Amagoia Mujika
Gaur8ko koordinatzailea
Entrevue
Maialen Lujanbio Zugasti
Bertsolaria

«Emakumeen presentzia txapelketaren ikurretako bat da eta ni gehien pozten nauen gauzetako bat»

Hernani, 1976. Zazpigarren txapelketa, zazpigarren finala. Euskal Herriko bi txapel jantzi ditu, 2009an eta 2017an. Iruñeko oholtzan entzungo dugu lehenengoz txapelketa honetan. Badaki zer den salto bakarrera aritzea. Badaki salto errimatu eta neurtuz interesatzen zaion sasitzan bideak irekitzen.

Maialen Lujanbio, egungo txapelduna.
Maialen Lujanbio, egungo txapelduna. (Jon Urbe | FOKU)
Beste zazpi finalistak ikusi ditugu txapelketan. Eta zortzigarrena, zu; nola zaude?

Norberari ere hori gertatzen zaio, ez dakiela oso ondo nola dagoen. Txapelketa azkenean testuinguru berezi bat da; fisikoki desberdina, estetika eta dimentsio desberdina, moketa dauka, askoz jende gehiago dago, tempo desberdina... Txapelketak beste erregistro bat eta beste bertsokera bat dauzka. Orduan, nahiz hor askotan egon izan, zaila da jakitea nola aurkituko zaren egoera hain ohiko eta era berean ezohiko horretan. Gu bitartean plazan ari gara, ohiko saioetan, oholtzan, erritmoan eta plazako kodean. Eta txapelketa beste gauza bat da. Barne mugimendu hori eta egote fisikoaren aldaketa ez dakizu sekula nolakoa izango den. Horren jakitun, saiatuko naiz ahalik eta mentalizatuen joaten.

Lehendik ere badakizu zer den finalera zuzenean pasatzea. Eskarmentua zure alde.

Hau zazpigarren finala izango bada, beste seietan denetariko egunak bizi izan ditut, denetariko sentsazioak eta aldarteak. Batzuetan oso ondo egon naiz, beste batzuetan oso gaizki, beste batzuetan erdizka eta tiraka aritu naiz... uste dut edo espero dut horrek aldarte bat emango didala eta ez zaidala berria egingo dena delakoa ere. Nire burua ezagutzen dut egoera horretan eta egoera horren aldaera desberdinetan. Espero dut eskarmentu horrek lasaitasuna ematea.

Txapelketa saio batera jokatzen duen txapeldunak derrigor jantzi behar du oskol bat. Nolakoa jantzi duzu? Zeri utzi diozu barrura pasatzen eta zeri ez?

Gehienbat oskola izan da mediatikoki -medio anitzetako iritzi, sare, podcast eta programa horiek denak- ezer ez segitzea. Hori izan da nire oskola edo nire babesa. Beti egiten dut, normalean paperezko prentsa bakarrik segitzen dut. Eta, era berean, harremanetan nago bertso eskolakoekin, saioak jarraitu ditut... Baina saiatu naiz burrunbari ez sartzen uzten.

Zein intentzio duzu finalean?

Ez daukat intentzio bat marraztua. Ez dauka zentzu handirik teorikoki zer egitera noan esplikatzeak egin baino lehen. Bertsolaritza bat-batekoa da, finaleko egoera berezia da eta ez da erraza norbere buruarekin sintonian egotea. Nik badakit zer egin nahi dudan eta ez dut hitzez esplikatuko, esplikaezina delako. Azkenean bilaketak ez dira urte batetik bestera aldatzen, ziklikoak dira. Zure bilaketa horretan bazoaz leuntzen-leuntzen, eta seguruen inguratzen zarenean beste zerbaiten bila hasten zara. Horrek markatzen ditu zikloak. Zikloak, gainera, ez dira pertsonalak, egoera soziopolitiko bati erantzuten diote. Nik uste dut horrekin sintonian doala nire bilaketa, nire nahia, nire helburua. Gero ikusiko dugu nola ateratzen den.

