Orotara hogei bat herritar atzeman zituzten uztailaren 23an igaro zen blokatze egunean. Horietatik bederatzi abenduaren 15ean, ostegunarekin, epaituko dituzte Akizen.
Bokale aldera burdinbidean etzan eta lotu ziren ekintzaileen aurka salaketa eginen du Fiskaltzak.
Zehazki, erabilpenik gabe zegoen burdinbidean sartu izana, tren zerbitzuari traba egitea eta SNCF konpainiari suziriak lapurtu izana egotziko die bederatzi auzipetuei.
SNCF, bere aldetik, kaltetu bezala aurkeztuko da auzian.
Bederatzi ekintzaileek arriskatuko luketen zigorra «isun batetik bete beharrik gabeko kartzela zigor batera» joan daitekeela laburbildu du arratsalde honetan Baionan antolaturiko agerraldian Ane-Marie Mendiboure abokatuak.
Berarekin batera, Herve Espiet eta Arantxa Ihidoi abokatuak izan dira, baita Giza Eskubideen Ligako ordezkaria den Christophe Deprez ere.
Zuzenbidearen ikuspuntutik bederatzi ekintzaileen aurka eginiko akusazioak deuseztatuko dituztela auzian azaldu dute, auzipetu guztien berehalako errugabetasuna aldarrikatuz.
Beraien aurretik hitza hartu duten Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko lehendakariak eta Jean-Daniel Elixiri bakegileak aho bilorik gabe «uztailaren 23an Ipar Euskal Herrian irudikatu zen goreneko desobedientzia ekimena zilegia izan zela» nabarmendu dute.
«Ezinbesteko egoera»
Auzipetu dituzten herritarrek «ezinbesteko egoera bati» erantzunez jardun zutela, urteetan jorraturiko legearen bideak «ez zuelako emaitzarik eman» defendatuko dute, bestalde, abokatuek.
Mendibourek zehaztu duenez, Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal «bizi arteko zigor erreala» pairatzen ari ziren, legeak baldintzapeko askatasuna eskuratzeko ezartzen dituen baldintzak aspalditik betetzen bazituzten ere fiskalak «71 urteko preso horiek» kartzelan atxikitzeko jarrera zinez hertsia agertzen zuelako.
Ezinbesteko egoera horri erantzuteko, ekintzaileek «Europako Giza Eskubideen Hitzarmenak bere 10. artikuluan arautzen duen adierazpen askatasuna» baliatu zutela gehitu du abokatuak. Era berean, 1789ko Iraultzatik frantziar Konstituzioak «jazarpenaren aurrean erresistentzia eskubidea» jasotzen duela oroitarazi du.
Frantziar legea zein europar Zuzenbidea eskutan, «ekintza beharrezkoa, baketsua eta proportzionala izan zela» defendatuko dute Akizen bederatzi euskal herritarren defentsek.
Gizarte eragileekin eginiko saretze lana
Are, «ekintza balekoa izan zen, baita ere, emaitza ona ekarri zuelako», oroitarazi du Elixirik, handik aste batzuetara Ion Kepa Parot eta Jakes Esnal kontrol judizialpean aske gelditu zirelako.
Antolatzaileek une oro blokatze eguna ahalik eta baldintza hoberenetan igaro zedin «gizarte eragile anitzekin» lan egin zutela agerian jarri nahi dute auzian.
Hala, Elixiri bera prestaketa lanari buruz mintzatuko da epailearen aurrean, eta beste bi lekukotasun ere entzunarazteko asmoa dute defentsek.
Daniel Oltzomendi Turismo arduradunak azalduko duenez, uztailaren 23ri begira Euskal Elkargoaren bidez egin zen informazio lana besteak beste turismo eragileei begira sobera trabarik ez sortzeko egin zen.
Finean, Jean-Rene Etchegaray Euskal Elkargoko lehendakariak Aieteko Adierazpenetik honat bake justu eta iraunkorra lortzeko euskal gehiengo politiko eta sozialak eginiko ibilbidean kokatuko du iragan uztailaren 23an Ipar Euskal Herrian bizi izan zen desobedientzia ekintza masiboa.