Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Euskara kulturartekotasunerako horma ez, baizik eta zubi izaten hasi da Zaldibian

Nola uztartu euskaraz bizitzeko asmo eta premia, eta bertze kulturetatik etorritako familiekin, oraindik euskaraz ez dakitenekin baina umeak euskaraz eskolatu dituztenekin, elkarbizitza eraikitzea? Zaldibian egitasmo bat dute martxan iaztik, herri osoa inplikatu da, eta emaitza onak ematen ari da.

Euskararen erabilera eta migrazioa jorratu zituzten Mondragon Unibertsitateak antolatutako jardunaldi batean, abenduaren 2an. Irudian, ezker-eskuin, Eider Amundarain, Eñaut Agirre, Zineb El Ghaouti eta Karmele Perez.
Euskararen erabilera eta migrazioa jorratu zituzten Mondragon Unibertsitateak antolatutako jardunaldi batean, abenduaren 2an. Irudian, ezker-eskuin, Eider Amundarain, Eñaut Agirre, Zineb El Ghaouti eta Karmele Perez. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Udalerri euskaldunetan euskararen erabilera eta migrazioa nola bateratu jorratzeko jardunaldia egin zuen joan den abenduaren 2an Mondragon Unibertsitateak, Eskoriatzako Huhezin. Amelia Barquin eta Karmele Perez campus honetako irakasleak dira bai ekitaldiaren eta bai bertan partekatu zuten Zaldibiako esperientziaren koordinatzaileak.

Eskolan eta herrian euskaraz bizi dira hemen, baina gero eta gehiago dira umeak euskaldunak izan arren eurak euskaldunak ez diren familiak. Nola uztartu euskaraz bizitzeko asmoa, premia, eta era berean euskaldunak ez diren familia horiekin harremana mantentzea eta elkarbizitza eraikitzea? Hitzaldiak eman zituzten kulturartekotasunaz eta euskaraz, baina une batean hala erabaki zuten: «Nahiko hausnartu dugu, goazen plan bat egitera. Huhezitik Karmele eta biok proposamen bat egin genien urtebeterako, talde eragile bat eratu zen, elkarrekin moldatu genuen plana eta aurrera eraman dugu», azaldu zion NAIZi Barquinek.

Inplikazio handia eta emaitza politak

Talde eragile horren inplikazio eta lan itzela azpimarratu zuen, baita proiektuak eman dituen emaitza politak ere. «Eskola bakarra dago Zaldibian eta nire ustez abantaila da hori: herriko ume guztiak daude, herriaren isla da, eta hor sortzen diren egoerak pentsatu eta kudeatu behar dira. Autoktonoen eta etorkinen umeak elkarrekin ez baleude eskola berean hau ez zen planteatuko, eta premia hau planteatzea oso interesgarria da euskal gizartearentzat. Bestea, umeak elkarrekin ez egotea, faltsua da. Badirudi ez dela ezer gertatzen baina gertatzen dena larriagoa da».

Talde eragilean izugarrizko akuilu lana ari da egiten Lardizabal herri eskolako zuzendaria, Eider Amundarain. Irakasle bat, Udaleko ordezkariak –normalean alkatea bera, inplikatuta erabat–, guraso elkarteko kideak, Etxekonekok elkarbizitzarako elkarteko bat, UEMAkoa eta Huheziko bi sustatzaileak ere gogotsu dabiltza bertan.

Egin dutena nagusiki izan da eskolan familiak zein egoera komunikatibotan inplikatuta dauden aztertzea eta aipatutako bi helburu horiek uztartzeko kudeatzea. Helduekin ari dira, baina oihartzunak haurrengana ere heltzen dira.

Adibidez, tutoreak gurasoekin bi bilera egin beharrean, euskaraz dakitenekin bat eta ez dakitenekin bertze bat, bilera bakarra egiten dute denekin, euskaraz, bertze hizkuntzetara aldi berean itzuliz, telegrameko kanal baten bidez.

«Bazen garaia»

Jardunaldian ederki islatu zen gogo eta inplikazio hori. Familien mahai inguruan, Zineb El Ghaouti El Gharradi, etxean arabieraz mintzo dena; Felicia Toma, errumarieraz egiten duena; eta Eñaut Agirre Goia eta Amaia Sasiain Isasi-Isasmendi euskal hiztunak bildu ziren, Lardizabal herri eskolako gurasoak guztiak.

Proiektuaren lehen bilera egin zutenean ‘bazen garaia’ erran zuen El Ghaoutik. Duela urte batzuk tabua zen berarentzat Zaldibian bizi eta eskolako bileretara joatea: «Edo joan eta ez ginen ezertaz enteratzen edo ez gindoazen. Sentsazioa nuen euskaraz ez dakigunak mehatxu ginela euskararentzat, eta horrek molestatu egiten ninduen, kontrakoa baita: jende asko dago herri ezberdinetakoa, jatorriz ez dira euskaldunak baina ondo hitz egiten dute euskaraz».

Ekimen honetan parte hartzen hasi zenean, soluzioaren parte sentitzen hasi zen.

