Jon Ormazabal

Jon Mariezkurrenak lau urterako kontratua berritu du Baikorekin

Unai Lasoren atzetik kontraturik luzeena duen pilotaria izango da Berriozarreko atzelaria. 2026ko abenduaren 31ra arte berritu du hitzarmena.

Jon Mariezkurrenak gaur sinatu du kontratu berria Baikorekin.
Jon Mariezkurrenak gaur sinatu du kontratu berria Baikorekin. (BAIKO PILOTA)

Baiko eta Jon Mariezkurrenak gaur goizean sinatu dute Berriozarreko atzelaria Bilboko enpresarekin 2026ko abenduaren 31ra arte lotuko duen kontratu berria. «Oso pozik nago sinatutako kontratuarekin, ez da arazorik egon eta bi aldeak oso azkar iritsi gara akordio batera. Oso ilusionatua nago kontratu berri honekin eta etapa berri honekin eta ea ba lau urte hauetan pixkanaka hobetzen jarraitzen dugun. Egia da momentu oso onean harrapatu nauela kontratu berri honek, oraintxe bertan Binakako txapelketan zentratuta nago eta ea ongi doan», azaldu du nafarrak bere enpresaren web orrian eskegitako adierazpenetan.

2018ko uztailaren 13an debuta egin zuenetik gorabehera askoren bizi izan ditu Mariezkurrena II.ak, eta kontratu berri hau unerik egokienean heldu zaio, udako pilotaririk onena izan ostean eta Binakakoaren hasiera bikain bat osatzen ari denean. Epe ertainerako berme berri honekin, jardunean den txapelketa du buruan atzelari nafarrak. «Oraintxe bertan helburu nagusia Binakako txapelketa da, bete-betean sartuta gaude, oso hasiera ona  eta polita eman diogu Peña eta biok. Eta etorkizunera begira ere ea pixkanaka pixkanaka hobetzen jarraitzen dugun, urtez-urte dauzkagun gabezia horiek hobetzen ditugun eta ea gora goazen», gaineratu du. 

Lasorekin batera, luzeena

Kontratu berri honekin, Berriozarreko atzelaria izango da, Unai Lasorekin batera, Baikorekin lan hitzarmenik luzeena duen pilotaria –Bizkarreta-Garendianigoak 2027ko ekainera arte du sinatua–. Kontuan izan behar da 2020ko udan bi pilotari hauek kalean utzi zituela Bilboko enpresak, kirolariek eskaintzen zizkieten baldintzak ontzat eman ez zituztelako. Mariezkurrenaren kasuan, 2021eko ekainean, urte horretako Binakakoa Asperekin jokatu eta gero itzuli zen Baikora, grebaren amaieran akordatutakoaren baitan.

Jon Mariezkurrenak ostegun honetan bertan estreinatuko du kontratu berria, Bergaran, Peñarekin batera Laso eta Imazen aurka jokatu behar duelako Binakakoaren hirugarren jardunaldiko partida.