NAIZ

Lantokietan 183 sexu jazarpen kasu azaleratu ditu ELAren inkesta batek

ELA sindikatuak prekaritatearen aurkako kanpainaren baitan 402 lantokitan egindako inkesta batek 183 sexu jazarpen kasu agerian utzi ditu. Honen aurkako neurriak «ezinbestekoak» dira sindikatuaren ustez eta protokolo «eraginkorrak» martxan jartzearen beharra azpimarratu du.

Ezkerretik eskuinera, Nahia Fernandez, Leire Gallego eta Jone Bengoetxea, ELAko genero arloko kideak.
Ezkerretik eskuinera, Nahia Fernandez, Leire Gallego eta Jone Bengoetxea, ELAko genero arloko kideak. (Monika DEL VALLE | FOKU)

183 sexu jazarpen kasu azaleratu ditu ELAren prekaritatearen aurkako kanpainaren barruan 402 lantokitan egindako inkestak, langileek eurek hala aitortuta. Negoziazio kolektiborako honen aurkako neurriak eta protokoloak «ezinbestekoak» direla nabarmentzeko ekitaldi bat antolatu dute Agurainen ostiralean, azaroaren 25aren harira.

Honen berri eman dute Leire Gallego Genero eta Gizarte Ekintzako arduradunak eta Nahia Fernandez eta Jone Bengoetxea ELAko Genero ataleko kideek Bilbon eskainitako prentsaurrekoan.

Arazo «ikusezina» dela nabarmendu dute, diotenez, kasuetako hamarren bat baino ez baita azaleratzen. Jone Bengoetxeak enpresetan honen aurkako «neurri loteslerik» ez dagoela ziurtatu du, esan duenez, ez direlako sexu jazarpenerako beharrezkoak diren prebentzio eta aktuazio protokoloak martxan jartzen, ezta horiek eskatzen dituzten beharrezko baliabideak ere.

Enpresak sexu protokoloa izatera behartuta daudela gogorarazi du sindikatuak, baina betetzen ez dutela dio, ez delako beharrezkoa protokoloa duten edo ez ofizialki adieraztea eta ikuskaritzak ere ez duelako kontrolatzen. Hori da, hain zuzen, ezkutuan geratzen diren kasuen arrazoi nagusia, ELAren ikuspuntutik.

Lantokietako sexu jazarpenen %92a salatu gabe geratzen dela erakusten duen Deustuko Unibertsitatearen ikerketa batean oinarritu da sindikatua. Diotenez, arrisku psikosozialengatik hartutako bajen edo lan baimenen atzean maiz halako erasoak daude.

Sexu jazarpen horiek askotarikoak direla ziurtatu du Leire Gallego Genero eta Gizarte Ekintzako arduradunak; eraso fisikoetaz gain, ahozkoak ere bai, baina «ez horregatik larritasun txikiagokoak».

Jazarpena bereziki esparru soziosanitarioan gertatzen dela adierazi du: adinekoen erresidentzietan, etxez etxeko laguntza zerbitzuetan, besteak beste, jaso dira salaketak, %93a. Alde batetik, inkestetako asko esparru horretan egin direlako, eta bestetik, oso feminizatutako eta prekarizatutako esparruak direlako. «Ez da kasualitatea esparru honetan kasu gehien atera izana. Langile ratioak oso txikiak dira: langile gutxi izaten dira egoiliar asko artatzeko, eta askotan bakarrik daude espazio itxietan, komunetan, logeletan... horrek dituen ondorioekin. Gainera, behin-behinekotasunak, pobreziak eta langile askoren zaurgarritasunak salaketa jartzea zailtzen du», azaldu du Gallegok.

Protokoloak, legez

ELAk erakundeei eskatu die protokolorik izango ez duten enpresak zigortu ditzala. Honekin, alde batetik, erregistro ofizial bat sortu beharko luke Lakuak, Berdintasun Planekin egiten den moduan, eta ikuskaritzaren kontrola areagotu egin beharko litzateke, ikuskarien kopurua handituz, sindikatuaren arabera. Bestetik, Emakundek laguntza integrala eskaini beharko lieke jazarpena jasan duten langileei, eta arrisku psikosozialei dagokionez, lanpostuen balorazio guztietan aintzat hartu beharko da sexu jazarpena, ELAren iritziz.

«Negoziazio kolektiboaren bidez, ELAk lehen lerroan jarri nahi du protokoloaren gaia enpresa zein sektore hitzarmen negoziazioan», ziurtatu du Nahia Fernandezek. «Horretarako, sexu jazarpen protokolo propioa landu du ELAk, eta lantokiz lantoki proposatzen ari gara», esan du.

Horrela, eta Emakumeen kontrako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela medio, sindikatuak ekitaldi bat ospatuko du ostiralean bertan Aguraingo Harresi aretoan, sexu jazarpena pairatu duten hiru emakumeren testigantzekin.