Alaia Sierra

Erraldoiak espaloitik desfilatzera behartu ditu Iruñeko Udaltzaingoak Txantreako jai txikietan

Txantreako jai txikiak ostiral honetan hasi dira eta txupinazoaren aurretik kalejira bat egin dute erraldoiekin. Jai batzordetik salatzen dutenez, Udaltzaingoek espaloitik desfilatzera behartu dituzte. Baldintza hori betetzea ezinezkoa dela nabarmendu dute.

Erraldoien kalejira espaloitik egin behar izan dute Txantrean.
Erraldoien kalejira espaloitik egin behar izan dute Txantrean. (Polo GARTZIA)

Txantreako jai txikien txupinazoa jaurti dute ostiral arratsalde honetan baina, aurretik egin duten kalejira batean erraldoiak errepidetik beharrean espaloitik desfilatzera behartu ditu Iruñeko Udaltzaingoak, auzoko jai batzordetik salatu dutenez.

Jai batzordeko kide den Polo Gartziak NAIZi azaldutakoaren arabera, inoiz ez dute izan arazorik erraldoien kalejirekin, gaur arte. Behin desfilea hasita zegoela, Udaltzaingoak hainbat pertsona identifikatu ditu eta kalejira espaloitik egin behar zela esan die.

Hala ere, zaila izan dela dio Gartziak, «jende asko» baitzegoen eta «ahal izan duguna egin dugu erraldoiak tarte batean biltzeko, espaloiak oso estuak baitira».

Jaiak hasi baino ez dira egin eta erraldoiak beste bi aldiz aterako dira kalera aurtengo jai txikietan. Gartziak esan duenez, espaloitik joateko agindua «bete beharko» dute. «Ez dakigu nola aterako diren edo zer gertatuko den», gaineratu du.

Iruñeko Udalak beste zenbait alditan debekatu izan du desfileak errepidetik egitea. Esate baterako, joan den otsailean Hegoalde Ikastolak inauterietan antolatutako kalejira batean galtzada erabiltzea debekatu zuen; martxoan Korrika Txikiak espaloitik egitera behartu zuen alkateak, eta duela hilabete fanfarre bat debekatu zuen.

Jai Batzordea: «Bete ezin diren baldintzak»

Navarra Sumaren eskuetan dagoen Iruñeko Udalak erraldoiak kalejiran ateratzeko baldintzak ezin direla bete nabarmendu du larunbatean Txantreako Jai Batzordeak.

«Txantrea bezalako auzo batean ezinezkoa da espaloitik joan daitezen erraldoiak eta beraiekin batera joaten diren haur, guraso eta aulkitxo andana, kontuan izanda, gainera, Txantreako espaloi gehienek metro eta erdi baino gehiago ez dutela neurtzen. Halako espaloietan ezinezkoa da lau metro baino gehiagoko irudiak ibiltzea», azaldu dute.

«Inori bururatzen al zaio Iruñeko erraldoiak espaloitik? Gure auzoak bizirik, dinamikoak eta kultur- zein jolas-jarduerekin nahi ditugu. Betetzen ezinezkoa den baimen bat ematea jarduera hori debekatzea da», gaineratu dute.