NAIZ

Belharra berriz altxatzeko aukera aipagai, segurtasunaren auzia oroitarazi du Prefeturak

2020ko urrian gutxigatik ez zen istripu larria gertatu Erlaitzako bidean. Belharra olatua ikusteko jendea trumilka hurbildu zen itsasbazterrera. Handik ordu batzuetara itsas labarraren zati handi bat amildu zen. Ostegun honetan Belharra espero denez, segurtasun auzia oroitarazi du Prefeturak.

2020an, Belharra azaldu eta ordu gutxitara luizi handia gertatu zen erlaitzeko bidea hestera eraman zuena. (Guillaume FAUVEAU)
2020an, Belharra azaldu eta ordu gutxitara luizi handia gertatu zen erlaitzeko bidea hestera eraman zuena. (Guillaume FAUVEAU)

Pirinio Atlantikoen Prefeturak agiria plazaratu du, ostegun honetan, hilak 24, Belharra olatua berriro ere altxatzeko aukera handiak daudela iragarriz.

Estatu ordezkaritzak oroitarazi duenez, hilabeteak dira Hendaia eta Zokoa arteko bideak itxita daudela, luizi arriskua handia delako.

Egoera horretan, Belharra ikusteko asmoz erlaitzera bertaratzeko asmoa ukan dezaketeen herritarrek «arrisku handia hartzen dutela» ohartarazi du Prefeturak.

«Erlaintzeko itsasbazterrean higadurarako joera handia izanik lur eta harrien amilgeratzeko arriskua guztiz erreala da» azaldu du Prefeturak, are gehiago azken egunotan izandako euriteen ondotik.

Bideetan ibiltzea soilik ez errepide bazterretan autoa uztea debekaturik dela oroitarazi du Prefeturak.

Dagoeneko saisoi honetako lehen Belharra altxatu zenean, iragan azaroaren 9an, poliziek hamarnaka autozaleei isunak jasotzeko arriskuaz oharrarazi zieten.

Ostegun honetarako polizi dispotsitiboa areagotzeko asmoa duela baieztatu du Prefeturak.

2020an ozta-ozta ez zen istripua gertatu

Hain zuzen, 2020ko urriaren 29an Belharra olatua agertu zenean gutxigatik saihestu zen ezbeharra.

Ohi bezala jende trumilka heldu zen orduan ere 20 metroko altuera har dezakeen olatu handia ikustera. Handik ordu gutxitara itsasbazterraren zati handi bat amildegiratu zen.

Luizi handi horren ondotik Prefeturak adituengana jo zuen itsas labarraz gain ondoan igarotzen den errepidearen egonkortasuna neurtzea galdetzeko.

Adituek egindako txostenek baieztatu zuten egoera aski ezegonkorra zela. Geroztik, higadurari loturiko bertze luiziak gertatu dira erlaitzako hainbat puntutan.

Pirinio Atlantikoen Prefeturak oinezkoentzako bidexkak behin-betiko hesteko agindua eman zuen 2021 azaroaren 10ean.

Hala eta guztiz ere, ezarritako hesiak eta debeku afixei muzin eginez ibiltari kopuru dezente dabil beti ere erlaitzako bidean, itsasoaren panoramikaz edo ilunabarraz gozatzeko prest.

Oinezkoentzako bidexkak soilik ez, autoak ahal den eta gehien baztertzeko erlaitzetik errepidea estutu dute.

Aspalditik eginiko txostenek 2045-2050ko zerumugan errepide hori ixtea aurreikusten zuten.

Are gehiago, higadura-prozesua areagotu denez, epeak murrizteko bidean dira.

Egoera horretan egungo ibilbideari alternatiba emateko beharra inoiz baino urgenteagoa bilakatu da.

Finean aterabide bi dira mahai gainean, lehena bidea metro batzuetan mugitzea da. Hendaiako auzapez den Kotte Ecenarrok betidanik horren aldeko apustua egin du, nahiz eta jakin hori ez dela aterabide «iraunkor» bat.

Bere helburua litzateke «20 edo 25 urte irabaztea», irtenbide tekniko eraginkorragoak bilatu bitartean.

Filipe Aramendik hainbat zailtasun ikusten dizkio plan horri. Era berean, erabateko itxierari loturiko erabakiek kezka eragiten diote, inguruan bizi direnentzako traba baitira.

Auzapez urruñarrak proposatzen du «bederen zirkulazioaren zati bat» A63 autobidera bideratzea eta eraginak pairatuko lituzkeen autobide zatia urririk izatea frantziar Estatuarekin negoziatu ondotik.