Iraitz Mateo Gogorza
Entrevue
Alaia Martin Etxebeste
Bertsolaria

«Leherketa txikiak gertatzen ari dira bertsogintzan; hori ikusteko ederra da txapelketa»

Oiartzun, 1987. Hirugarren Euskal Herriko Txapelketa, lehenengo finala. Aspalditik txapelketetan eta asteburuero plazaz plaza dabilen arren, Euskal Herriko lehen finala du, eta «poza letra guztiekin» sortzen dio.

Alaia Martin, Oiartzunen.
Alaia Martin, Oiartzunen. (Jon Urbe | FOKU)

Lehen saiotik, azkenekora iritsi zara. Nola bizi izan duzu?

Txapelketa honi begira, oroitzapen politak dauzkat, eta nahiko nuke oroitzapen are ederrago batekin borobildu. Getxokoa ezustean hasi zen, zegokidan baino astebete lehenago hasi nuen txapelketa eta, egia esan, mimo handiz gogoratzen dut egun hura; bi egun lehenagotik jakin nuen kantatu beharra neukala eta nola nire burua konbentzitu behar izan nuen horixe zela aukerarik onena eta kitto. Zortea izan nuen txapelketa estreinatzeko, hasieran izaten den magia eta moztu beharreko zinta hori mozteke zegoela sentitzeko aukera hori, uste dut opari bat ere izan zela hasiera hori bizitzeko aukera.

Elizondoko oroitzapen ederra geratu zait; plazaren berotasuna aipatuko nuke hor, izugarrizko babesa sentitzen genuelako entzuleen artean, eta taldea lanerako eta ilusioz ikusten nuelako. Uste dut saio berezia izan zela eta oso beroa, niri behintzat ez zait ahaztuko egun hori. Amurriokoa beste modu batean gogoratzen dut: modu batean finalera iristeko aukera gertu ikusten nuen eta nahi nuen beste pauso bat eman aukera hori aprobetxatu ahal izateko. Saioko oroitzapen polita daukat, lanean aritu izanarena batez ere, eta bukaerako ariketan pixka bat nire buruari baimena eman eta pertsonalagotik kantatu izanarena. Niretzako txapelketa ederra izan da, berezia; kontzentrazioa, lana eta ilusioa aipatuko nituzke.

«Saiatzen gara ongi egiten eta ongi egoten, ez dadila txapelketa izan bost kilo galdu, eta begi-zuloak beste bost hilabeterako tatuatzeko garai bat»

Nola prestatu du txapelketa Alaia Martinek?

Modu askotara, uste dut bertsotarako prestatzen dudala nire burua txapelketarako baino gehiago. Egunerokoan egoteko modu bat da niretzat bertsolari izatea, ez bakarrik bizimodu bat, bertsokideen talde bat, gaurkotasuna jarraitzeko gogo eta inplikazio bat. Eta bertso eskolaren garrantzia, simulakroa egin, talde babesa, ilusioa elkarri hauspotzearena eta elkarri zauriak miazkatzearena. Baina hortik harago, bilaketa, niretzako jarrera bat da prestaketa: bilaketa eta entzuketa. Bilaketa hori, zer gehiago erantsi diezaioket nire hizkuntza honi, denon hizkuntza den bertsolaritzaren barruan, nire hizkerari zer erantsi diezaioket. Esango nuke nire prestaketa hori dela, bertso eskolaren garrantziaz gain.

Garunaz gain, aldartea nola prestatzen da?

Saiatzen gara ongi egiten eta ongi egoten, ez dadila txapelketa izan bost kilo galdu, eta begi-zuloak beste bost hilabeterako tatuatzeko garai bat. Uste dut ez dela beti lortzen eta ez dela txapelketaren iraupen osoan lortzen. Baina kontzientzia pixka bat jarriz gero hori zaindu daitekeela uste dut. Denok ez dauzkagu bizi baldintza berak, eta ez du edozeinek aukerarik atsedenerako ez dakit zenbat denbora hartzeko, eta elikadura zaintzeko, eta terapia egiteko… baliabideak behar dira horretarako ere; eta bertsolari bakoitza ere ez da abiapuntu beretik abiatzen, baina uste dut oso garrantzitsua dela gorputzaldia, eta horri begiratzea, eta gogoratzea oholtzara gure burua daramana gure gorputza dela. Bertsotan oholtza batera atera eta norbera biluzteko, askotan, behar da gorputzaldi bat zaindu. Zein den modurik egokiena ez dakit, baina bakoitzak senari segika bila dezake beretzako osasungarria eta onuragarria den bide bat.

Amatasuna, umeen unibertsoa, presente egon da zure ganbarako lanetan.