 

Zineb El Ghaouti marokoar jatorriko zaldibiarra da. (Aritz LOIOLA/FOKU)

 

Zineb El Ghaouti: «Kontziente naiz euskara herri honen hizkuntza dela eta ikasi behar dela, baina bestalde zer egiten da ikas dezagun? Nirekin okertu ziren, politika linguistiko batzuen erruz gaztelaniaz ari naiz»

 

Agirrek ere hasiera samarretik sumatzen zuen beharra gurasoak elkarrekin gehiago komunikatzeko, nahiz eta «oso erraza zen euskalduna izanda eskolan funtzionatzea». Agertu zuenez, alaba zaharrenaren gelan «ehuneko oso txikia da guraso euskaldunak ez dituena eta ez genituen kontuan hartzen. Orain kasuak gehitzen joan dira eta denoi iritsi zaigu beharra».

Tomak ez zuen ezkutatu sentitu izan duen sufrimendua eta haserrea. «Ez zen bidezkoa: eskolako bizitzan parte hartu nahi nuen, baina ezin nuen».

«Lehenengo bilera lau ordukoa izan zen. Kaskoekin entzuten ari nintzela pentsatzen nuen ‘ez da inoiz amaituko!’, baina merezi izan du. Bada emaitza bat eta ongi sentitzen naiz, zoriontsu bileretara joan eta parte hartzeko aukera dudalako. Umeek galdetzen didatenean ‘joango zara bilerara?’, baietz erantzuten diet, pozarren».

Sasiain euskararekiko konpromisoagatik animatu zen egitasmora, eta euskaltzaletasunak kulturartekotasunera eraman zuen: «Euskara izan dadila pareta izan beharrean denon arteko zubia», aldarrikatu zuen. «Ohartu naiz badela jendea ez dagoena eroso eta ez duguna batere ondo zaindu».

«Denok jan beharko dugu zaporen bat»

«Euskarak denon beharra dauka, euskal hiztunak ez direnen jarrera positiboa ere ezinbestekoa da eta horretarako elkar zaindu behar dugu denok eduki dezagun helburu berdina. Hori lortu da, elkarri asko entzunez, elkar errespetatuz eta zainduz», nabarmendu zuen Eñaut Agirrek.

«Ondorio nahiko garbi bat atera genuen: hemen denok jan beharko dugu zaporen bat. Jarrera naturalak badakigu zein diren: bi pertsonak hizkuntza bera badakite hizkuntza horretan hitz egitea. Kasu honetan lortzen ari gara batzuetan euskaraz ulertzen dutenek erdaraz hitz egitea eta beraiei euskaraz hitz egitea. Hori naturalizatzea lortu da. Bilerak kaskoekin modu naturalean egitea ere bai».

El Ghaoutik erantsi zuenez, hori «bultzada» izan da kanpotik datorren jendearentzat. «Aitortzen nauzunez ni ere prest nago euskara eta euskal kultura ezagutzeko».

 

Felicia Toma: «Elkarri laguntzen diogu. Lehen ez ginen enteratzen merendolez ere. Beti galdetu behar nion laguntza norbaiti, molestatzen ari nintzen sentsazioa nuen: ezin naiz bakarrik moldatu? Orain lortu dugu eta askoz hobeto da».

«Lehen ez ginen enteratzen merendolez ere. Beti galdetu behar nion laguntza norbaiti eta molestatzen ari nintzen sentsazioa izaten nuen. Ezin dut bakarrik moldatu? Orain lortu dugu eta lehen baino askoz hobeto da», nabarmendu zuen Felicia Tomak.

Betirako lan bat

El Ghaoutirentzat zailena izan da eta izaten ari da ‘ez noa bilerara, dena euskaraz da eta ez dut ulertzen’ urte luzeetako dinamika hori haustea. «Jende asko doa, baina asko falta dira oraindik».

Agirreren ustez zailtasuna izanen da honi eustea ere, «betirako lan bat delako».

«Ez gu idealizatu, ez irudikatu Zaldibia perfektua», abisatu zuen Sasiainek. «Guraso batzuk egongo dira oraindik honen berri ez daukatenak. Horretan ari gara lanean».

«Maite dut euskara»

Zineb El Ghaouti El Gharradi Marokokoa da eta Zaldibian bizi da orain dela 22 urtetik. Iritsi zenean 15 urte zituen, baina ez zioten inoiz euskaraz hitz egin, gaztelaniaz baizik. «Pixka bat sufritu dut euskaraz ez jakiteagatik, eta prozesu honi esker gogoeta egin dut: kontziente naiz euskara herri honen hizkuntza dela eta ikasi behar dela, baina bestalde zer egiten da ikas dezagun? Nirekin okertu ziren, politika linguistiko batzuen erruz euskaraz bikain mintzatu behar nuena gaztelaniaz ari naiz. Dezente ulertzen dut eta aurten euskaltegian hasi naiz: lortu behar dut. Bizitzaren erdia baino gehiago daramat hemen, maite dut euskara, nire bizitzaren parte da, eta umeei erraztu nahi diet euskaraz bizitzea».

