Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

‘Ainarak’, Pirinioan barna espartinak egitera joaten ziren emakumeak omentzen dituen filma

Ostiral honetan, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako egunean, estreinatuko da ‘Ainarak’ dokumentala. Bertzeak bertze, Erronkarin eta Maulen erakutsiko dute Zuberoko hiriburuan espartinak egiteko urtero Pirinioa gurutzatzen zuten milaka emakume eta neskatxa nafar eta aragoitarren historia.

Ainarak hagitz gazteak ziren, tartean baziren 12 urteko neskatoak ere.
Ainarak hagitz gazteak ziren, tartean baziren 12 urteko neskatoak ere. (‘Ainarak’ filma)

1870 eta 1940 bitartean, urtero-urtero Nafarroa eta Aragoiko milaka emakume eta neskatxa gaztek –12 urtekoak ere baziren tartean– etxekoak agurtu eta Pirinioa zeharkatzen zuten Mauleko espartin fabriketan lan egiteko. Urriaren 7an ateratzen ziren eta ez ziren itzultzen udaberriko azken elurrak desagertu arte. Espartinak eginez, etxeko ekonomian laguntzen zuten, eta ezkontza puskak ere lortzen zituzten. Enarak edo ainarak deitzen zaie haiek bezala urtaro aldaketarekin batera bidaiatzen zutelako eta, gainera, beltzez janzten zirelako.

Migrazio masiboa izan zen: 1911n soilik, Maulera joandako 933 neska daude erroldatuta. Baina denbora luzean isildua izan da enaren hegaldia. Azken urteetan memoria berreskuratzen eta emakume horiek omentzen ari dira. Hor kokatzen da Juan San Martin eta Ritxi Lizartzaren ‘Ainarak’ filma, Anne Etchegoyen protagonista duena. Gidoia Marga Gutierrezena da eta argazkiak, Quim Torrensenak.

 

Paisaia ikusgarriak agertzen dira filmean. (‘Ainarak’)


Lizartzak erran duenez, aitorpena eta omenaldia egin nahi izan diete ainarei, «beren bailaretan errekonozimendua izan baitute baina kanpoan batere».

Emakumeen eskubideen aldeko keinua

Estreinaldia ostiral honetan, Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko egunean, izateak badu sinbolismoa. Etchegoyenek berak ‘No es no, Ez da ez’ abestia egina du Itziar Ituñorekin batera. Ainarak baliabide handirik gabe joaten ziren Maulera lanera, ohe bakarrean bost lagunek egiten zuten lo, soldata eskasa zuten. Sarri jasaten zuten bortxakeria. «Emakumeen eskubideen aldeko keinu txiki bat» da zuzendari eta ekoizle donostiarraren hitzetan.

 

Migrazio masiboa izan zen: 1911n soilik Maulera joandako 933 neska daude erroldatuta. Baina denbora luzean isildua izan da enara hauen hegaldia.

 

«Pozik nago –adierazi dio NAIZi Donapaleuko abeslari eta konpositoreak–. Lan handia izan da, urte eta erdiz ibili gara jo eta ke denak elkarrekin, eta gustura nago emaitzarekin. Orain ikusiko dugu zein emozio pizten dizkion publikoari», bereziki ainaren oinordekoak dauden herrietan.

Emanaldiak

Ostiral honetan Iruñeko Golemen (18.00etan, Anne Etchegoyenen zuzenekoarekin), Gasteizko Floridan (17.30) eta Donostiako Principen (19.00) emanen dute filma. Igandean Donostiako Principen proiektatuko dute berriz, Etchegoyenen zuzenekoarekin oraingoan (19.00), eta Uztarrozen ere bai (18.00).

Astelehenean Bilbora (Golem Alondegia, 18.15, Etchegoyenekin) eta Madrilera iritsiko da (Golem, 18.15, Elena Gusano pelikulako partaidearekin). Asteartean Gasteizera (Florida, 19.30, Etchegoyenekin). Eta abenduaren 4an, Maulera (17.00, Etchegoyenen zuzenekoarekin) eta Erronkarira (18.00).

