Zerocalcare (Michele Rech) komikilari italiarraren azken lana euskaraz publikatu du Farmazia Beltza argitaletxea, Koldo Izagirreren itzulpenarekin. Gaur goizean izan da auzkezpena, Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean.
Joan den urrian publikatu zen Italian ‘No sleep till Shengal’ (BAO Publishing). Ia berreun orrialdetan, 2021eko udaberrian eta udan Sinjarreko zonaldera egindako bidai bat kontatzen du autoreak. Han jezidiak bizi dira, azken urteetan sarraskitua izandako herria.
David Zapirain, Farmazia Beltzeko ‘guardiako botikarioa’k adierazi duenez, 234.000 ale argitaratu dituzte Italian, han Zerocalcarek izar estatusa dauka, mundu osoan bere komikien bi milioi ale baino gehiago saldu dira, eta Netflixek marrazki bizidunen zortzi kapituloko serie bat egin zuen iaz.
Hau ez da bere lehen bidaia kronika. 2016n ‘Kobane Calling’ publikatu zen, 2020an euskaratuta. Orduan Kurdistanen bizitakoa marraztu zuen. «Zerocalcarek drama eta umorea tartekatzen segitzen du», argitu du Zapirainek.
Armadiloaren kameo laburra
«Armadiloak, Zerocalcareren kontzientziak, kameo labur bat egiten du, baina ez da barne kontakizun bat. Zero eta armadiloa gauza bera dira, eta kasu honetan Zerok kanpoan aurkitzen duen gauza bati ematen dio ahotsa», gehitu du.
«Sarraskia, triskantza, milaka hildako, emakume eta haur bortxatuak», hori dena sufritu dute jezidiek. Pertsonaiak ez dira fikziozkoak, dagoeneko bidai horretan ezagutu zituen asko hilda daude», adierazi du Zapirainek.
«Alde batetik Irak dago, eta lurralde honekin gertatu dena. Bestale, Turkiaren bonbardaketak. Komiki honek nola bizirauten duten kontatzen digu. Itxaropen mezua badago, baina zalantzak ere», komentatu du Farmazia Beltzeko arduraduna.
«Zerocalcarek esan ohi du berak egiten duena nahiko erridikuloa dela, marrazkitxo batzuk besterik ez dituela egiten. Baina beste aukera isilik geratzea izango zen», azpimarratu du.