«Ze polita den hori entzutea, barruraino sartu zait ‘maite dut euskara’ hori», erran zion Amaia Sasiainek ondotik.

«Hori da hain justu lortu beharko genukeena: denok geure sentitzea. Ez hizkuntza bakarrik; kulturartekotasunean sartzen gara, ez da ‘hango’ eta ‘hemengo’, kontu horiek ahaztu behar ditugu, arazoren bat dagoenean hitz egin behar dugu, prest egon behar dugu gure lekutik pixka bat mugitzeko, hori ikasi dut», gehitu zuen Eñaut Agirrek.

 

Eñaut Agirre Goia hernaniarra da jatorriz eta Zaldibian bizi da. (Aritz LOIOLA/FOKU)

 

Eñaut Agirre: «Kulturartekotasunean sartzen gara, ez da ‘hango’ eta ‘hemengo’, kontu horiek ahaztu behar ditugu, arazoren bat dagoenean hitz egin behar dugu, prest egon behar dugu gure lekutik pixka bat mugitzeko».

 

«Ez dakizu euskaraz? Nolatan?»

Tomak argitu zuen mina sentitzen zuela ez zuelako ulertzen erraten zutena, eta ez ez zuelako euskaraz mintzatzerik nahi. «Umeek hitz egiten badute, nik ere egingo dut ahalegina ikasteko eta hemen jarraitzeko. Joan ninteke hiriren batera, hiri handi batekoa naiz eta Zaldibia gogorra egin zitzaidan hasieran, jendeak galdetzen zidan: ‘Ez dakizu euskaraz? Nolatan?’. Ez nekien nola azaldu ere. Errazenari heldu diogu, gaztelaniaz ikasi nuen nire herrian. Haurrek hiru hizkuntzak batera hitz egiten dituzte, lehenbizi euskaraz, egun osoan, etxean nirekin ordu gutxi egoten dira egunero baina nahi dut nire hizkuntza ere jakitea».

Etxean bertze hizkuntza batzuk hitz egiten dituzten familiak dira, baina bigarren ama hizkuntza euskara dute umeek.

Amaiak azaldu zuenez, sanoa da bakoitzak bere ama hizkuntza mantentzea eta hori bultzatu behar da: «Euskara bai baina norberarena ere bai».

Umeen bizipenak

Marokoar jatorriko amaren lau urte eta erdiko umea pozarren dago. «Zerbait idatzita uzten badiot euskaraz, andereñok irakurtzeko, hunkitu egiten da. Nire etxean arabieraz edo euskaraz hitz egiten dugu. Txikiak 2 urte ditu eta bien artean euskaraz egiten dute. Haiek ere interesa dute, nire interesa ikusten dutelako».

Errumaniatik etorritako Tomaren umeak helduagoak dira. «Txikitan ez zekiten ez genekiela euskaraz, eskolan hasi eta etxera zetozenean gurekin euskaraz hasten ziren eta ez genien ulertzen. ‘Hau horrela esaten da’, erakusten ziguten. Bileretan euskaraz hitz egiten zela bakarrik eta guraso askok ez genuela ulertzen azaldu genienean arraro, gaizki sentitu ziren. Eta Errumariara joan ginenean oporretan galdetu ziguten: ‘Eta hemen nola hitz egingo dugu? Euskaraz ez? Zaldibian bakarrik?’. Handitzean ulertu dute eta polita da orain. Gozatzen ari gara».

Zinebek honek haur eta gaztetxoei dilema bat izan ez dezaten laguntzen diela gaineratu zuen: «Nik euskaraz jakitea seme-alabentzat edo iloba nerabeentzat lagungarri da hau guztia eramateko, arazo bat ez izateko».

 

Amaia Sasiain: «Sanoa da bakoitzak bere ama hizkuntza mantentzea. Ahaztu egiten zaigu batzuetan. Hori bultzatu behar dugu: Euskara bai baina norberarena ere bai».

Bertako euskal hiztunak diren umeengan ere ikusten du aldaketa Eñaut Agirrek. Umeek «nire gelakoek arabieraz hitz egiten dute elkarrekin», erraten diotenean, haserre antzean, «beraien etxeko hizkuntza da, ederra da. Esaiozu hitz batzuk erakusteko», erantzuten die. «Momentu horiek aprobetxatu behar dira umeei erakusteko. Denak bat direla gero eta gehiago sentitzen dute».

«Izen ez euskalduneko lagun bat aipatzean ‘nongoa da ba?’ galdetzen genuen, baina umea hemengoa da», azpimarratu zuen Amaia Sasiainek.

Bertze bost herritan

Zaldibiaren ereduari segika, ikasturte honetan bertze bost herritan ari dira esperientzia probatzen, Leitza, Aizarnazabal, Ibarra, Ondarroa eta Zestoan.

Guraso guztiek animatu zituzten saiatzera. «Lasaitu egiten du tentso dagoen giro bat halako prozesu batean haste hutsak bakarrik, sekulako galdera pilarekin gaude, erantzunik gabe, baina aldi berean eroso», adierazi zuten Zaldibiako familiek.