 

Lehenbiziko ideia elkarrizketak egin eta testigantzak jasotzea bazen ere, musika sortzeko gogoa sentitu eta pelikularen soinu banda ere egin zuen Anne Etchegoyenek, ainaren konplak berrinterpretatuz. 

601 Producciones-ekin batera pelikula ekoitzi duten Maluta Films-ekoek egin zioten parte hartzeko proposamena Donapaleuko abeslariari. Erabat harrapatu zuen historiak. Eta lehenbiziko ideia elkarrizketak egin eta testigantzak jasotzea bazen ere, musika sortzeko gogoa sentitu eta pelikularen soinu banda ere egin zuen, ainaren konplak berrinterpretatuz.

«Natural, lasai» atera zaizkio doinuak, Aragoitik Maulerako bidaian elkarrizketatu duen jendeak «inspiratuta», baita paisaia ikusgarriek ere, bertzeren artean Bardeek.

Lekukotasun aberatsak

Artxibozainekin elkartu da, ikerlariekin, ainaren ondorengoekin –Erronkaribar, Zaraitzu eta Aragoiko Anso ibarretako biztanle gehienek dute loturaren bat haiekin–, mendi gidekin, idazleekin... Aberatsak dira testigantzak, baita hizkuntzen aldetik ere: Erronkariko euskaran, zubereraz, gaztelaniaz, frantsesez eta Aragoiko fablan mintzo dira protagonistak.

 

Anne Etchegoyen espartingile batekin elkarrizketan. (‘Ainarak’)


Ez dago ainararik Etchegoyenen familian, baina Maule ondoan sortua izanik hurbilekoak ditu. «Zerbait banekien baina historia handia dokumentalean lanean deskubritu dut. Gauza asko ikasi ditut, funtsezkoak bi: milaka emakume eta neskaren historia, eta garaiko testuinguru sozioekonomiko eta politikoa, oso ezberdina Ipar eta Hego Euskal Herrian eta Pirinioaren bi aldeen artean. Nafarroa eta Aragoiko ainarek Maulera lanera joan behar zuten, baina ametsak ere bazituzten: bizi berri bat ezagutu zuten».

 

«Nafarroa eta Aragoiko ainarek Maulera lanera joan behar zuten, baina ametsak ere bazituzten: bizi berri bat ezagutu zuten». 

Estatu espainiarraren aldean kontestua ez zen ona, eta oinez egin behar zuten bidaia, elurretan, hotzak hilak. Izen poetikoaren gibelean bizipen latzak daude, lanaldi luzeak, baina baita deskubrimenduak ere. Oihalak, etxetresnak eta bertze gauza aunitz erosi zituzten etxerako edo ezkontza puskak egiteko.

Denbora pasa arren, gai berak

Ainarak muga, migrazio eta emakumeen sinbolo dira. Etchegoyenen iritziz, «tristea da ondorioa: denbora pasatzen da, baina gaiak berdinak dira».

Lizartzak kontatu duenez, etorkin gisa hartu zituzten emakumeok. «Alde horretatik ez dugu asko aurreratu. Hobe litzateke horretaz ikastea orain etortzen direnak hobeto tratatzeko».

Ainarak familia xumeetatik zetozen, ez zuten onarpen sozialik, eta ez zuten sobera kontatu beren historia. «Gizon almadiazainen historiak, adibidez, ezagunak dira, jai bat ere badute. Espartingileen testigantzak, ordea, ez dira asko, eta hori ez da bidezkoa. Elkarte eta ikerlari batzuk lan handia egiten ari dira memoria berreskuratzeko. Funtsezkoa da hori», azpimarratu du Donapaleuko sortzaileak.

Bere musikan istorioak kontatzea maite du, eta horren barruan bada lan sakonago bat, sustraiak ezagutzeko. «Inportantea da gure lanari zentzua ematea», dio.

