NAIZ

«Jagon Eskola Publikoa» lelodun jaia ospatuko dute Mungian heldu den ekainean

Hezkuntzan lege aldaketa sakonak egiten ari diren une batekin bat egiten du Euskal Eskola Publikoaren 30. Jaiak. «Prozesu horrek eskola publikoa sendotuz eta hedatuz amaitu behar du, euskal hezkuntza sistemaren ardatz bihur dadin», aldarrikatu dute. Mungian da hitzordua, datorren ekainaren 4an.

Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 30. edizioa aurkeztu dute, Mungian.
Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren 30. edizioa aurkeztu dute, Mungian. (Aritz LOIOLA | FOKU)

«Euskal Eskola Publikoaren Jaia ekainaren lehen igandean egiten den jarduera bat baino askoz gehiago da», nabarmendu dute aurkezpenean. «Eskolen arteko elkarlana sustatzea, sare publikoan egiten diren egitasmoak erakustea, ikastetxeen aldarrikapenak kaleratzea, familien parte hartzea eskolan bultzatzea eta hezkuntza komunitateari kalitatezko jarduerak eskaintzea ditu helburu».

Edizio biribila ospatuko dute, 30.a. Eta, inoiz baino gehiago, publikotasunaren garrantzia aldarrikatuko dute ‘Jagon Eskola Publikoa’ leloarekin. 2023ko ekainaren 4an Mungian izango den ospakizunak hezkuntzan lege aldaketa sakonak egiten ari diren une batekin bat egiten du. «Prozesu horrek eskola publikoa sendotuz eta hedatuz amaitu behar du, euskal hezkuntza sistemaren ardatz bihur dadin», defendatu dute.

Prentsaurrekoan izan dira Egoitz Regil, Mungialdeko IGE edo familien elkarteko ordezkari gisa, Alaitz Erkoreka Mungiako alkateordea, Reyes Lengaran Bizkaiko IGE-en federazioko (BIGE) koordinatzailea eta Lurdes Imaz EHIGEko koodinatzailea. Federatutako 500 IGE baino gehiagorekin, Euskal Eskola Publikoaren baitan ordezkaritza handiena duen erakundea da EHIGE.

Agerraldian parte hartu dute Mungialdeko ikastetxe publikoetako ordezkari, ikasle, familia eta zuzendaritza taldeek ere.

Ikastetxeen arteko harremana sendotzen

Jaia antolatzen ari dira, EHIGErekin batera, Mungialdeako ikastetxe guztietako guraso eta zuzendaritza taldeak. «Izan ere gure helburuetako bat eskualdeko ikastetxe publikoen arteko harremana sendotzea baita, orain eta aurrerantzean elkarrekin lan egin ahal izateko».

Eskerrik beroenak eman dizkiete Euskal Eskola Publikoaren Jaiaren babesle eta laguntzaile guztiei.

Irudiari dagokionez, Euskal Eskola Publikoa eraikitzen, babesten eta ospatzen duen familia, ikasle, irakasle eta hezkuntza komunitatea irudikatu nahi izan dute, diseinu garbi, alai eta koloretsu baten bidez. «Horretarako forma geometriko anitzak ikusten dira irudian, Euskal Eskola Publikoa osatzen duten pertsonak bezalakoak. Forma eta pertsona independenteak, baina harresi edo sare bezala antolatuta Euskal Eskola Publikoa saretu, babestu, aldarrikatu eta ospatzeko prest daudenak».

Xabat Agirre da irudiaren egilea, eskola publikoko ikaslea izandako diseinatzailea.

Espazioak eta programa

Jaiak lau gune izango ditu, ekintza ibiltariez gain: Eskola eta institutua; herriko plaza; Uriguen parkea; eta Torrebillela parkea.

Aurreko urteetan bezala, jarduerak ez dira mugatuko ekainaren 4ra. Ekainaren 3rako programa ere prestatzen ari dira, eta urtean hainbat ekintza izango dira.