NAIZ

Arkaitzerrekan gutxieneko emaria bermatzeko neurriak eskatu dizkio Usurbilgo Udalak URAri

Usurbilgo Udalak Arkaitzerrekan gutxieneko emari ekologikoa berma dezan eta ibar osoan kutsatuta dauden lur eta urak deskutsatzeko eskatu dio URAri.

Ponpaketa sisteman ez ezik, ibar osoan kutsatuta egon daitezkeen lurrak deskontaminatzeko ere eskatu du Usurbilgo Udalak.
Ponpaketa sisteman ez ezik, ibar osoan kutsatuta egon daitezkeen lurrak deskontaminatzeko ere eskatu du Usurbilgo Udalak. (Usurbilgo Udala)

Batetik, Arkaitzerrekan gutxieneko emari ekologikoa bermatzeko neurriak hartzeko eta, bestetik, ponpaketa sisteman ez ezik, ibar osoan kutsatuta egon daitezkeen lur eta urak deskutsatzeko neurriak hartzeko eskatu dio Usurbilgo Udalak Uraren Euskal Agentziari (URA).

Ohar baten bidez azaldu duenez, uztailean Arkaitzerrekan gertatutako isurketa baten berri izan zuen Udalak. Ondoren, laginak hartu zituen eta emaitzak aztertuta, Arkaitzerrekako uretan kloruro, amonio, konduktibitate eta DQO mailak ezohikoak eta oso altuak zirela konturatu zen. Horrela, emaitzak gai horretan eskumena duten erakundeetara bidali eta gaur egun jarraitzen duen zigor-prozedura hasi zuten.

Udaletxetik diotenez, joan den urriaren 28an, Uraren Euskal Agentziaren baitakoa den Ekialdeko Kantauriar Arroen Bulegoak honakoa jarri zuen jendaurrean, GAOren bidez: «Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak baimena eskatu du hau egiteko: Donostiako udalerrian (Gipuzkoa), Zubieta auzoan Arkaitz errekastora isurtzen duen cmg1 plataformako ibarbidearen hondoko drain-hodiaren irteeran ponpaketa-sistema bat eraikitzeko obrak egiteko baimen eskaera».

Beraz, baimen horren aurrean, Usurbilgo Udalak, alde batetik, Arkaitzerrekak Usurbilen izan behar duen gutxieneko emari ekologia bermatzea eta horretarako beharrezkoak diren neurriak hartzea eskatu du. «Arkaitzerreka zein ponpaketa sistema Donostian kokatzen diren arren, hortik 575 metro ingurura Usurbilgo udalerrira iristen da erreka, eta, ondorioz, ponpaketa sistema horrek eragin zuzena izango du Usurbilgo iritsieran ere», argudiatu dute.

Bestalde, ponpaketa sisteman ez ezik betelaneko ibar osoan kutsatuta egon daitezkeen cmg1-eko lurrak deskutsatzeko neurriak har ditzaten eskatu du, Usurbilen kokatzen diren lur eta Arkaitzerrekako uretan eraginik izan ez dezaten. Diotenez, cmg1 ibarbidearen hondoko drain-hoditik isurtzen diren urak ponpatzea da proposatu duten irtenbidea.

«Jakinda drain-hodiaren gaineko lurrak (betelana) kutsatuta egon daitezkeela, eta beraz ur kutsatuak drain-hoditik ez ezik, betelanaren beste gunetatik ere irten daitezkeela, Usurbilgo urak eta lurrak kutsa ditzakete», ohartarazi dute.