NAIZ

Baiona eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua etenik, eguraldiak hala aginduta

Meteofrancek alerta laranja piztu du euri jasa eta uholdeen arriskuarengatik eta horia, aldiz, ibaiek gainezka egiteko arriskuarengatik. Pirinio Atlantikoen departamenduari dagokion neurriak lehen ondorioa izan du, Baiona eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua eten egin dutelako.

Uholde arriskuagarik alerta laranja pizturik da Ipar Euskal Herrian. (Guillaume FAUVEAU)
Uholde arriskuagarik alerta laranja pizturik da Ipar Euskal Herrian. (Guillaume FAUVEAU)

Astelehen arratsaldeko 15.00etan eten egin dute Baiona eta Donibane Garazi arteko tren zerbitzua. Akitania Berria eskualdeko tren sareko arduradunek jakitera eman dutenez, gaurko 21.00ak arte behintzat ez da trenik ibiliko.

TER zerbitzuaren arduradunek oroitarazi dutenez, Pirinio Atlantikoen departamenduan alerta ordu bata aldera piztu dute alerta laranja eurite eta uholde arriskua altua delako.

Alerta laranjaren egoera gutxienez astearte goizeko 6.00etara arte izanen da indarrean.

Urdazuri eta Errobi ibaiek gainezka egin dezaketela ohartarazi du Prefeturak, ibai ertzetan bizi diren biztanleei ohiko prebentzio neurriak hartzeko deia luzatuz. Alerta horia indarrean da bi ibaiei horiei dagokionez.

Hain zuzen, uholdeak jasotzeko arrisku berezia duten etxe edo lokaletan altzariak eta balioa duten objektuak babespean jartzeko aholkua eman du Prefeturak.

Oro har herritarrei ahal den eta gehien haien joan-jinak murrizteko eta toki itxietan geratzeko gomendioa eman die Pauen bere egoitza nagusia duen Estatu ordezkaritzak.

Era berean, errepidea oztopatzen duten ur putzuak autoarekin ez zeharkatzea gomendatzen da.

Gaur eta bihar arratsalde artean 60 eta 80 mm euri orduko espero dira. Hala ere, meteofrancek eginiko aurreikuspenen arabera hainbat tokitan 90 mm neurtzera heldu daiteke. Finean 1.200 metro altueran elurra orokortu daitekeela ohartarazi du aipaturiko meteorologia agentziak.

Itsasoari dagokionez olatu azkarrak daude Lapurdiko kostan eta horrek zaildu dezake hain zuzen ibaien gehiegizko emariaren itsasoratzea.

NAIZek eguraldi aurreikuspen zehatza eskaintzen du.