Ainaren bidaia eta bere bidaia propioa, biak egin ditu Anne Etchegoyenek, «beti ainarak buruan». Eta emakume hauen inguruko bertze egitasmo batekin ari da orain.

Proiektu zabalago baten parte

Filma ere transmedia proiektu zabalago baten atal bat da. «Informazio asko bildu genuen: muga pasatzeko agiriak, fabriketako materialak, fakturak, gutunak... Eta geure buruari esan genion: zergatik ez dugu katalogo lan bat egiten? Ainarak.eus webdoca sortu genuen lehenbizi, eta ostean egoki ikusi genuen dokumental bat egitea. Gauza gehiago egiteko asmoa dugu, eskoletarako material pedagogikoak besteak beste», agertu du Donostiako zuzendari eta ekoizleak.

 

«Pirinioa ez zen haustura bat, baizik eta lotura bat», nabarmendu du zuzendariak. «Bertako biztanleak harremanetan zeuden, euskaraz bereziki. 

Kantugintzak garrantzia duelako aukeratu zuten Etchegoyen, eta baita hiru kultura eta hizkuntza ezagutzen dituelako ere. «Pirinioa ez zen haustura bat, baizik eta lotura bat», nabarmendu du Lizartzak. «Bertako biztanleak harremanetan zeuden, euskaraz bereziki. Ansoko hizkera ere inportantea da eta gurekin hain ongi portatu direnez aurre estreinaldia egin dugu bertan, justu adineko egoitza baten parean. Emakume haien seme-alaba asko bizi dira bertan».

Antonio Jesus Gorria Ansoko adituak Pirinioetako herri bat sortzeko ametsa aipatzen du. Tartean mendia izanda ere, erlazio handia zuten: artzaintzan, basoan, ainaren bidez, elkarren artean ezkontzen ziren, kulturak nahasten zituzten...

Uztarrozeko Fidela Bernat, erronkarieraz mintzatzen zen azken emakumea, ainara izan zen. Zubereraren antza zuenez, komunikatzea erraza zen. Baina erronkariera eta zaraitzuera galdu ziren neurrian gehiago erlazionatu ziren bertze hizkuntzetan.

Ahalduntzeko prozesu bat

Emakume hauek ahalduntzeko prozesu bat egin zutela azpimarratu du Ritxi Lizartzak: «Oso gazte ateratzen ziren, eta 12-16 orduz lanean hasten ziren fabrikan, etxean ere bai. Gaztaroa pasa eta nerabezarotik heldutasunera igarotzen ziren zuzenean. Baldintza eskasetan zeudenez, beraien artean elkartasun izugarria zuten».

 

Espartingintza industriala eta indartsua izan zen, 800 langileko enpresak zeuden gehienez 5.000 biztanle izan zituen Maulen. Gaur egun, artisau erara itzuli da.

Ainarak arrazoi ekonomikoengatik joan ziren arren, ezin da ahaztu independentzia ere irabazten zutela, eta esperientzia berriak, salto handia zegoelako orduan Bidasoaren alde batetik bertzera: Maule hiri puntakoa zen, diru aunitz mugitzen zen, belle epoque garaia ere bazen, pentsa zer izanen ziren hegoaldekoentzat hango musikak, orrazkerak, janzkerak. «Dei efektu hori gertatzen zen: arropa eta orrazkera ezberdinekin bueltatzen ziren eta joateko irrikatzen egoten ziren guztiak». Ehunka neska gazte han bizita, besta giroa ere bazegoen.

Espartingintza industriala eta indartsua izan zen, 800 langileko enpresak zeuden gehienez 5.000 biztanle izan zituen Maulen. Gaur egun, artisau erara itzuli da. Zuberoko hiriburuko biztanleria 3.000ra jaitsi da, eta horietatik %30 inguru ainaren oinordekoak dira, aunitzek han osatu zutelako familia. Berezia izanen da inondik ere bertako emanaldia.