NAIZ

Bidasoak, Europako hurrengo fasean egoteko, %33ko aukerak izan ditzake HC Motorren aurka

Jacobo Cuetara entrenatzailearen ustez, astearte honetako neurketa (Artaleku, 20.45), multzo faseko hirugarrena, oso garrantzitsua izan daiteke talde irundarra EHF European Leagueko Last16ean egon ahal izateko.

Bidasoa Irunek gogor jokatu beharko du HC Motorren aurka.
Bidasoa Irunek gogor jokatu beharko du HC Motorren aurka. (Jon URBE | FOKU)

Bidasoa Irunen aurtengo denboraldia azken urteetakoekin konparatzen badugu, esan daiteke talde gipuzkoarra ez dagoela iragan hurbilean zegoen maila berean. Ez emaitzen aldetik, behintzat. Rodrigo Salinas eta Victor Rodriguezen ausentziak –txiletarra lesionaturik jarraitzen du eta bigarrena errotazioetan sartzen hasia da jada–, Kauldi Odriozolaren irteerarekin bat, asko nabaritzen ari dira. Kopatik kaleratuta eta Asobal Ligako goiko postuetatik aldenduta –are gehiago asteburuan Granollersen aurka galdu ostean–, Jacobo Cuetararen taldeak EHF European League txapelketa du motibazioarekin jarraitzeko.

Ezin da aipatu gabe utzi talde honek momentu zailenetan ateratzen duen indarra, eta bertan jokalari gazteak ere azpimarratzekoak dira. Astearte honetako HC Motor taldearen aurkako Europako partida (Artaleku, 20.45) bultzada bat izan liteke bertako sentsazio onak ondoren Ligara eramateko eta talde osoa "entxufatuta" izateko.

Bidasoako entrenatzailearen ustez, gainera, biharkoa klabea izan daiteke hurrengo fasera sailkatzeko. Oraindik oso goiz da horri buruz hitz egiteko, hamar jardunalditik bi besterik ez baitira jokatu eta Bidasoak garaipen bat –Aguas Santas Milanezaren aurka– eta porrot bat –Fuchse Berlin faboritoaren aurka– ditu sailkapenean. Multzo bakoitzeko lehenengo lau taldeak sailkatuko dira Last16ra, baina Cuetararen iritziz, «sailkapenaren %33a partida honetan egon daiteke ziur aski».

«Ahalik eta urrutien iristeko motibatuta» ikusten du bere taldea eta multzoko azkena den HC Motorrek askotan erabiltzen duen gehiegizko gogortasunari nolabaiteko muta jartzeko eskatu die epaileei. «Indar eta altuera askoko taldea da, oso sendoa, eta kontaktuetan epaileek noraino jartzen duten muga partidako klabea izango da», adierazi du asturiarrak.

Hori bai, aurkariak «maila jaitsi duela» aipatu du jokalari garrantzitsu batzuk utzi baitzuten kluba Ukrainako gerrarengatik. Hala ere, «nazioarteko jokalariak ditu, hau Europa da eta neurketa guztiak zailak dira», ohartarazi du.