NAIZ

Arrakasta polita bildu du Euskaraldiaren baitan Hendaian antolaturiko mintzodromoak

Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez antolaturiko Mintzodromoak arrakasta polita bildu du. Euskaraldiaren amaiera ekitaldia gaur iluntzean iraganen da herriko gaztetxean.

Merkatuaren aretoan egin zuten, atzo, Mintzodromoa.
Merkatuaren aretoan egin zuten, atzo, Mintzodromoa. (@Bidasoaactiva)

Amaitzear dago Euskaraldia eta, eskualdez eskualde, euskara mihian izateko azken uneak markatzeko ekimenak ez dira faltan.

Irun, Hondarribia eta Hendaiako udalek Bidasoa-Txingudi Mugaz Gaindiko Partzuergoaren bitartez, eta Euskaraldiarekin bat eginik, abenduaren 1ean Merkatuaren aretoan (Halles) antolaturiko Mintzodromoak arrakasta polita bildu zuen, ehundik gora herritarren parte-hartzea bermatu zuelako.

“Bidasoan biz(h)itza. Euskararen korronteak busti zaitzala” lelopean, zehazki hiru hirietako 110 lagunek euskaraz hitz egin ahal izan zuten ekimen horren karietara Euskaraldiaz, Bidasoa eta turismoaz, ekonomiaz eta gizarteaz, kirolaz eta beste hainbat gairen inguruan.

Dinamizazio-talde batek hartu zuen parte topaketan, 4-6 pertsonako taldeak osatuz eta mahaien arteko trukeak eta elkarrizketak errazteko.

Testigantza gisa, Txema Olazabalen bideo bat proiektatu zen, eskualdeko kirolaren ordezkari gisa, eta Nerea Arriolaren bakarrizketekin gozatzeko parada ukan zuten parte-hartzaileek.

Jardunaldia amaitzeko, eta Irun eta Hondarribira itzultzeko autobusa hartu aurretik, kafe bat eskaini zitzaien kalakariei, eta bertan euskaraz hitz egiten jarraitu ahal izan zuten, giro lasaiago batean.

Amaiera ekitaldia Gaztetxean

Euskaraldiaren azken txanpan, gaur, 19.00tan pintxo-pote antolatu dute Baleak elkartean.

Ondoren aurtengo edizioaren amaiera emateko ekitaldia prestatu dute gaztetxean, bertso-saioa barne.

Azaroaren 18az geroztik mota ezberdinetako animazioak egin dituzte euskararen erabilpena sustatzeko xede Hendaian.

Hitzaldiak, antzerkia, herri bazkaria, kontzertuak, Abadia eremuaren bisita gidatuak... molde ezberdinetan hizkuntzaren erabilpenari bultzada emateko ekimen andana antolatu dituzte Euskaraldiaren baitan Txingudi badiako herrian.