Salamancan egindako egonaldian izan zuen lehen aldiz Durangoko Azokaren berri Ishii Hisaok. «Euskal Herrira etorri bezain pronto konturatu nintzen desberdintasunez: paisaia, hizkuntza, kultura... Eta Azokan bertan harridura sortu zidan zenbat euskara entzuten nuen», adierazi dio NAIZi japoniar geografoak.
Irudi bitxia erakutsi du igande honetan Landako Guneko areto nagusiak. Izan ere, japoniar baten begietatik ikusi dugu Azoka. Keiko Suzuki Iruñea bizitoki duen japoniarra izan du lagun japoniarretik euskararako itzultzaile lanetan.
2000. hamarkadan ezagutu zuen bertatik bertara euskal kulturgintzaren plaza nagusia. Garai hartan nola Euskal Herria nazio gisa birsortzen ari zen ikertzen ari nintzen. Horrelako ikerketa egiteko ezinbestekoa zen tokiko espezialisten laguntza. Nerea Mujika ezagutu eta gero jakin nuen Gerediaga Elkarteko lehendakaria zela. Azokara gonbidatzea eskatu nion eta ordudanik ia urtero etorri naiz», kontatu du igande honetan egin duen aurkezpen ekitaldian.
Ikerketaren emaitza den maparen berri eman du gaurkoan. «2012ra arte EAEn zein Nafarroan beraien izena aldatu duten udalerriak erakusketan dizkigu. EAEren kasuan 1980ean eskuratu zuen autonomia eta laster hasi zen izen aldaketa. Nafarroan beranduago gertatu zen», gogoratu du. Nafarroan eremu euskaldunean hasi ziren, ondoren eremu mistoan eta azkenik eremu-ez euskaldunetara zabaldu zen».
Euskaldunen proportzioaren araberako –kolorez desberdinduta– beste mapa bat ere erakutsi die bertaratutakoei. Zonalde euskaldunenek eta izen toponimikoak lehenengo aldatu zituzten zonaldeek bat egiten dute. «Euskaldun baxuko herriek ez zuten aisa onartu izen aldaketa. Hala ere aurkitu zuten irtenbiderik. Hau da, euskaraz eta gaztelaniaz jartzea. Beraz horrelako ikuspegi linguistikoak euskalduntzera jo zuen bilakaera euskaldun komunitatearen biziberritzearen ondorioa da», nabarmendu du.
Ezaugarri bereziak
Durangoko Azoko nazioarteko beste liburu azokekin konparatuta ikusi du alderik. «Jai zibila da Azoka, bisitariak herritarrak dira», esan du hasteko. «Erosketak egitera bakarrik ez, sortzaileekin harremantzera etortzen dira bisitariak. Bigarren ezaugarria herritarren eta egileen arteko harremana sustatzeari lotuta dago. Beraz, Literatur Jaia ere bada», jarraitu du.
«Disko eta liburuen salmenta eta erakusketa ez ezik, kultur ekitaldi anitz ere ospatzen dira: kontzertuak, fil proiekzioak... Ondorioz, kultur jaia du hirugarren ezaugarria», adierazi du.
Tokiko jaia ere bada Hisaoren esanetan. «Bertaratzen diren gehienak bertakoak dira, euskaldunak. Liburu gehienek euskararekin ala euskal kulturarekin dute zerikusia eta ekitaldi guztiak euskaraz ospatzen dira. Euskal Kulturaren Jai Integrala da hortaz Azoka».
2018an Siadecok egindako azterketa aintzat hartuta hainbat ondorio atera ditu. «Geografikoki bisitaria nondik datorren jakitea garrantzitsua da. Azokaren eta herriadearen harremana ikertzeko. Bisitarien %98,9 Euskal Herritik etorri zen, beraz erabat tokiko jaia dela esan daiteke».
Bisitarin ezaugarri linguistikoak ere badu berezitasunik. %92,1 euskaldunak dira. Gazteen proportzio handia ere deigarria da. 35 urte baino gazteagokoak %42,2 dira eta horri 45 urte baino gazteagokoak gehituz gero, %67,8ra arte iristen da. Azokak gazteen artean ospe handiko tokiko musikarien kontzertu, autografo, sinadura ekitaldi... antolatzen ditu. Etorkizuneko gizarte-kideak, gazteak hain zuzen ere, bereganatzea lortzen du».
«Eta jendea maiz dator, zenbait egunkarik urtero liburu azokara datozenen ekintza adierazteko ‘erromesaldi’ hitza erabiltzen dute», gogoratu du.
Kultura laguntzera datoz asko Siadecoren ikerketaren arabera, «emaitza interesgarria» Hisaoren iritzian. «Erosketa egiteko edo ekitaldian parte hartzeko asmotan datozenak baino komunitate euskaldunak indartzeko asmotan datozenak gehiago dira», nabarmendu du.
Euskaldunon foruak, Gernikako juntetxea... aipatuz beste hainbat pasarte historiko gogoratu ditu aurkezpenaren amaieran geografo japoniarrak. Gerediaga Elkartearen izenaren jatorria ere azaldu die entzuleei. «Erdi Aroan Nafarroaren eta Bizkaiaren menpe egon zen baina horren aurretik forua zuenez herri batzarra antolatzeko eskubidea zuen Durangok. Hura ospatzen en tokia da Gerediaga, San Salvador ermitaren ondoan. Elizaren ondon izan behar zuen erabakiguneak eta bertako leku santua bihurtu zen Gerediaga. Politikoki leku santua den Gerediaga izena Durangaldearen autonomiaren ikurra da», gogoratu du.
Askoren ahalegina
«Euskal Herriko mota askotako jendearen eta talderen ahaleginari esker egiten da Azoka. Arrakasta lortzeko ‘ekintzaile soziala’ edo ‘enpresa sortzailea’ren premia onartu behar dugu. Azken hau ez da zehatza, Gerediaga irabazi asmorik gabeko erakundea baita. Nolanahi ere, Gerediagak ekintzaile sozialaren funtzioa betetzen duela esango nuke», adierazi du.
«Bizitokiaren eta herritarren arteko lotura estua duen Euskal Herrian bertako autonomia berreskuratzea eta euskal kultura birsortzea berezi ezinak dira. Era berean, herrialdearen birsortzea gabe, kulturaren birsortzea ere ezinezkoa» izango litzatekela ondorioztatu du geografo japoniarrak.