NAIZ

29 hizkuntza menperatzen dituzten bi youtuberri erronka irabazi diete, nola eta euskaraz

«Agur jaunak, jaunak agur, agur t'erdi» euskarazko esaldiarekin adineko gizonezko batek erronka irabazi die dozenaka hizkuntza menperatzen dituzten youtuber bikote bati.

Peter Alexander, Lingualizer izenez ere ezaguna, austriar youtuber bat da, eta hainbat hizkuntzatan gauzak esateko moduari buruzko bideoak egiten ditu. Egun 1,7 milioi harpidedun ditu bere kanalak YouTuben, 3 milioi pertsonatik gora jarraitzen dute Tik-Token eta 121.000k Instagramen.

Kalera irten da, beste behin, jolas erraz batekin. Beregana gerturatu eta hitz gutxi batzuk esan behar dizkio jendeak. youtuberrek pertsona hori zein hizkuntzatan ari den asmatzen ez badute, 20 euro emanen dizkiote. Gainera, Lingualizerrek laguntza du kasu honetan. Wouter Corduwener, 29 hizkuntza menperatzen dituen youtuber herbehereetarra.

Ongi hasi dira bi youtuberrak: alemaniera, hungariarra, ukraniera, katalana, poloniera eta eslobenierarekin, baina arazoak dituzte, nahiz eta gerturatu, azerbaijandar hizkuntzarekin edo Tajikistanen hitz egiten duten beste batekin.

Halako batean, gizon heldu bat gerturatu zaie: «Agur jaunak, jaunak agur, agur t'erdi» –bideoan, 6. minutuan–. Youtuber batek besteari harridura aurpegiarekin begiratu eta... ideiarik ez. 20 euroei uko eginda baina pozik doa gizona. «Hain polita izan da!» dio Lingualizerrek. 

Istorio honek, gainera, badu beste kuriositate bat. Izan ere, euskara ezagutzen ez duen Lingualizer youtuberra espainiar Estatuan bizi da, nahiz eta ez den publikoa zehazki non.

Bere lehen bideoa karaoke kantuen erreprodukzio zerrenda bat izan zen. Kasu batzuetan, gai jakin bati buruzko bideoak egin zituen hainbat hizkuntzatan, adibidez, «Kaixo» esatea 46 hizkuntza desberdinetan, eta bideo bakoitzean milioika bisita jasotzeraino. Euskararen inguruko ezjakintasun hori dagoeneko 647.000 lagunek ikusi dute.