Manex Altuna

Biarritz bigarren postuan kokatu da eta Avironek iazko txapeldunaren zelaian galdu du

Biarritzek 20 eta 8 irabazi dio La Provence taldeari eta Avironek ezin izan du punturik lortu Montpellier taldearen kontra (35-14). Ordiziak, Gernikak eta Eibarren emakumezkoen taldeak igandean jokatzen dute.

Avironek galdu egin du Montpellier taldearen zelaian.
Avironek galdu egin du Montpellier taldearen zelaian. (Pascal GUYOT | AFP)

Aviron porrot batekin itzuliko da Montpellier taldearen zelaitik. Baionako taldeak 60 minutu on jokatu ditu. Markagailuan aurretik joan da hainbat momentutan Germainek lortutako zigor kolpeei esker eta Martin Bogado argentinarrak egindako entseguarekin. Hala ere, behera egin du azken txanpan eta ezin izan du punturik eskuratu. 35 eta 14 galdu du Avironek joan den denboraldian liga irabazi zuen taldearen kontra eta Top 14ko sailkapenean gaindituko dituzte baionarrak.

Aste honetan Arthur Iturria jokalari baionarra Avironera itzuliko dela datorren denboraldian ezagutu da. Clermont utzi eta lau urterako kontratua sinatu du hirugarren lerrokoak. Aldi berean, lehen aipatutako Martin Bogado argentinarrak taldea utziko du urtarrilean. Zelanda Berriko Otago Highlanders taldera joango da.

Biarritz, aldiz, Pro D2 ligako bigarren postuan kokatu da. La Provence taldeari 20 eta 8 irabazi zioten ostiral arratsaldean eta 35 puntu pilatu dituzte 12 jardunalditan. Hirugarren sailkatua den Grenobleren aurka jokatuko dute hurrengo partida etxetik kanpo.

Ordiziak eta Gernikak igande eguerdian jokatuko dituzte Ohorezko Mailako partidak. Gipuzkoarrek El Salvadorren kontra neurtuko dituzte indarrak Altamiran. 6 puntu lortu dituzte lehengo lau partidetan eta aurkari gogorra izango dute aurrean. Ligako bigarren postuan kokatuta daude 19 punturekin, Quesos Entrepinares liderrak baino bat gutxiago. Lau partida irabazi dituzte eta bat galdu.

Gernikak Universidad de Burgos hartuko du Urbietan. Bizkaitarrek ez dute oraindik punturik batu jokatu dituzten lehen lau partidetan. Burgosek, berriz, 14 puntu ditu.

Azken bi asteetan partidarik jokatu gabe egon ondoren, emakumezkoen txapelketa ere itzuliko da Eibarrera igande arratsaldean Unbera (16.00etatik aurrera). Sailkapenaren zuloan daude bi punturekin. Ez dute partidarik irabazi oraindik. Aurkaria izango den Complutense sailkapenean aurretik duten taldea da 7 punturekin.