![‘Elkarlan Uholdea’ aurkeztu dute Bilboko Konpartsek, 1983ko hondamendia konpontzen aritu zirenen omenez.](/media/asset_publics/resources/000/954/478/article_main_landscape/konpartsak_uholdea.jpg)
Uholdeak gertatu eta 40 urtera Bilboko Konpartsek hondakinak kentzeko eta berreraikitzeko bilbotarrek izan zuten ausardia gogora ekarriko dute ‘Elkarlan Uholdea’ izeneko kanpainaren bidez. Ahalegin kolektiboaren argazki sorta erakusten duen 2023ko egutegia aurkeztu dute asteazken honetan.
Aste Nagusia bete-betean harrapatu zuen uriolak, abuztuaren 26an, egun handian. Itsasadarrak gainezka egin zuen baina «herri baten indarra azaleratu zen», Garazi Askasibar eta Iñigo Iglesiasek Konpartsen Federazioaren izenean aldarrikatu dutenez.
«Adin guztietako bilbotarrak, katiuskak eta palak hartuta, elkarlanean aritu ziren, basa eta hondakinak gure kale, etxe eta dendetatik ateratzen», gogorarazi dute. Aste Nagusian gertatu zenez, Konpartsei egokitu zitzaien lan horren antolakuntza, une horretan hirian zegoen talde antolatu nagusia zen eta.
Egutegia sortzeko Euskal Museoak eta Bilboko Udal Agiritegiak utzitako argazkiak erabili dituzte, «herritarrek orduan egindako ahalegin itzela islatzeko». Bi euroan salduko da eta mozkinen erdia Etxaldeko Emakumeak taldearentzat izango da.
Urte osoan zehar hainbat ekintza egingo dituzte ‘Elkarlan Uholdea’ren baitan, Bilboko auzoetakoen bizipenak jaso eta partekatuz, erakusketa eta hitzaldien bidez.
«Orduko egoera ez zen gozoa Bilbo hartan; Aste Nagusia pozaren eztanda behin-behinekoa izaten bazen ere, euskal gizarteak arazo handiak bizi zituen 80ko urteen hasieran: bortizkeria, errepresioa, heroina eta desindustrializazioa, besteak beste. Baina hura guztia nahikoa ez eta uholdeek sastakada larria eman zieten hainbat familiari gurean», azaldu dute.
Bide batez, ezbeharrei aurre egiteko elkarlanaren eta elkartasunaren garrantzia azpimarratu dute, «zoritxarrak prest eta indartsu aurki gaitzan, beti». Ildo horretatik, osasun krisialdian sortutako elkartasun sareek 1983ko elkarlana inspirazio-iturri izan zutela esan dute.
Duela bi aste zendu zen Lurdes Luque Bilboko Konpartsen lehendakari izandakoa ere gogora ekarri dute: «Uriolak bizi izan zituen konpartsakide gazte moduan eta beti egon zen prest behar zen unean egoteko, denona denaren alde lan egiteko».
![Estebandomeno](/media/asset_publics/resources/001/135/856/article_thumb_horizontal/Estebandomeno.jpeg)
Cien años del primer muerto en el recorrido del encierro y algo de porno
![Indurain-villavesa2](/media/asset_publics/resources/001/136/510/article_thumb_horizontal/indurain-villavesa2.jpg)
Casi todos los incidentes imaginables se suceden en un encierro de la villavesa lento e irreal
![Bestak-garbiketa](/media/asset_publics/resources/001/136/867/article_thumb_horizontal/bestak-garbiketa.jpg)
Dos bestazales violentamente atacadas por defender a un hombre de una agresión
![Piratak](/media/asset_publics/resources/001/137/746/article_thumb_horizontal/piratak.jpg)
‘Belak mastara eta euskara plazara’ aldarriarekin ospatuko dute Donostiako Piratek Aste Nagusia
![Atristain](/media/asset_publics/resources/001/134/948/article_thumb_horizontal/Atristain.jpg)