gomendioa egin du, elurra eta izotza direla eta. EAEko gainerako bide-sarean ibilgailuak normaltasunez ibil daitezke.

Nafarroan, aldiz Estatuko Meteorologia Agentziak iragarria zuen larunbat honetarako zaparrada handiak eta iraunkorrak izango direla isurialde atlantikoan, alerta horia baitago hamabi ordutan metro koadroko lau litro pilatzeko arriskuagatik.

Buletinak gaineratzen duenez, elur-kota 1000-1200 metro inguruan egongo da, nahiz eta goizean zehar beherago ere ikusi ahal izan den lurraldeko eremu askotan. Egunaren amaieran 1200-1400 metrora igoko da kota. EAEn pixka bat gorago kokatuko da, baina antzera.

Oraingoz, nafar Gobernuak bi inzidentziren berri eman du: Batetik, Belagua portua itxita dago mugatik aurrera eta bertaraino iristeko beharrezkoak dira kateak. Eta bigarrenik, Ibañetako portuan dagoen elurra dela eta, Guardia Zibilak hainbat auto erreskatatu behar izan ditu elurrarekin ez atzera ez aurrera geratzearen ondorioz. Bidea garbi dago, baina «beharrezkoa» ez den kasuetan errepidean ez ibiltzeko deia egin dute.

Euri-jasa handiak

Euskalmeten arabera azken 24 orduetan 55,2 litro/m2 erori dira Behobian. Lakuako Gobernuaren Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzak abisu horia ezarri du larunbat honetan, etengabeko euriteengatik, 24 ordutan 60 litro/m2 baino gehiago pila baitaitezke Gipuzkoako zenbait tokitan, bereziki ekialdean.

Larunbat honetarako aurreikuspenen arabera, zaparrada ertainak botako ditu, iraunkorrak, batez ere kostaldean eta ekialdean, batzuetan handiak izan baitaitezke. Egunaren bigarren partean 10-20 litro/m2 pila daitezke isurialde kantauriarreko zenbait tokitan, eta 1-5 litro/m2 isurialde mediterraneoan.