Amaia Ereñaga
Erredaktorea, kulturan espezializatua

Musika Plazan, ilarak eta ezusteak salmentan

Iazko frustrazioaren zantzurik ez Musika Plazan, salmentak, orokorrean, ondo joan direlako. Baina musikaren sektorea kolpatu duen krisiak –euskarriena, cd-ak ez direlako saltzen– kezkak sortzen ditu. Sinatzeko ilarak eta ezuste batzuk aurkitu ditugu. Su Ta Garrek, esaterako, markak apurtu ditu.

Gatibu taldekoak zaletu batzuekin.
Gatibu taldekoak zaletu batzuekin. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Musika Plaza izeneko gunean musika sektorea elkartu du Azokak 75. edizio honetan. Eraikinaren ate batetik, ilara luzeak egun hauetan Zeta taldeko Pello Reparazen sinaduraren eske; bestean, En Tol Sarmientorako, beste ilara luze bat. Zaletuak mugitu dira, baina zenbat erosi da?

Xabi Bastida (Su ta gar): «Ez dut gogoratzen inoiz hainbeste saldu izana»

Diskoak sinatzen harrapatu dugu eibartarra. Asko saldu al da? «Aurten pasada bat izan da –erantzuna–. Gure nobedadeak ere fuerte jo du, ez dut gogoratzen inoiz hainbeste saldu izana»

«2006tik, Azokan etortzen hasi ginenetik –gehitu du– ez dut uste sekula hainbeste saldu dugunik: 1.500 aletik gora salduko ditugu.. ez dakit non dauden irakurgailuak horiek guztiek entzuteko! Oso pozik gaude, beldur pixka bat genuen horrekin, baina harrituta gelditu gara: esaterako, normalean Ikasle Goizean egoten gara kleenexak sinatzen, eta aurten lehenengo egunean 200 eta piku cd saldu genituen. Ostegunean, ia 500. Ikaragarria!».

Aurten merchandising dezente ikusi da, imaginazioa askatu behar da krisi garaietan. Kaseteak, kamisetak, pack formatuan gustuko taldearen hainbat produktu erosteko aukera. Xabi Bastidak: «Bertako araudiak ez zuen uzten merchandising-a, eta jendeak egiten zuen nahi zuena, baina aurten artista bakoitzeko kamiseta modelo bakar bat ekar zitekeen. Guk lehenengo aldiz ekarri dugu kamiseta eta horrek ere lagundu digu pack batzuk eskaintzen eta prezioak pixka bat jaisten. Oso ondo saltzen ari gara baina, kontuan izan, normalean urte osoan zehar ez da ezer saltzen, oso gutxi. Zerbait web orrialdean, nobedadea duzunean, baina ezer gutxi».

Gaizka Salazar (Gatibu): «Esperantza genuen Azoka honek gehiago emango zuela»

«Iaz Azokako salmentekin alderatuta aurten hobeto joan da, bai, baina esperantza genuen Azoka honek gehiago emango zuela. Jendea badago, baina ez da beste urtetan egon den jendetza», dio Gatibu taldeko partaideak. «Ondo dago –argitu nahi du–, ari gara saltzen eta gu oso eskertuta gaude etortzen den jendearekin. Nik uste dut oso interesgarria eta onuragarria dela Durangora etortzea, hori argi dago, baina uste genuen pixka bat gehiago egongo zela».

Gernikarrak ‘EHdistopikala’ azken lanarekin etorri dira Durangora. Zuzenekoek ondo funtzionatzen dute, baina cd-en salmenta, hori beste kontu bat da. «Gaur egun cd bat nork erosten du? Guk zerbait ‘tuneatuta’ daukagulako, zerbait berezia daukagulako eskaintzeko, baina bestela oso zaila da disko bat saltzea. Formatuen krisia da. Urtetik urtera datu txarragoak dira; esaterako, usb-a berez hilda dago, cd-a ere hiltzen ari da... saiatu behar gara topatzen gauza erakargarriak jendeak eros ditzan».

Pello Reparaz (Zetak): «Aurten gehien saldu dugun produktua posterra izan da»

Sinatu eta sinatu, besterik ez du egin Pello Reparazek Azoka honetan. Eta pozik. «Musikaren euskarri fisikoaren inguruan zalantzak izan dira azken urteetan, eta zalantza gehiago izango dira etorkizunean, horretatik guk aurten esperimentatu nahi izan dugu, eta pieza berezi bat sortu nahi izan dugu Azokarako, ‘Zure zauria nirea da’ izeneko posterra. Kontuan izan, aurten gehien saldu dugun produktua hori izan da, CD-ak eta biniloak baino gehiago», dio.

«Osteguna niretzat egun historikoa izan da –gehitzen du–. Beste egunak oso lasaiak izan dira, berriz, esaterako larunbata ez da izan hain-hain jendetsua, bitxia da. Halere nire ikuspegia ez da oso baliagarria, goizean etorri eta gauean joaten naizen arte, burua altxatu gabe nago, sinatu eta sinatu. Ez ditut egunak desberdintzen. Eta oso eskertua nago, ederra da».

Tomas Lizarazu (Bulego): «Belaunaldi desberdinak musika partekatzen ari direla ikusten ari gara»

Beste ilara luzea aurkitu dugu Bulego taldearen stand-aren aurreran. Bitxia bada ere, familiak dira, haur txiki asko sinadura eta argazkien bila. «Harrituta gaude jarraitzaileen adinen tartea oso zabala delako. Konfinamendu garaian arratsaldez kontzertuak ematen hasi ginen eta jendea haurrekin etortzen zen. Eta gertatzen ari zaigu, helduez aparte, ume asko gerturatzen ari zaizkigula, eta ikusten ari gara belaunaldi desberdinak musika partekatzen ari direla». 

Eta nola joan zaie Azoka? «Gure lehen urtea iazkoa izan zen, murrizketez betea, eta orduan gu flipatzen ibili ginen. Berezia izan zen guretzat, baina aurtengoa sekulakoa izaten ari da. Urte osoan zehar izaten duzu barrera hori desegiten da eta iristen zaizun berotasuna erabatekoa izaten da. Azoka honek aukera ematen dizu jarraitzaileekin aurrez aurre izateko, eta beraien esperientzia jasotzeko».
 
Xan Errotabehere (Kalakan): «Ez gara hemen zenbaki handiak egiteko»

Autoekoizpenen gunean egon dira egun hauetan Kalakan taldekoek, jarraitzaileengan gertutasuna eskaintzen. «Azken urteak nahiko zailak izan dira, eta guk autoekoizpenen hautua hartu du Kalakanekin, ez garelako hemen zenbaki handiak egiteko», dio Xan Errotaberek.

«Gure lehenengo diskoak aurkitu daitezke dendatan baina azken bi urteetakoak ez, guk saltzen ditugu, gure denda online-n, garrantzitsua baita guretzat da jendeari gogoraztea musikariak garela eta musikariak oholtzatik bizi dira. Beraz, autoekoizpenak hori ahalbidetzen du: guk saltzen ditugu gure cd-ak gure kontzertuen ondoren, horrela zuzeneko kontzertuei garrantzia ematen diegu».

«Azokara etortzean gure jarraitzaileengana gerturatzen gara, zeren jende horrek badaki hemen izango garela. Aukera dute ere diskoa hemen entzuteko, tablet batean kaskoekin entzun daitekeelako; polita da kalitateko harreman hori mantentzea», dio.