Pandemia baten osteko txapelketa da. Bizi dugun testuinguru soziopolitikoa ere mugitua da. Horrek markatzen du txapelketa, ezta?

Egoera soziopolitiko eta linguistikoak izugarri markatzen du beti. Gogoan hartu besterik ez daukagu gatazka bete-betean izan ditugun finalak. Beti markatzen du egoerak eta oraingoa ere egoera berezia da; pandemia ostea, sozialki, mundialki eta globalki garai mugituak... Horrek eragin behar du? Nire ustez, zalantzarik gabe. Testuinguru batean eta garai batean ari gara kantatzen. Sorkuntza aldetik, ideologikoki, politikoki oso egoera interesgarria da. Igual bizitzeko baino une interesgarriagoa da irakurketa egiteko. Badago zer esan, ea lortzen dugun esatea.

Belodromoan hasi zinen finaletan. Gero BEC ezagutu duzu eta, orain, Iruñea. Leku aldaketak eragiten du?

Niri onerako eragiten dit, sekulako ilusioa egiten dit finala Iruñean izateak. Nire motibazio handienetakoa zen aurten. Finala Iruñera eraman izanak, keinu bakar batekin, oso ondo irudikatzen du bertsogintza, bertsolaritza eta elkartea zertan ari garen. BEC bete genuen hainbat aldiz, jendea sarrerarik gabe, hurrena San Mamesen egin behar zela esaten zuten harrokeriak... Iruñera eraman izanak adierazten du gure asmoa ez dela zenbat eta gehiago hobeto, zenbat eta handiagora hobeto, ikuskizunaren parametroetan sartuta... Ez, ez goaz horretara. Zenbat eta gehiago hobeto bai, sustapen lan bat egiten ari garelako eta bertsolaritza ezagutzera ematen ari garelako. Baina zabaldu behar dugu modu errotu batean, ez bakarrik burrunba mediatikotik eta kopurutik. Zabaldu eta errotu aldi berean egin behar dugu. Maniobra honek hori adierazten du, ez goazela puztera eta puztera, Euskal Herrian bertsolaritza eta euskara sustatzera goazela, jende gutxiago kabitzen bada ere finala Iruñera eramatea apustu politikoa dela. Eta uste dut horrek oso ondo adierazten duela txapelketak suposatzen duena; ez da zaldi lasterketa bat, ez da lasterketa pertsonal bat, beste zerbait ere bada. Iruñeak gauza asko esan nahi ditu. Era berean, bertako euskalgintzari, bertsogintzari eta hainbeste lan egin duen jendeari esker ona adieraztea ere bada.

Zazpigarren finala da Lujanbiorentzat. Jon Urbe | FOKU

Zortzikote ederra. Hiru finalista berri eta hiru emakume. Bi datu garrantzitsu dira.

Bai, zalantzarik gabe. Nire baitan, nire ibilbidearen barruan eta bertsogintzaren ibilbidean, niretzat garrantzitsua zen final honek zentzua izatea. Zentzua esan nahi dut aurrerapauso bat, garapen bat, mugimendu bat adierazi zezala. Azkenean gure belaunaldia urte askotan egon da; merezita, espazio bat bete du, ibilbide bat osatu du. Baina plazetan gertatua zen aldaketa bat gauzatzeko garaia zen. Txapelketa baldin bada dena zilegi bihurtzen duena, bai maila pertsonalean eta bai kolektiboan, egoerak eskatzen zuen irudika zezala beste zerbait, irudika zezala plazarekiko fidelagoa zen erretratu bat.

