NAIZ

Palestinarekin elkartasunean mobilizazioak egin dituzte Bilbon eta Donostian

Palestinarekin Elkartasunaren Nazioarteko Egunean kalera atera dira Donostian eta Bilbon hainbat erakunde eta taldek deituta. Asteazkenean Gasteizen hitzaldi bat antolatu dute.

Palestinari elkartasuna adierazteko kontzentrazioa Donostian.
Palestinari elkartasuna adierazteko kontzentrazioa Donostian. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak israeldar eta palestinar estatuak sortzea aurreikusten zuen 181. ebazpena onartu zuenetik 75 urte bete dira astearte honetan, Palestinarekin Elkartasunaren Nazioarteko Eguna. Mobilizazioak egin dituzte arratsaldean Bilbon eta Donostian eta asteazken honetan elkartuko dira hitzaldi batean Arabako hiriburuan.

Paz con Dignidad nazioarteko elkartasunaren, giza eskubideen, lankidetzaren, ikerketaren, hezkuntzaren eta informazioaren esparruan lan egiten duen gobernuz kanpoko erakundeak deitutako mobilizazioak izan dira, eta beste hainbat elkartek ere babestu dituzte.

 

Erakunde horrek zabaldutako ohar batean dioenez, 2022 urtea «Palestinako herriarentzat odoltsuenetako bat izateko bidean da». Israelgo okupazioak 130 palestinar baino gehiago, 30 adingabeak, hil dituztela gogorarazi dute eta Zisjordaniako palestinarren aurkako errepresioa azken asteotan «nabarmen» handitu dela azpimarratu dute.

Bide batez, Israelgo apartheid sistema nazioarteko komunitatearen eta CAF bezalako enpresen «konplizitateari» esker ahalbidetzen dela salatzen dute, «Israelen okupazio kolonialaren proiektua sendotzen laguntzen baitute Palestinan».

Asteazkenean, Gasteizen Palestinaren okupazioaren eta sionismoarekiko euskal konplizitateen testigantzak partekatuko dituzte Agus Gorbeak eta Esther Muñozek Hala Bedi tabernan 18.30ean emango duten hitzaldian, ‘Palestinako okupazioa hementxe hasten da!’ izenburupean.

«Israelek Palestinako lurraldea okupatzeko duen planak inoiz baino gehiago indarrean jarraitzen du, eta Netanyahu boterean dagoela, are gehiago indartuko da», ohartarazi du Paz con Dignidad GNOak.