NAIZ

Urdaibaiko itsasertzaren babesaren murrizketa salatu du EH Bilduk

EH Bilduk Bizkaiko Batzar Nagusiei eta espainiar Trantsizio Ekologikorako Ministerioari eskatuko die argi dezatela zergatik baimendu den Urdaibaiko itsasertzaren babes-metroen beherapena, Murueta ontziolen lurretan Guggenheim Museoaren azpiegoitza bat eraikitzea errazteko.

EH Bilduk Urdaibaiko itsasertzaren babesaren murrizketa argitzea eskatu du.
EH Bilduk Urdaibaiko itsasertzaren babesaren murrizketa argitzea eskatu du. (EH BILDU)

Aurreko astean Gobernu espainolak, Bizkaiko Foru Aldundiak eskatuta, Urdaibaiko itsasertzeko babes-metroen beherapena baimenduko duela iragarri zuen. Eskaera hori duela urtebete baino gehiago egin zuen aldundiak Murueta ontziolen lurretan Guggenheim Museoaren azpiegoitza bat eraikitzea errazteko.

Koalizio subiranistak galdetu du ea babes-metroen aldaketa hori ingurumenean duen eragina kontuan hartuta egin den.

Aldundiak babesa jaistea posible dela justifikatzeko, bere garaian, 2004. urtean, mugaketa oker egin zela argudiatu du. Aldiz, EH Bilduk gogoratu duenez, 2012an Bizkaiko Foru Aldundiak berak defendatu zuen mugaketa hori Auzitegi Gorenean.

«Museo berriaren eraikuntzaren iragarpenaren aurrean, zuhurtziaren printzipioa aplikatu behar dela uste dugu, eta horrek ingurunearen eta kostaldearen babes-arauak errespetatu behar direla esan nahi du. Era berean, horrelako izaera duen proiektu posible bat gizarte-eragileen parte-hartzera zabaldu behar dela uste dugu, eta orain arteko parte hartze falta nabaria kudeaketa defizit nabarmena da», adierazi du EH Bilduk.

Gainera, beste gai batzuk ere alde batera utzi direla salatu du, «hala nola, zonaldearen uholde-arriskua, kota baxukoa baita eta Gernika-Mundakako itsasadarraren ondoan baitago».

Aurreko galderak eta beste batzuk Bizkaiko Batzar Nagusietan eta Kosta Ministerioan bertan egingo ditu EH Bilduk, «gaia sakon argitu dadin».