Inondik ere ez nuen pentsatuko, eta orain arte haurren tematika eta gurasotasunarena ere ez dut baliatu, eta ez nintzen konturatu hala kantatu nuela bi ganbarakoetan. Egia da nire egunerokotasunaren zati handi bat hartzen duela haur baten zaintzak eta orduan hori presenteago daukadala. Bestalde, bizimoduak uztartzeari begira, uste dut lan bakoitzak dauzkala bere ezaugarriak, bertsoak ere bereak, eta nahi denean posible dela; niri lagundu dit zentzu horretan are argiago izaten nik bertsolari izan nahi dudala, eta moduak bilatzen hori egin eta oreka bilatu ahal izateko. Baldintzak orokorrean ez dira egokiak ezertan, kontziliazioa esaten da baina asmatutako hitz bat da hori, praktikan existitzen ez dena, nire inguruan behintzat. Baina aldi berean erabaki bat, pasioa, malgutasuna eta sare bat dagoenean, posible da, eta uste dut zenbat eta gauza gehiago eta bizipen eta bizitzeko modu eta errealitate gehiago azaldu oholtzan, esparru zabalagoetara iritsiko garela, eta bizitzeko modu hau ere kantagarria dela.

Nire helburua ez da horri buruz kantatzea etengabe, eta nire bisio bital bakarra ez dut hor ikusten, baina horri ere kantatzeko zilegitasuna eman geniezaioke gure buruari, gai txikitzat hartu ditugunak ere besteak bezain txikiak eta besteak bezain handiak direlako.

Amestutako oholtza bat da Nafarroa Arenakoa?

Finalak poz handia sortzen dit, bere letra guztiekin. Jabetu nintzen, era berean, pozik egoteko momentua beti dela, baina lanerako momentua izaten jarraitzen duela. Ez dut eten handirik egin, nahiz eta arnas egun batzuk hartu, lan berari jarraitu diot, kontzentrazioari eusten saiatzen, ilusioari eusten, ilusio handia egiten didalako Iruñeko aukera horrek, eta heldu diot lanerako senez, pixka bat bisualizatuz egun hori. Oso esker oneko sentitzen naiz, eta zortedun, argazki berritu honen egituraketan presente egongo naizelako, eta biziko dudalako: Nafarroan egingo den finalak, gehiago izan zitezkeen arren, hiru emakume izango dituelako, eta belaunaldi berria ere ate joka datorrela erakusten duen txapelketa delako.

Oso saio onak osatu ditu txapelketako aurreko faseetan. Jon URBE | FOKU

Finalisten argazkia aldatu da. Nola sumatzen duzu aurtengo zortzikotea?

Aurreikusten dut talde eder bat, uste dut desberdinak garela. Segur aski aurrekoak ere izango ziren, baina barrutik begiratuta, bertsokera benetan ezberdinetako pertsonak gaudela uste dut, momentu bital eta bizitzako leku desberdinetan gaudenak, eta uste dut interesgarria izango dela. Zenbat eta bertsolari gehiago egon, orduan eta berritasun, diskurtso eta tonu berriagoak egongo dira. Azken urteetan feminismoak zein hainbat gogoeta interesgarrik bertsogintza busti dute eta hori ere islatuko dela esango nuke.

Uste dut entzuleak ere beste predisposizio bat daukala entzuteko eta ikasteko, guk elkarrengandik ikasteko daukagun bezala; geneuzkan eskema zurrun batzuk jausten ari direla uste dut. Txapelketa bezain final interesgarria izan daiteke zabalik joanez gero, eta entzulea ere aktibo baldin badoa. Uste dut bizitzeko moduko final bat izango dela, eta espero dut gogoratzeko moduko finala izango dela. Nik behintzat talde honetan fede handia daukat.

Txapelketaz harago, nola sumatzen duzu bertso plaza?

Aipatu izan da bertsolaritza barik bertsolaritzak (pluralean) esan genezakeela, bertsoa bizitzeko oso modu ezberdinak daudelako, eta zilegi bezain beharrezkoak direlako. Txapelketako markoan ezagutzen duguna, beste zirkuitu batzuetan ezagutzen duguna, bertso moldeari dagokionez, entzule motari dagokionez... Uste dut lur berrietara iristen ari dela bertsolaritza eta lehengo lur batzuetan berriz ere goldatzeko premia ere sumatu dela. Uste dut oso momentu erakargarrian daudela bertsolaritzak, eta nolabaiteko zilegitasuna hartu dutela beste bide posibleek ere.

Eta beste egiteko modu batzuk ere nabari dira, oraindik agian txapelketaren makineria motelagoa da, eta presentzia agian ez da hain zabala, baina uste dut leherketa txiki politak gertatzen ari direla bertsogintzan, eta urte ederra izan dela, txapelketa hau, leherketa horiek ikusteko. Eta datozen urteak ere jarraitzeko modukoak izango dira: badator belaunaldi bat emateko asko dakarrena, aldi berean lehengo belaunaldia ikusten dut lehengo distiraz gain beste lur batzuk ere bilatu nahian ari dela, eta gure belaunaldia ere ikusten dut bi horien artean, bila eta zeresanarekin.