Batetik, gazte belaunaldi bat sartu izanak zentzua ematen dio. Eta zalantzarik gabe, emakumeak sartu izana garrantzitsua da. Ni ez naiz emakume-gizon bereizketa horren oso aldekoa izan, hain zuzen ere emakumea sortzaile bezala aldarrikatzeko nahi batetik. Baina une honetan eztabaidaezina da, batetik, zor historiko bat badagoela eta, bestetik, justizia egingo dela plazan ikusten dugunarekiko. Bakarkako sortzaile horiek plazan egiten ari diren lana, ekartzen ari diren ikuspegiak, diskurtsoak, normalean askoz pentsamendu konplexuagoa... sekulakoa da. Finalean hala behar zuen, tokatzen zen, eta merezimendu osoz sartu dira beste bi emakume, nahiz eta gehiago ere izan zitezkeen. Esan bezala, bereizketa horren zalea izan ez naizen arren, oso esanguratsua da emakumeen presentzia, txapelketa honen ikurretako bat izan da eta ni pertsonalki gehien pozten nauen gauzetako bat da, zalantzarik gabe.

«Sekulako suertea sentitzen dut gazte horiekin harremana eta dialektika dudalako eta oso pozik nago aurtengo finalarekin»

Lehen aldiz ez zara finaleko emakume bakarra izango.

Hori da. Eta niretzat garrantzitsua da belaunaldi aldaketa. Orain zaharrenak izango gara. Aurreko agurrean esan nuen ‘behetik gora ere egiten duela transmisioaren trentzak’ eta niretzat sekulako suertea da gazte hauekin oholtzan egotea, beraiekin ikastea, beraiekin kantatzea, bertso eskolak partekatzea, beraiekin enpatia sentitzea, hurbil sentitzea... Sekulako suertea sentitzen dut gazte horiekin harremana eta dialektika dudalako eta oso pozik nago aurtengo finalarekin.

Lagunez inguratuta egin duzu bidea, baina emakume bezala bakar samar kasu askotan.

Bai. Eta diskurtso aldetik gaur egun lantzen diren gaiak, moduak, pentsaezinak ziren lehen. Igual norberak ez zituelako garatuak edo norberak garatuak izan arren, plazak ez zituelako horiek jasaten. Orduan, ez zenuen planteatu ere egiten zenbait gauzari buruz hitz egitea. Orain sekulako zabaltasuna sentitzen da, gaiak izugarri ireki dira, baita gizonezkoentzat ere, eta aberastasun ikaragarria ekarri du, dialektikoa, tematikoa, ikuspuntu aldetik... Gazteek, emakumeek batez ere, buruari buelta asko ematen dizkiote, konplexutasuna ekartzen dute eta eztabaida maila oso-oso interesgarria da uneotan. Zabaltasun hori ekarri dute eta eskerrak, espazio hori guztia irabazi baitugu jolaserako, dialektikarako, umorerako... eta hori aberasgarria da, zalantzarik gabe.

2017ko txapelketan baino zama gutxiagorekin sumatu ditugu aurtengoan emakume bertsolariak. Plazak sortzaile bezala ikusten ditu gero eta gehiago...

Badirudi ja beste bueltarik ez dagoenean, beste erremediorik ez dagoenean, hasten garela gauzak irensten. Aldaketa hau izan zitekeen duela bost urte, baina ez zen gertatu hainbat arrazoirengatik. Baina dagoeneko hain eztabaidaezina denean plazan, nola ez duzu onartuko? Eta, gainera, suerte bezala bizi beharko luke bertsozaleak. Badakigu kostatu egiten dela ahots berriak entzutea, diskurtso berriak, ez emakumeenak bakarrik, baina emakumeenak bereziki. Eta izugarria da, gainera, emakume bertsolarien artean zein proposamen eta ahots desberdinak dauden. Finalean gauden hirurok, hasteko, bakoitza planeta batekoak gara. Eta berdin bidean geratu diren beste batzuk. Eta ez emakumeak bakarrik, datozen bertsolari gazteek orokorrean oso ahots desberdinak eta interesgarriak dituzte. Orain onartzen zaio beste belaunaldi bati, tartean emakumeei, bertsogintzaren motorraren parte izatea. Plazan gertatua da ja eta txapelketak ematen duen zilegitasun horretatik, dagoeneko tokatzen zen finalean ere erretratu hori irudikatzea.