NAIZ

%100eko jarraipena izan du grebak Amazon Trapagaranen: 20.000 paketetik gora banatu gabe

LABek adierazi duenez, %100eko jarraipena izan du Amazon Trapagaranen astelehen honetan izandako grebak. Ostiralean deitu zuten 24 orduko lanuztea gaurko, Ciber Monday egunerako alegia.

Goizean Trapagaranen Metalgintzako lankideekin batera egindako protesta.
Goizean Trapagaranen Metalgintzako lankideekin batera egindako protesta. (FOKU)

«Langileen babesa erabatekoa izan da, urriaren 17ko lanuztean gertatu zen bezala, gaur langileen %100ek greba egin dute, aginte-lerroak bakarrik sartu dira lanean», LABek adierazi duenez. Ciber Monday da gaur, beraz, ohikoak baino salmenta gehiago izango ditu multinazionalak. Ondorioz, pakete gehiago egongo dira banatzeko, baina Amazoneko Trapagaraneko zentroko langileen grebaren ondorioz 20.000 pakete baino gehiago banatu gabe geratu dira.

Grebara dei egitean azaldu zutenez, langileek Amazonek Trapagaranen duen logistika zentrorako hitzarmen propioa eskatzen dute. Izan ere, egun Bizkaiako garraio hitzarmena aplikatzen zaie eta salatu dute ez dela egokitzen «horrelako logistika zentro baten ezaugarrietara». LABek adierazi duenez, langileak «nazkatuta daude gero eta asteburu gehiago lan egin behar izateaz inolako pizgarririk gabe, Amazon multinazionalak urtero etekin ekonomiko estratosferikoak dituen bitartean».

Halaber, sindikatuak salatu du «langileen gehiengoak jasaten duen prekarietatea, banaketaz arduraten diren azpikontratetakoak barne, Amazoneko langile izan beharko liratekeen arren». LABek jakitera eman duenez, Amazoneko zuzendaritzak oraindik ez die erantzun langileei, eta «ez da gai LABeko ordezkariekin lantokian biltzeko, lan-gatazka honi irtenbidea aurkitu ahal izateko».