NAIZ

14.000 gizonek parte hartu dute berdintasunaren alde inplikatzeko Emakunderen programan

15 urte bete ditu Emakunderen ‘Gizonduz’ programak eta, maskulinitateen inguruko kongresuan zehaztu dutenez, ibilbide osoan zehar 14.000 gizonek parte hartu dute berdintasunarekiko sentsibilizaziorako ekimen honetan.

Beatriz Artolazabal sailburua maskulinitateei buruzko Emakunderen kongresuan izan da, Gasteizen.
Beatriz Artolazabal sailburua maskulinitateei buruzko Emakunderen kongresuan izan da, Gasteizen. (Irekia)

14.000 gizonek parte hartu dute Emakunderen ‘Gizonduz’ programan, duela 15 urte sortu zenetik. Gizonek berdintasunaren alde parte hartzea eta kontzientziatzea xede duen egitasmo hau omendu dute Emakunderen maskulinitateei buruzko ‘Gizonak, maskulinitateak eta politika publikoak. Berdintasunarekiko konpromisoa’ nazioarteko kongresuan.

Ez da soilik gizonei zuzendutako programa, 2009tik 9.500 emakumek hartu baitute parte ere bai. Hauetatik guztietatik %95ek baino gehiagok uste du ikastaroak erabilgarriak izan direla bizitza pertsonalerako nahiz profesionalerako.

Gainera, Lakuako Gobernuak nabarmendu duenez, hainbat erakunderekin eta profil anitzekin jardun dira; nazioarteko erakundeekin eta Europako proiektuekin lankidetzan aritu dira eta «funtsezko erreferentea bihurtu da kontzientziaziorako, parte-hartzerako eta gizonak berdintasunaren alde inplikatzeko erakundeen lanean».

Emakundetik diotenez, programa emakumeen lanaren indargarri eta osagarri gisa sortu zen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan «berdintasunaren alde inplikatuta dauden gizonen masa kritikoa sortzeko, nagusitzen den maskulinitate tradizionala zalantzan jar dezaten eta bizimodu parekideagoaren alde egin dezaten».

Gizonen inplikazioaren garrantzia

Kongresuaren irekieran, Gasteizko Europa Jauregian, programa balioetsi dute eta Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak duela 15 urte ‘Gizonduz’ sortu eta bultzatu zutenen ekarpen «baliotsua» eskertu du. Halaber, berdintasunaren aurkako diskurtsoekin «erne» egon behar dela ohartarazi du eta «indarkeria geldiarazteko desberdintasunarekin hausten duten gizonak egotea behar-beharrezkoa dela nabarmendu du».

Iñigo Urkullu lehendakariak, bestalde, berdintasunaren balioak gizonek belaunaldiz belaunaldi transmititzearen garrantzia azpimarratu du: «Belaunaldi berriei erakutsi behar diegu badagoela gizon izateko beste modu bat, badagoela harremanak izateko beste modu bat, berdintasunean oinarrituz».